Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Plazer bat izan duk, Benito!

Pako Aristi

elkarrizketa

Elkar, 2012

 

ORRI BAT, MILA PRINTZA

 

        Egin dituen diskoak dira Benitoren denbora, haren bizitzako urteak disko batetik bestera doazen urtaroak dira. Ernesto Sabatok dioenez, bi denbora bizi ditugu denok: denbora kronologikoa eta denbora existentziala. Kronologikoa berdina da denontzat, baina existentziala partikularra da bakoitzarentzat. Kronologikoak urteko data aseptikoak bereganatzen ditu, hezkuntzak eta erlijioek ezarri dizkiguten iniziazio eta helduaroko erritu konbentzionalen sorta; baina denbora existentziala bete edo hondoratu ziren ametsez beterik dago, desio berriak ezagutzera eman zizkiguten bizipenez, tristura eta urradura sakoneko leize hegaldatuen ikuskizun bortitzez, edo agian atzerriratu gintuzten trenetako komunetan negar egin genuen gau luzeetako saminez.

        Krishnamurti zenbat urterekin ezagutu zuen galdetu genionean berehala kokatu zuen unea bere denbora existentzialean: «Oker ez banago Altabizkar diskotik Gaueko ele isilen baladak-era bitartean izan zen». Hau da, 1980tik 85era bitartean. Astrologo batek oparitu zion liburua, eta hasiera batean ez zion kasu askorik egin.

 

        Baina egun batean ireki banuen, ireki nuen: Bi aste eman nituen lehen orritik pasa gabe. Zerbaitek ez zidan aurrera joaten uzten. Ni oso lurralde abonatua nintzen Krishnamurtirentzako, horregatik harrapatu ninduen. Ni momentu hartan esponja bat nintzen. Hartu nuen lehen orria eta zerbait adierazten ari zitzaidan adierazi gabe. Niregan zerbait bueltak ematen hasi zen. Lerro bakoitzari erantzuten hasi nintzen. Esaten zuena begiratzen, aztertzen, elkarrizketan.

        Eta Krishnamurtik esaten zidan: Bakarrik hago. Aurrena ikara izan nuen, bakardadeari ikara izaten ohitu baikara. Handik hamabost egunera, orri hartatik pasa ezinda nengoela, konturatu nintzen horixe zela handitasuna. Bakarrik egotearen handitasuna ulertu nuenean orria pasa nuen. Izan ere, ordura arte ni beti okupatua egon nintzen, eta okupatzen ninduen horrek sortzen zizkidan promesa guztiak, baina baita beldur guztiak ere.

        Laugarren orrian nindoala Olatzi deitu nion telefonoz, eta esan nion: «Nik despreziatu nion liburu hau astrologoari, baina hasi naiz tonto-tonto irakurtzen, eta hau oso determinantea izango da nire bizitzan». Nik Krishnamurtiri zer zor diot? Ni martxan jarri izana, baina modu erabakigarrian. Zeren kuriosoa da geroztik zenbat gauza dauzkadan garbi nire eguneroko gimnasia mental horren bitartez, Krishnamurtik aipatu ere egiten ez dituenak. Hark gimnasia egiten erakutsi zidan, ez berak egindako gimnasiaren ondorioak buruz ikasten. Ispilu bat izan zen niretzat, baina ispiluan, azken batean, zeure burua ikusten duzu. Aspaldiko urte hauetan ez dut irakurri ere egin Krishnamurtirik, baina hark nire izaeran zerbait oinarrizkoa egin zuen. Orri bat izan zen dena, lehenengoa, hori aski izan zitzaidan.Ondorengo orri guztiak berdintsuak egin zitzaizkidan.

