Ipuinak

Joantxo hartzakumea leize harrigarrian

Joantxo bakarrik zegoen oinazearen gazteluan. Bere bi lagunak, aizkolaria eta errotaria, ehizara joanak ziren.

Bakarrik zegoen, baina eskura zeukan burdinazko makila, ehun arroa pisatzen zuena.

Heldu zen agure zanpatzailea, aizkolaria eta errotarria hebaindu zituen hura bera.

—Zu izan al zara? —egin zion galde Joantxok.

Eta agureak, erantzun ordez, jo egin nahi izan zuen. Orduan Joantxok burdinazko bastoi hura hartu eta astindu gogor bat eman zion.

Lau puska egin eta leihotik harrika bota zuen.

Lagunak heldu zirelarik, otordua mahaian zeukaten.

Aizkolariak eta errotariak ez zuten deus erran.

—Begira ezazue leihotik —erran zien Joantxok.

Eta hantxe ikusi zuten oinazea gorputzean sartu zien agure beldurgarria lau puska eginda zegoela.

—Goazen aitzina —erran zien Joantxok—, oraino ez dugu beldurra topatu.

Joan eta joan, joan eta joan.

Leize batera iritsi ziren.

—Ikus dezagun zer dagoen hor barruan.

Joantxok saski bat egin zuen adar batzuk bihurrikatuz, eta soka bat osatu zuen liana batzuekin txirikorda luze bat eginik.

Joantxo hartzakumea saskian jarri zen bere ehun arroako makilarekin.

Aizkolariak eta errotariak sokari heldu eta saskia jaitsi zuten poliki.

Leize hondoa jo zuenean, emakume bat ikusi zuen Joantxok.

—Hamahiru ateen zaindaria naiz —erran zion emakumeak.

Joantxok hamahiru ateak porrokatu zituen burdinazko makilarekin.

Eta azken atea porrokatu zuenean, bi neska ikusi zituen, nor baino nor ederrago.

—Zer egiten duzue hemen?

—Hungariako erregearen alabak gara.

Bahituak zeuden, zortzi urte zeramatzaten leizean.

Neska haietarik batek urrezko pilota bat zeukan, eta zazpina soinekoz zeuden jantzita.

Ahizpa batek urrezko pilota eman zion

Beste ahizpak jantzi haietarik zatitxo bana moztu eta eman egin zizkion.

Joantxok neska bat jarri zuen saskian, eta tira egin zion sokari, goiko lagunek igo zezaten.

Halako neska ederra ikusi zutenean, aizkolaria eta errotaria borrokan hasi ziren, biek nahi zuten laguntzat. Baina Joantxok berriz egin zion tira sokari, eta bigarren neska igo zuten. Orduan adiskidetu egin ziren ostera aizkolaria eta errotaria.

—Ahizpa gehiago al daukazue behe horretan? —egin zieten galde neskei.

—Ez, behean Joantxo hartzakumea dago bakarrik.

Eta hori entzunik, Joantxoren lagunek hondora bota zuten soka, eta Hungariako erregearengana joan ziren neska biak lagun hartuta.

Testua: Koldo Izagirre

Ahotsa: Ramon Agirre

Ipuin honek Joantxo hartzakumea sartu zen 13 ateko leizea dakar

Creative Commons Lizentzia