Pako Aristi
kazetaritza
Erein, 2007
BELTZAREN DUINTASUNA
Latino kafetegi zaharrean nago, ukalondoa mostradorean. Urteek euren gizatasunezko igurtzia eman dioten egur ilunkara hau izugarri gustatzen zait. Ehun urtetan hemen egon izango ziren gizakien zerrendan sartuta, bakean sentitzen naiz.
Zer-pentsa nago, zer-suma. Gizon beltz bat sartu da, ohi duten isiltasunarekin, eta haren begirada zorrotza niregana dator zuzen-zuzenean, espazioa janez. Aurrean geratu eta eskuetan dakartzan txipli-txaplak eskaini dizkit.
Aurpegi noblea dauka gizonak, ilea txuritzen hasia, masail leunak, kokots indartsua; konfiantza eskaintzen duen aurpegia da. Eta pentsatu dut: seguru gizon hau bere herrian bazela norbait, seguru errespetatua zela, seguru jendeak aholkuak, mesedeak eta laguntza eskatzen dizkion horietakoa zela, orain gurean katxibatxeen saltzaile koitadu bihurtu aurretik, salmenta klandestinoen mafiaren morroi, beste hamar kideekin zapaldu beharko duen etxebizitza zikinera iritsi aurretik.
Etorkinak orain modan jarri zaizkigu: literaturan, haurrentzako ipuinetan, zutabeetan, erreportaietan eta beste edonon gure leku literarioa eman diegu. Kantak eskaintzen dizkiegu, sub-kontseilaritza bat ere bai, hilero jasotzen dituzten gure arropa zaharrekin batera.
Bi sentimenduk zeharkatzen dote gure gizartearen bihotza etorkinen aurrean: errukiak batetik, erdeinuak bestetik. Erruki hori kristaua da apur bat, ezkertiarra beste biska bat, benetakoa beste askotan; begiak zabaldurik begiratzen diegu. Erdeinuak denak delinkuente moduan ikustera garamatza; ez diegu aurpegira begiratzen.
Ez diot ezer erosi, eta taberna iragan duenean nire ondoan eseri da atseden bila. Zerbait hartzera gonbidatu dut, eta pozik onartu du, aurpegia argituta. Kafesne bat atera dio barmanak. Ona dagoen keinua egin du, eta gero hitzik esan gabe geratu gara elkarren ondoan, elkar begiratu gabe. Galde niezaiokeen haren etniaz, haren lurraldeaz, bidaiaren gogorraz; edo berak nire lanaz, nire familiaz, nire bidaia gozoez. Baina ez. Onartu egin dut, bat gehiago bezala Latino kafetegi zaharrean. Berak onartu egin nau, ezer salduko ez dion norbait bezala. Ez zait miresgarri, ni ere ez berari, antza.
Bukatu duenean bi metxero oparitu dizkit. Ezetz diot. Berak hartzeko. Jaso duenaren eman nahia. Kafesnea baino garestiagoak direla diot, baina hartu egin dizkiot. Zera esan du:
—Inork ez nau gonbidatu gaurdaino. Niretzat gauza handia da!