 

        Sufiek diote: «Ikaslea jasotzeko prest dagoenean, orduan agertzen da maisua». Ikaslea, maisua... gure gizartean karikatura egiten dugu figura hauei buruz, ikasle esanekoa irudikatuz, maisu zorrotz eta zurruna, baina bizitzan gauzak ez dira horrela gertatzen. Askotan ohartu gabe ikasten ditugu gauzak, eta maisua gutxien uste dugun pertsona hori izan daiteke, senide bat, lankide bat, ume bat, amona bat. Ikasten ditugu gauzak, edo tupust egiten dugu esanahi berriekin, eta gure egoak ukatzen dituelako galtzen dugu betirako haien igurtzi aberasgarria.

        Bizitzan aurrera egiten laguntzen duten gauzak ikasteko bi baldintza bete behar dira: bat, ikasteko prest egon, beharra sentitu, alegia, umildadea, une askotan dena badakigula azpimarratzen digun harrokeria suntsitzen duen hori; eta bi, zeure baitan lekua edukitzea datorrena jaso ahal izateko. Horretarako hustu egin beharko duzu, eman dizkizuten printzipio etiko, moral, dogmatiko eta era guztietako pautak albora utziz, bestela horiek berak aski lirateke datorrena ukatzeko, mezu berriak oztopatzeko, garunaren eta kontzientziaren arnasberritzea paralizatzeko.

        Benitok ere egin behar izan zuen garbiketa ariketa zorrotz bat. Krishnamurti ezagutu baino askoz lehenago agur esan zion Jesus izeneko bati, eta haren izeneko Jainko krudel, bihozgabe eta desorekatzaileari. «Ni baino elizkoiagorik ez zegoen Orion» kontatzen du.

        21 urte inguru zeuzkan, eta elizatik atera gabe ibiltzen zen. Egunero mezatara joaten zen, eguneroko jauna hartzera. Igande batzuetan bi meza entzuten zituen. Eta hori nahikoa ez balitz, hilean behin «Adoración nocturna» deitzen zena izaten zuten: gau osoan egoten ziren eliztarrak otoitzean, bakoitza ordubeteko txandan. Bolada mistiko bat ere igaro zuen Ama Birjinarekin.

 

        Umetan, pelikula batean ikusi nuen nola Bernadetteri Lourdesko Ama Birjina azaldu zitzaion, eta udaberriko eguraldi eguzkitsutan leku berezi batzuetara joaten nintzen xerka, belaunikatzen nintzen eta Ama Birjina azaltzea nahi nuen. Horrelako debozioak nituen.

 

        Halere, Jainkoa eta enparauak oso figura pisutsuak zitzaizkion, astunak, kategoria handikoak, baina gau batean dena aldatu zen Benitoren baitan, plis-plas kendu zituen gogotik denak batera eta betirako. Adoración Nocturna-ko bijilia bat egokitu zitzaion goizeko hiruretatik laurak arte. Elizako erreklinatorioan jarrita zeuden lau gizon, Benito tartean. Eukaristia bistan zeukaten, eta liburu bat eskuan otoitz egiteko. Mila aldiz entzundako hitzak ziren, baina momentu hartan, bat-batean, gauza askorekin konturatzen hasi zen Benito. Eztanda berezi bat sentitu zuen barruan.

 

        Hitz haiek inoiz egin ez zidaten efektu bat egiten hasi zitzaizkidan, oso ezkorra eta bortitza. Ez ziren hitz errukitsu eta jakintsuak, ez behintzat amodioa den batengandik etorri litezkeenak. Ni gurtzen nuen Jainkoa baino hobea nintzela sentitzen hasi nintzen. Nola da posible, adibidez, infernu bat asmatzea nerbio sistema duen zerbaitentzat,jakinda segundo batean behatza erretzeak zer min eragiten duen?

 

        Bazen liburu hartan testu bat irakurtzen zutena: «Oh Señor, detén tu brazo de justicia, que si bajaras reducirías todo a la nada».

 

        Gau hartan egundoko biolentzia sumatu nuen testu horretan. Gainera, lotzen nuen bekatuarekin, San Nikolas jaietan titi bat ukitu nuelako, pentsatzen nuen «orain hilko banintz sutan emango nuke eternitate osoa»: Konturatu nintzen zein suntsikorra den Jainkoa.

