Pako Aristi
kazetaritza
Kriselu, 1994
ARRAZOI SENTIMENTALAK ZIRELA MEDIO
Duela hamarren bat urte, jatetxe batetik bi marikoi arrazoi komertzialak zirela medio bidali egin zituztela kontatu zigun olerkari batek, enigmaz betetako Etiopia liburu hartan. Ni jatetxeetan ondo hartzen naute institutuan Etikako irakasleak propina utzi behar dela erakutsi zigunetik baina erotu bai edo ezean doazkit egun hauek arrazoi sentimentalak direla medio.
Leioako Unibertsitatera heldu nintzen pasa zen astean, Galiziako ene lagun mina han matrikulatzekotan. Ikasketen trasladu eskaera luzatu zidaten, interesatuaren datuez betetzeko, eta trasladuaren arrazoia galdetu, oso garrantzitsua baita datu hori, numerus clausus egoteagatik (ikasle kopuru mugatua) kasik arrazoi horren arabera erabakitzen baitute nor onartu eta nor ez.
—Arrazoi sentimentalengatik dator hona!—erantzun nuen inuzent.
Algara bizian hasi ziren kristaletik haruntza lanean ari ziren hiru emakumeak. Nik, lotsaturik, ingurura begiratu nuen. Ez zegoen beste inor, Jainkoari edo dena delakoari eskerrak. Lekukorik gabeko burla erdizka gelditzen da beti, basurdea inork ikusten ez duenean ehiztariaren prestigioa jaitsi egiten den modura.
Hala ere ez zidaten oso aurpegi gozoa sumatuko, barkamen eske hasi baitziren ondoren.
—Guri ere gustatuko litzaiguke arrazoi sentimentalengatik aldegitea! —esan zuen batek ameskor.
—Kontua da —esplikatu zidan serioenak— arrazoi hori ez dela agertzen trasladu inpresoan.
Orduan betebeharreko orria aztertu nuen. Ohizko izen-abizen eta helbidearen ondoren ALDAKETAREN ZERGATIAK adierazten zuen errekuadroa zetorren, honako lau arrazoi hauen artean aukera egiteko: bizileku aldaketa; norbere barrutian ikasketa horiek existitzen ez direlako; Euskal Herriko Unibertsitate barruan ikasketak aldatzea; azterketa deialdiak agortu direlako.
Iruditu zitzaidan BIZILEKU ALDAKETA zela jatorrizko arrazoitik hurbilen zegoena, baina aldaketa hori frogatzeko zera eskatzen zuten: hemen lana duela dioen kontraturen bat, gurasoak hona datozela frogatzea, aurreko urtetik hemen enpadronatua egotea, edo bestela iraila baino lehenago ezkontzea eta famili liburua erakustea.
Eta nik (guk) ez daukat lau horietako paper bat bera ere, eta gutxiago azken aukera (ezkontzarena) burutzeko asmorik. Azkenik eskaera osatuta entregatu egin nuen, aukera handirik ez dagoela esan bazidaten ere.
Beti esan izan da, arrazoiz, burokrazia inbentu inpertsonal eta gizabakoa dela, baina ez nuen uste sentimendua, emozioak eta odola hain gotor astindu eta zehatz aprobetxatzen diren herrialde batean, horren indar gutxi izango zutenik bihotzeko arrazoiek. Maitasunak ez du ezertarako balio leku «serioetan», baina gure burokraziaren bihozgabekeria ez da bere kasa sortu den perretxikoa. Arauak jende jakin batek jartzen ditu, eta beste guztiok ez gara, azken batean, gizarteak jolasketarako erabiltzen dituen kalkoak baino.
Galizian egon naizela aipatzen dudanean hala esaten didate gure herrian ere, «Zer, lanen bat sortu zitzaian edo?». Lana edo oporrak dira, antza, beste herrialderen batera joateko motibu bakarrak, eta Leioako Unibertsitatekoa ikusi ondoren ez noa ez, gehiago, arrazoi sentimentalengatik joaten naizela esatera. Paradoxa ederra izango da azkenean, arrazoi sentimentalak direla medio norbaitekin bizi izan nahi eta arrazoi sentimental berberengatik ezin ahal izatea.