Agurea eta txoriak eta arrainak
Behin batean bazen indio txeroki bat, ehizarako eta arrantzarako indarrik ez zeukana. Zaharra zen oso.
Askotan geratzen zen bakarrik, tribukoek ehizara, arrantzara edo borrokara alde egiten zutelako, eta gose handian bizi zen.
Baratze txiki bat zeukan, eta hartatik elikatzen zen. Ahulegi zegoen ibaira jaisteko, ahulegi zegoen arkua tinkatzeko. Hil egingo zela uste zuen.
Baina gau batean, ametsetan, Manituren mezulariak heldu ziren, jendetxikia esaten zaien aztiak.
Zerbatana bat egiten irakatsi zioten, dardoak egiten irakatsi zioten, txoriak ehizatzen irakatsi zioten.
Biharamun goizean zerbatana eder bat zeukan, dardoak eta guzti, ohe ondoan.
Goiz osoa eman zuen dardoak jaurtika zerbatanarekin. Dardoak nahikoa ondo jaurtitzen zituela iruditu zitzaionean, artadi batera hurreratu zen.
Zain eta zain egon zen.
Iritsi ziren txoriak artaleak jatera, eta txeroki zaharrak zerbatanan egin zuen putz behin, bitan, askotan. Txori mordoa ehizatu zuen. Lumatu, erre, eta gorde egin zituen.
Horrela, barazkiak eta okela jan ahal izan zuen.
Apur bat indartu zenean, ibaira jaitsi zen zerbatanarekin, eta arrain mordoa arrantzatu zuen. Garbitu, erre eta gorde egin zituen.
Ez zen haserre orduan txeroki zaharra!
Hegaztia edo arraina erretzen zuenean, lurrin gozoa zabaltzen zuen inguruetan. Egun batean, lurrin hark erakarrita, gizon bat azaldu zitzaion. Agureak bere tipira gonbidatu zuen, eta bisitariak erreki mordo hura ikusi ahal izan zuen: nahi adina hegazti eta arrain. Gizonak pentsatu zuen agureak ezin izango zuela hura dena jan, hobe zela berak jatea.
Eta arrazoia zeukala pentsatuz, hil egin zuen txeroki zaharra.
Txoriak eta arrainak jateko prestatu zen.
Baina txori bat ahoratu orduko, lumak sortzen zitzaizkion: hegoak astindu, gizonaren eskutik ihes egin eta hegan alde egiten zuen zeruan gora
Eta arrain bat ahoratu orduko, ezkatak sortzen zitzaizkion: buztana astindu, gizonaren eskutik ihes egin eta labaindu egiten zen ibaian behera.
Eta horrela hil zen goseak, txoriak ehizatu eta arrainak arrantzatzen zituen agurea hil zuen gizona.
Testua: Koldo Izagirre
Ahotsa: Ramon Agirre