Pako Aristi
kazetaritza
Txalaparta, 2000
BOTEREA GORDETZEN DUTEN HORMAK
—Nahi al duzu musikatxo hau itzaltzea? —galdetu dit Alejandro Andrade Sekretariako Ministrordeak bere bulegora sartu orduko. Venezuelako gobernukideek merengearekin egiten dute lan.
Mirafloresen nago. Ni ez naiz inoiz Moncloan edota Ajuria Enean izan, baina kosta zait hemen sartzea. Itxoiten nagoela langileen manifestazio bat iritsi da Mirafloresera, pankartekin eta musikarekin. Kanpoan daude, hesiaren bestaldean. Denbora gutxira gobernuko arduradun batek hesia ireki eta hiruzpalau ordezkari sartu dira, eta eraikin eder galanten erdian dagoen pasealekuan aurrera doaz denak. Norbaitek hartuko ditu bere despatxoan. Zita zeukan hau baino azkarrago sartu dira bat-batean oihuka iritsitako haiek.
Gara egunkariaren urtekaria daramat, inprentatik atera berria. Andrade jaunari emango diot liburua, berak Chavezi eman diezaion. Gara-ren urtekaria jasotzen duen munduko lehenengo mandataria izango da horrela.
Harreraleku bat dago sarreran. Han, ni bezala joanda, jendea dago itxoiten, tarteka ur botila erraldoi batetik plastikozko basoetan tragoak eginez. Soldadu gazteak daude mostradore atzean, eta hormaren kontra eserita, atsedenean, Bolivarren ejerzitoetako jantziekin lau soldadu, pertsonaia ospetsu edo bereziren bat iristen bada ohore egiteko. Nirekin ez dute lanik. Argazkia atera nahi diet baina ezin da; han barruan ezin da ezer argazkiratu. Goitik beheraino arakatu naute, eta grabagailua eta argazki makina eraman dizkidate aztertzeko.
Ordubete ondoren pasatzen utzi didate. Ehun bat metro joan eta klaustro moduko batera iritsi naiz, ederra benetan. Handik egongela handi eta lustroso batera. Hor jendea dago itxoiten, ni bezala. Hormetan argazkiak, margoak, monumentuak, eta piano zahar bat. Zerbitzari bat dator ea zer nahi dudan galdezka, kafea edo guaiaba zukua. Eta laster Andrade jaunaren gelara naramate. Hara iritsi dira nire grabagailua eta argazki kamara, dena aztertu beharra zeukatela eta barkamenak eskatuz. Halere, gelatik kanpo argazkiak ateratzea debekatua dut. Nork daki ni CIAko mertzenarioren bat ez ote naizen? Edo CIAk mertzenario bilakatu duen kazetari saldua?
Alejandro Andrade tenientea da, eta O-4ko kolpean parte hartu zuen. Balaz zauritu zuten hanka batean, zazpi hilabete eman zituen ospitalean, 70 egun atxilotua egon zen, eta azkenean libre utzi zuten.
—Miraflores jauregia hartu behar zuen ofizial taldekoa nintzen. Helburu militarrak zehazterakoan, nik banekien Miraflores garrantzitsua zela, eta hona etortzea nire konpromezua sakona eta benetakoa zeta frogatzea zen, hura ez zen jolas bat. Kide batzuk besteak baino konprometituagoak zeuden, horregatik eskatu nuen nik Miraflores.
Orduan ez ziren hurbildu ere egin, baina gaur egunero sartzen da Mirafloresera, kaletarrez jantzita eta umore onean. Gizon zintzoa dirudi Andradek, borondate handikoa, oso idealista, eta agian kristauegia dagoen lekurako. Bere jardunean etengabe botatzen du hermano hitza, konplizitatea sortu nahian edo.
—Ni konbentzituta nago —dio berak— prozesu honen barruan ekarpen asko egin diezazkiodala nazioari. Baina O-4a desmitifikatu behar dugu. Egun garrantzitsua da, baina ezin gintezke horri lotuta gelditu. Kanpoan gizarte bat dago, herri bat dago aldaketa eske, eta egun bati lotuta geratzea herri horri garrantzia kentzea litzateke. Nik dei bat egin nahi nioke herriari, prozesuan parte har dezan, hemen, presidenteaz landa, borroka politikoetatik haruntzago herriak ulertu eta bultzatu behar duen prozesu bat baitago martxan.
