Abereen batzarra
Abereak batzarrean bildu ziren, lehoi zaharra hila zelako eta lehendakari berri bat izendatu behar zutelako.
Izendatu zuten, eta honela esan zuen lehendakari berriak:
Gure gizartea hobetzeko, igandeetan lan pixka bat egingo dugu.
Abere guztiek txalotu zituzten lehendakariaren hitzak. Lehendakari berria hontz zahar bat zen, jakintsua oso.
Baina guztiek ez; apoak, zapoak, ez zuen txalorik jo. Berekoia eta alferra zen izugarri:
Bai! Baita zera ere...! Igandean, nik, lo eta igeri!
Eta igandean denak abiatu ziren lan egitera, gizarte hobeago bat jasotzearren.
Baina apoak, zapoak, uretan, honela zioen:
Ergel ez besteak! Ni ez noa lanera! Ura freskoa dago, eta zeinen ederra den hementxe lo hartzea...
Horrela egin zuen zenbait igandetan, hontzak berriro batzarra deitu zuen arte.
Lagunok, denok gaude pozik egindako lanarekin, baina badago hemen gizartean bizi nahi ez duen abere bat, lagunei lagundu nahi ez dien abere bat, eta, horregatik, bota egin behar duguna, kanpora jaurti, gure gizartetik.
Marmarrean hasi ziren abere guztiak, baina apoak, zapoak, ez zuen hitzik atera.
Honela jarraitu zuen hontzak:
Ez dut abere alfer horren izena aipatuko, baina jakin ezazue berdea dela, begi irtenak dituela eta uretan bizi dela.
Orduan bai, orduan apoak, zapoak, saltoka, honela egin zuen hitz:
Hori, hori! Kanpora krokodiloa!
Testua: Koldo Izagirre
Ahotsa: Ramon Agirre