 

        Eta desafio egin zion Jainkoari, jaisteko bai, ederrak hartuko zituela eta.

 

        Ez dakit nola egin nuen hori, baina ulertu nuen ez niola kontra egin behar, ez nuela borrokatu behar, ez zela ezer egin behar, bere kasa erortzen utzi baizik.

 

        Gogora etorri zitzaizkion une hartan entzun zituen astakeria erlijioso guztiak, hala nola misioetan kontatzen zieten neska batekin haragizko bukatua egin zuen mutil haren kasua, bihotzekoak jota hil zena eta geroztik infernura kondenatua zegoena.

 

        Zuk kondenatuko al zenuke norbait infernura, sua den mingarriarekin, eternitate osorako? Munduan den nire etsairik handiena ekarri eta esango balidate «egin nahi duana honi», seguru nago poxpolo bat piztu eta bere behatz muturrera gerturatu eta «Ai!» esan baino lehen erretiratuko nukeela. Nola da posible norbaitek horrelako sufrimendu bat diseinatzea, haren bidetik ez bazoaz oinaze horretara kondenatuko zaituena? Eukaristiara begira jarri eta denetik deitu nion Jainkoari.

 

        Bijilia hartatik irten zenean dena aldatu egin zela sentitu zuen Benitok. Hori gertatu aurretik, eta gero ere, Salón Parroquialean egoten ziren, eta leku hori ere ezberdina zela iruditzen zitzaion. Dena bilakatu zen ezberdin haren inguruan. Begirada aldatu zitzaion.

 

        Dena itsusia bilatzen nuen. Ez nuen inguruan kidetasunik aurkitzen jende harekin, jadanik ni ez nengoen gauza hartan.

 

        Halere, goizeko seietako mezatara joan zen, eta etxeratutakoan, lo oso sakon egin zuen arratsaldeko ordu biak arte. Bazkaltzera jaiki eta etxean komentatu zuen ez zela gehiago elizara joango.

 

        Etxean denak aztoratu ziren. Nik banekien niretzako hura bukatua zela, benetako ulermen bat izan zela. Hark ez ninduen elikatzen, ez zidan bizitzen laguntzen. Nik askozaz bizitza aberatsagoa eta duinagoa egin nezakeen handik kanpo. Aldaketa horrekin hasi nintzen garaiko beste mito batzuk, jendearentzat oso errespetagarriak zirenak, baztertzen, lagatzen. Batek esaten zuen moduan, «Hay que ser libre hasta de Dios». Jainkoak ez badu interesik ni harengandik libre izateko, zer jainkotasun demostratuko luke? Infernua diseinatzen duen Jainko batetik aparte egon behar da, Jainko hori arriskutsua delako. Eta gauza hauen asmakizunetan ibili diren teologoei esango nieke ez diotela batere zerbitzu onik egin Jainkoari, oso perfil mediokrea atera diotela.

 

        Handik gutxira kantatzen hasi zen, eta urtebetera edo Ez Dok Amairun sartu zen.

Geroztik, onartezina egiten zaio Benitori bizitzeko erregelak ematen dituen jendea, gu berez ekipatuta ez bageunde bezala.

 

        Elizarekin moztu nuenetik zer naiz ni: gaiztoagoa, okerragoa? Ni orduan gauza bat nintzen, eta orain beste bat. Ez naiz orduan baino gaiztoagoa. Alderantziz, esango nuke humanoagoa naizela, gauza asko hobeto dakizkidala sentitzen orain. Arindu egin da nire bizitza. Ez daukat zorrik inorekin. Zorrak edukitzea txarra da gero. Arindu hori hartzen duzunean zure adimena zorrotzagoa bihurtzen da. Lehen besteek nahi zutena ikusten zenuen. Orain zure begiek ikusten dutena soilik, zuzenki. Nagusi zara, zeure buruaren jabe. Jakintsua izatea ez da informatuta egotea. Hori erudizioa da. Jakintsu izatea zeure barruarekin jakinduria horren berri zuzena izatea da.