Prozesu hori zer den zehazteko eskatu diot, munduari azaltzeko.
—Nik aldaketa hau nazionalista dela esango nuke, gure nortasuna galdu genuen egoera batetik baikatoz, gure balore nazionalak, autoktonoak, dirua, galdu egin ziren, ustelkeriak eta lapurretak hil zituen nazio bateko biztanleek herriaren alde lana egiteko eta herria maitatzeko behar dituzten sentimenduak. Gure autoestima jasotzeko unea da, Venezuelak herrialde hobea izan behar duela sinesteko itxaropenaren ordua. Horregatik eskatzen diot jendeari prozesuan sartzeko, presidentea baino haruntzago doan bide bat delako. Munduari eman nahi niokeen mezua da bagaudela hemen aldaketak bultzatu nahi ditugun venezuelarrak, eta ez duguna komunista edo kastrista deitura merezi.
Oso minduta daude Venezuelako agintariak atzerriko hedabideek ematen duten irudiarekin. —Lehenagoko agintariek izan dituzte 40 urte haien modeloa ezartzeko, eta zer nazio egin dute? Txiroak hamarretik zortzi diren herri bat, arazoei erantzunik emateko ahalmenik ez duen herria, lan zorra 13.000 milioi dolarretaraino eraman duena. Hori da gure herentzia. Orain zein ikuspuntu moraletik kritikatu behar gaituzte? Nik uste dut Venezuelan eragina duten atzerriko nazioetara iristen den informazioa manipulatua dagoela, ez da benetakoa, Chavezen aurkakoa da oso. Erabakiak, ordea, guk hartzen ditugu.
Andradek ez du esan nahi iraultza ezkertiar bat egiten ari direnik.
—Politika gizakoia da gurea. Begira, ni kristau protestantea naiz, orain, ni ez noa eliza katolikoarekin, nik sinesten dudan jainkoa ez dago tenplu batean sartua, nik jainko bizi batengan sinesten dut, eguneroko bizitzan bakoitzaren bihotzean bizirik dagoena, hori da gizatasuna, eta klaseen arteko halako ezberdintasunik izango ez duen herri bat desiratzea gizakoia da, jendearengan sinestea ez da sozialistatzat har daitekeen ezer, ez da kastrista. Nola kritikatu liteke miseria gorrian baztertuta dagoen %80ari lagundu nahi dion agintari bat? Hori ondo bizi den %20ak bakarrik egiten du, eta horiek dira hedabideen jabeak.
Ea boterean zer sentitzen duen jakin nahi dut, berak uste bezalakoa ote den dena, postua galtzeko izua barneratu ote zaion...
—Nire pentsamendua eta nire jarrera beti berdina izan da, nik beti lagundu nahi izan dut, besteen zerbitzura egon, eta hemen, nagoen lekuan, ni igualtsu sentitzen naiz, ez dut aldaketarik ikusten nire lanean, bat gehiago naiz, eta horrek ondo sentiarazten nau. Bide bakarra dagoela ulertzen duzu. Hau iraultza sakona da, ez da karro bat lortzeko egin duguna. Iraultzak aldaketa sakonak eragiteko burutzen dira. Zer uste duzu, postu honengatik nengoela ni O-4ko gau hartan hiltzeko prest? Pobre askoa izango nintzateke hori pentsatuko banu. Ni hiltzeko prest banengoen nire herria aldatu nahi nuelako zen. Hori da nik hilobira eramango dudan aberastasunik handiena. Nik nire seme-alabei utziko diedan ondarea, karroak, ikasketak, etxeak eta horietatik landa, morala da, haiek ulertzea ideiak izan zituen aita bat eduki zutela, herriaren gizon bat zeta, aldaketak bilatu zituena. Kapitala ez da banketxeetan dagoena, ez; kapitala bizitza zintzoa eramatea da, lagun onak edukitzea.
