Ipuinak

Zergatik krokodiloak ez duen oiloa jaten

Afrikako ibaia da Ogoué ibaia. Hori orain denok dakigu, baina garai batean Ogoué ibaia akula, akowa, baka, bakoia, babongo eta bakuyitarrek bakarrik ezagutzen zuten. Guk pigmeoak esaten diegu akula, akowa, baka, bakoia, babongo eta bakuyitarrei, baina izen okerra da. Garai hartan, beraz, Ogoué ibaia akula, akowa, baka, bakoia, babongo eta bakuyitarrek bakarrik ezagutzen zutenean, bazen oilo bat egunero ibai ertzera azaltzen zena.

Uraren korronteak jaki puskak uzten zituen ibai ertzean, horregatik azaltzen zen han oiloa.

Baina Ogoué ibaian krokodiloa zen jaun eta jabe.

Eta krokodiloak ere gosea izaten zuen.

—Ai, neba maitea! Ez nazazula jan!

Krokodiloa harriturik geratu zen hura entzunda, eta bakean utzi zuen oiloa.

«Neba esan dit, nire arreba balitz bezala!» zioen krokodiloak bere artean.

Egun gutxi barru, oiloa azaldu zen berriro ibai ertzean.

Eta krokodiloak jauzi egin zuen Ogoué ibaiaren erditik, oiloa irensteko asmoz.

—Ai, neba maitea! Ez nazazula jan!

Eta krokodiloa, guztiz harriturik, uretan murgildu zen ostera.

«Neba esan dit, nire arreba balitz bezala!» zioen krokodiloak, «Baina oiloa lehorrean bizi da, eta ni uretan!»

Kezka harekin ezin bizirik, krokodiloak Nzambé bisitatzera joatea erabaki zuen, Nzambé baitzen akula, akowa, baka, bakoia, babongo eta bakuyitar guztien aitona jakintsua.

Bidean muskerra topatu zuen, aspaldiko laguna.

—Nora zoaz, krokodilo laguna?

—Nzambé-rengana noa, galdera bat daukat hari egiteko.

—Zer galdera? Arazoak dauzkazu?

—Oiloa jan nahi nuke, baina ahoa zabaltzen dudanean, «Ai, neba maitea! Ez nazazula jan!» esaten dit. Zergatik ote da? Ni uretan bizi naiz, eta bera lehorrean. Nola izango da nire arreba?

Orduan honela esan zion muskerrak:

—Krokodilo laguna, ez zaitezela ergela izan. Halako galdera egiten badiozu Nzambé-ri, barregarri geratuko zara. Zer ardura du oiloa lehorrean bizitzea eta zu uretan? Ahateak eta dortokak uretan bizi dira, eta arrautzak erruten dituzte, oiloak bezala. Eta krokodiloak ere ez ote ditu arrautzak erruten?

—Bai... —erantzun zion krokodiloak, lotsak gorrituta.

—Oiloa zure arreba da! —argitu zion muskerrak.

Horra zergatik krokodiloak ez duen oiloa jaten.

Testua: Koldo Izagirre

Ahotsa: Ramon Agirre

Ipuin honek oiloa jan nahi izan zuen krokodiloa dakar, eta pigmeoen lurraldetik dator igeri

Creative Commons Lizentzia