 

        «Ez inor imitatu, ezta Jesus ere. Berak ez zuen inor imitatu» dio Anthony de Mello jesuitak, paradoxikoa dirudien esaldian. Deitoratzen ditu baita ere espiritualitate ezberdinak, esanez espiritualtasuna bat dela, eta bakoitzak bere modu pertsonalean bizi behar duela, geure espirituaren bidez soilik, espiritu horri leial izanez aurkitu baitaiteke. Espiritualtasuna bizi egin behar da, bizitua izan behar du, ez ikasia, ez da besteen hitzak jarraituz eta irudiak gurtuz lortzen. Horrela lortzen den bakarra da egiaren formula, ez egia bera.

 

        Gizaki bakoitzak du ahalmena bere buruarekin ikusi behar duena ikusteko, konturatu behar duenaz konturatzeko, eta hori ez da transferiblea, berak bakarrik egin dezakeen lan bat baizik.

 

        Sinismen eta doktrina batekin hausten duenak arriskua izaten du beste batean hartzeko, alegia, programazio bat ezabatu beste batean erortzeko. Beti programatua egon behar hori beldurrak sortzen du, begirada itsutu, borondatea ahuldu eta defentsa mekanismoak gotortzen dituen beldurra, askatasunari beldurra, norbere buruaren jabe izateari beldurra, horrek dakartzan ardurak hartzeko izuikara. Beti programazio baten mendean egon denak arauak jaso baititu, garbi agindu baitiote zer den ona eta zer txarra, zer egin behar duen eta zer ez. Baina kristau izateari utzi eta budista bihurtzen denak ere inertzia berean jarraituko du, bere buruaz urrun, beti besteen arauak betetzen, ikono batzuk kendu eta beste batzuk miresten. Erlijioen arteko zertzelada txiki batzuen aldaketa sumatuko du, budismoa ez baita kristautasuna bezain krudela, inperialista eta expansiboa, baina programa bat kendu eta haren ordez beste bat kokatzeak ez du konpontzen gizakiak bere askatasun propioarekin daukan gabeziaren auzia.

 

        Ez da ezer ikasi behar, desikasi egin behar da. Ni seguru nago, ez dut zalantzarik, jakinduria gure baitan dagoela.Tapoiarekin itxita, ordea. Batek konturatu behar du zerk galarazten dion jakinduria hori aurkitzea. Niri ez dit balio, adibidez, Ebanjelioko Jesus delako horrek esaten duenean «elkar maitatu behar duzue». Ni hasten banaiz urkoa maitatzen agindu didatelako, malo, amodioa ez delako ahalegin kontu bat, izate kontu bat baizik. Zaren hori agertzen duzu, eta konfliktorik ez dagoenean maitasuna gara. Ez duzu kontabilizatzen zenbat maite duzun bar. Noiz ez dugu maitatzen elkar? Konflikto bat dagoenean. Orduan aztertu beharko dugu konflikto hori zerez egina dagoen. Ebanjelioko maisu horrek esan balu zerk ez digun maitasuna izaten uzten, jakintsuagoa zela pentsatuko nuen.

 

        Benitoren gogoetak Benitorenak dira. Bere gogoetak erakustea baino nahigo du, ordea, bakoitzaki bere gogoeta eta hausnarketa propioen beharra sentiaraztea. Guk hala sumatu dugu elkarrekin egon garen oren guzti hauetan. Barruan senti dezala bakoitzak azkura bat, egarri baten zantzua, zirrara baten aztarna, izaten erakutsi digutena baino sakonagoak, zorrotzagoak, handiagoak eta zabalagoak garela transmitituko lukeen uhin baten ikara, barruan hazten dena, beldurrak suntsitzen dituena eta azkenik zeure mugagabetasunaren muinera zaramatzana, unibertsoarekin bat egingo zaituen ibaiertz eder baten aurrera.