Ipuinak

Balearen gantzarekin eginiko mutila

Bazen behin laguna itsasoan ito zitzaion neska inuita bat. Inuita da eskimalen benetako izena. Pena handia hartu zuen neskak, laguna ito egin zitzaiolako. Inork ezin zuen kontsolatu. Neskak huraxe maite zuen, ez zuen herriko beste mutilik maite.

Hainbeste maite zuen, ezen beste bat egitea otu zitzaion, beste bat, baina haren berdina: balearen gantza hartu, eta lagun itoaren forma eman zion.

Benetakoa zirudien gantzezko mutil hark.

—Laztan nazazu! —esan zuen balearen gantzarekin eginiko mutilak.

Eta neskaren laztanak bizia eman zion.

Txabola batera joan ziren bizitzera biak itsasbazterrean, han, Groenlandian.

Mutila arrantzan nekatuta iristen zenean, honela esaten zion:

—Laztan nazazu!

Eta neskaren laztanak suspertu egiten zuen.

Fokak ehizatzen ari zen batean ondoeza egin zitzaion mutilari: eguzkiak urtu egiten zuen. Tantaz tanta, izerdiz izerdi, gero eta txikerragoa ari zen bihurtzen.

Tantaz tanta, izerdiz izerdi.

Gantz metatxo bat iritsi zen txabolara.

Neskak ezin izan zuen laztandu. Pena handia hartu zuen.

Baina balearen beste gantz puska bat hartu eta itotako lagunaren forma eman zion ostera.

Eta eskultura amaitzen ari zela, hauxe entzun zuen:

—Laztan nazazu!

Testua: Koldo Izagirre

Ahotsa: Ramon Agirre

Ipuin honek balearen gantzez egindako mutila dakar, eta Groenlandiatik dator urtzen

Creative Commons Lizentzia