Konfuzio ezjakina
Zhou dinastiako garaian, duela bi mila eta bostehun urte, Konfuzio izeneko filosofo bat bizi zen Txinan. Garai hartan ezagutzen zen mundu osoko jakintsuena zela esaten zuten guztiek, eta errespetu handia zioten.
Iturrira zihoan batean, mutil baten ahotsa entzun zuen lehenik, gero neska batena. Eztabaida gogorrean ari ziren.
Haien parera iritsitakoan, gelditu egin zen, eta esaten zutenari adi egon zen Konfuzio jakintsua.
Eguzkia hurbilago daukagu goizean, eta urrunago eguerdian zioen mutilak.
Ez zioen neskak, urrunago dago goizean, eta hurbilago eguerdian.
Mutila ez zegoen ados.
Goizean, ageri denean, gurpil handi baten itxura du. Eguerdian plater baten antza dauka. Eta hori hala da, hurbil dagoenean handiago ikusten dugulako, eta urrun dagoenean txikiago.
Baina neskak bazeukan bestelako argudio bat:
Goizean hotza dago oraindik, baina eguerdian berotu egiten gaitu. Horrek esan nahi du goizean urrun dagoela, eta eguerdian hurbil.
Mutila isildu egin zen, pentsakor. Entzuten zegoen gizona bezain pentsakor.
Ukondoz jo zuen neska, baina ordurako neska ere ohartua zen gizona adi zegoela bien hizketari. Eta Konfuzio jakintsua zela ikusi zuten neskak eta mutilak.
Esaguzu, Konfuzio handia egin zion galde mutilak, biotako nork dauka arrazoia?
Eta Konfuziok erantzun zien ez zekiela: goizaldean eguzkia hurbil daukagula iruditzen zaigu, handia ikusten dugunez; baina eguerdian ere hurbil daukagula iruditzen zaigu, berotu egiten gaituenez.
Orduan honela esan zion neskak haserre:
Eta zu al zara munduko jakintsuena?
Testua: Koldo Izagirre
Ahotsa: Ramon Agirre