Ipuinak

Joantxo hartzakumea oinazearen jauregian

Joantxo hartzakumea beldurra ezagutzera jalgi zen etxetik, eta aizkolari bat egin zuen lagun.

Joan eta joan, joan eta joan.

Errota atarian zegoen gizon bat ikusi zuten. Gizonak errotarri bat zeukan atzamarrean sartua, eraztuna balitz bezala, eta jira eta jira eragiten zion, itzulika.

Hura ikusirik, honela pentsatu zuten Joantxok eta bere lagunak:

«Mundua gu bezalakoz betea dago!»

—Nora zoazte? —galde egin zien errotariak.

—Beldurra ezagutzera! —erantzun zioten.

—Niri ere gustatuko litzaidake beldurra ezagutzea —erran zuen errotariak.

—Zatoz gurekin! —arrapostu zioten bi lagunek.

Eta han abiatu ziren hirurak munduko beldurra ezagutzera.

Gaztelu batera heldu ziren. Ez zegoen inor, baina sukaldean bazen jatekorik aski.

Armak ere bazeuden.

Zozketa egin zuten sukaldean janaria prestatzen nor geratu, bertze biak ehizara joan ahal izateko.

Aizkolariak atera zuen zotzik motzena.

Bera geratu zen sukaldari, eta Joantxo eta errotaria ehizara joan ziren.

Handik oso luzera gabe, agure zahar bat azaldu zen gazteluko atean. Zarpa zikinez jantzia zetorren, eta jaten eskatu zuen.

Aizkolariak erran zion ez zeukala ezertarako astirik, ez ziola deus ematen ahal.

Agure zaharra haserretu egin zen, eta astindu gogor bat eman zion aizkolariari. Hebainduta utzi zuen ohean.

Joantxo eta errotaria iritsi zirenean, honela esan zien aizkolariak:

—Mina daukat gorputz osoan.

—Baina zer gertatu zaizu? —egin zioten galde.

—Mina daukat gorputz osoan.

—Ez kezkatu, nik prestatuko dut bazkaria —erran zuen Joantxo hartzakumeak.

Hala egin zuen, eta hirurek jan zuten. Eta aizkolaria sendatu egin zen.

Biharamunean zotz egin zuten nor geratuko zen sukaldari, bertze biak ehizara joan ahal izateko.

Eta errotariak atera zuen zotzik motzena.

Ehizan ari zirela, honela erran zion aizkolariak Joantxori:

—Goazen gaztelura.

Heldu zirelarik, errotaria ohean zegoen.

—Mina daukat gorputz osoan.

Hurrengo egunean Joantxo hartzakumea izan zen sukaldari geratu zena. Sukaldari eta pentsalari, gaztelu hartan bai baitzebilen misterioren bat.

Pentsatu eta pentsatu, oinazea nola menderatu.

Testua: Koldo Izagirre

Ahotsa: Ramon Agirre

Ipuin honek Joantxo hartzakumearen bisita dakar oinazearen gazteluan

Creative Commons Lizentzia