Dagoeneko bi aldiz aipatu du Andradek presidentea baino haruntzago, urrunago joan daitekeen bidea dela Venezuelan abiatu dena. Zalantzan jartzen ari ote da Chavezen figura? Galdetu diot ba.
—Gauza bat esango dizut, nik eskua sutan jarriko dut presidentearengatik. Gizon horrek askotan bere patrikan ez darama dirurik, gauza materialetan erabat eskuzabala da, karroen markak eta ez dakizki, bera prozesu honi erabat emana dago, eta nik horrelako jendearengan sinesten dut. Gizon garbia dela uste dut. Orain, gaur egungo errealitatean integratzen ez diren gizon horietakoa da, arrarotzat daukate denek, extralurtarra balitz bezala. Bere kargua dela eta negoziorik egiten ez duen presidentea arrarotzat hartzen da Venezuelan. Begira noraino iritsi garen. Lapurretan egiten ez duena xelebretzat hartzera iritsi gara!
Noraino ote daude eurak ustelkeriaren tentaziotik salbu?
—Ustelkeria hain dago hedatua Venezuelan, non presidente baten lehendabiziko lana oinarrizko lan juridiko bat egitea den, legezko egitura bat edukitzea ustelkeria kasuak ikertuak eta epaituak izango direla bermatuko duena. Orain, ustelkeria jendearen buruan ere badago. Zer egin horren aurrean? Hasteko, tresnak sortu behar dituzu jendeak gutxienez beldurra senti dezan, eta kontrol horrekin segi bukaeraraino. Denon ongizatea lortu behar dugu, denontzat lana, osasuna, segurtasuna kalean, beti ere nik nere karguarekin nire ingurukoentzako sor ditzakedan ondasunak baino haratago begiratu behar dugu, horretarako gauza ez bagara...
Gauza bat gobernuaren asmoak dira, eta bestea jendeak, herriak asmo horiek bereganatzea edo alboratzea. Arrisku hori nola ikusten du Andradek?
—Nik uste funtsean herria jakintsua izaten dela. Ezjakina edo analfabetoa izan liteke, baina badu berezko jakinduria sakon bat. Gaur egun Venezuelan inoiz inongo gobernu batek bultzatu ez dituen aldaketak ari dira ematen, eta aldaketa horiek Chavezi esker egin dira, eta herriak hori badaki, herriak badaki zein norabide daramaten aldaketa horiek. Chavezek asko hitz egiten duela diote bere etsaiek, baina hitz egin behar da, gizona, jendeari azaldu egin behar zaio nora iritsi nahi dugun, bestela hedabideen esku geratzen da informazio guztia, hedabide horien propaganda ilunak nahastu egiten du jendea. Horregatik gauzak azaldu egin behar dira. Horri esker, jendeak badaki, oso ondo, nora goazen.
Venezuela, historikoki, herrialde .eredugarria izan da atzerriko errefuxiatu politikoekin, eta orain arte beti errespetatu izan du euskal errefuxiatuen egoera, paperak berritu gabe dauden arren. Honetaz galdetu diot, amaitzeko, Andraderi.
—Hobeto enteratu behar dut arazo horretaz, batzuen gorabeherak badakizkit baina. Nik giza eskubideetan sinesten dut, jendearengan sinesten dut. Hemen urte asko daramatzan jende bat dago, jende horren egoerak azterketa bat merezi du, ezin da besterik gabe jendea kanporatu, ulertu behar da haien egoera zein den. Askok hamabost edo hogei urte daramatzate hemen, horiek errespetatu beharra dago. Inork ezin du etorri bat-batean jende hori erreklamatzera.
Bukaeran Gara-ren urtekaria eman diot, eta orduan berak egin dit elkarrizketa niri Euskal Herriari buruz. Bihar dauka bilera Chavezekin, eta hantxe emango dio. Hau da idatzi diodan eskaintza: Al Ciudadano Presidente de la Republica Bolivariana de Venezuela Hugo Chavez Frias, este anuario que recoge el palpitar y el sentir de un pueblo hermano, el pueblo vasco.