Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Bezperan entregatu nituenak

Pako Aristi

kazetaritza

Elkar, 1988

 

AMODIOZKO GUTUNAK

 

        Jadanik ez da amodiozko gutunik idazten, eta bestelakoak ere gutxi. Telefonoak asasinatu egin ditu amodiozko gutunak. Lehen, ni gaztea nintzenean, gutunen bidez egiten ziren adiskidantzak, gutunen bidez ematen zenuen ezagutzera zeure burua, gutunen bidez egiten ziren ezkontza proposamenak eta gutunen bidez lortzen ziren entxufeak soldaduskan. Gutunetan bidaiatzen zuten berri on eta txarrek, gutunak lotzen zituen emigranteak beren sorterrira. Eta batez ere amodioa lantzen zen gutunetan, gutunetan hasten zen maitasuna, edo gutun batez amaitzen zen nobiazgo luze bat. Gaur egun telefonoz egiten dira harreman guztiak. Horregatik, maitasunezko gutunak idaztea sujerentea izan daiteke, arraroa delako, eta maitasunezko gutunekin ligatu daiteke, gutunak sorpresa kutxak bezalakoak direlako. Jendea liluratu egiten da romantizismo apur baten aurrean, horretara ohitua ez dagoelako. Gutunetako poesia hori gainera promesa eternoetatik nahiko hurbil dago, eta oso gutxi dira maitasun eternoaren promesa bati ezetz esateko ausardia dutenak. Ikasi dezagun bada itxurazko amodio gutun bat idazten.

        1. Hasteko zerbait orijinala jarri, betiko kaixo edo zer moduz topikoen ordez. Adibidez «Gosaria ona al zegoen, Helena?» jarri daiteke.

        2. Segidan, lehenengo esaldian zerbait goxoa jarri behar da, bere interesa haseratik zure eskuetan gelditu dadin. Adibidez: «Lanbroa goiz sartu da gaur herrian eta zure oroipena ekarri dit mendietan behera».

        3. Ondoren zerbait zurea kontatu, zerbait korrientea, presio emozionala gogorregia gertatu ez dadin. Adibidez: «Larunbatean folk jaialdi batean izan ginen, oso ondo. Bihar tronpeta jotzen ikasten hasi behar dut».

        4. Oso ondo goaz. Baina berak zerbait gehiago espero du zure gutun horretaz. Ez da notizi soil batzuekin konformatzen, eta azkar irakurtzen jarraitzen du zure konfesio beroaren bila. Zuk, sufritu arazteko, amaierarako gorde duzu konfesioa. Hori kontuz egin beharrekoa da. Romantizismo askorekin baina zerbaitetan zehaztuz.

        Adibidez: «Tronpeta ikasi nahi dut gero itsasertz batean aurkitzen garenean kanta goxoak jotzeko, denak zuretzat. Tronpeta ameslariak joko ditu gure maitasunaren akordeak». Ondoren gehiago zehaztu behar da: «Eta gure gorputzen melodia horren kontrapuntua izango da». Esaldi hauek oso poliki irakurriko ditu, seguru, azpian gordetzen duten esanahi guztia argitu nahian. Baina ez diozu dena konkretaturik utzi behar. Berari utzi aukera bat. Adibidez: «Gustatuko litzaidake berriro zu ikustea. Esadazu ea nahi al duzun, edo posible den. Horrela bada, zeuk esan non eta noiz». Eta azken-azkenik zure asmoen aurrerapen bat. Adibidez: «Badakizu, gutuna oso gauza hotza da, maitasuna bero mantendu behar da, bestela loreak neguan bezala, hil egiten da».

        5. Amaitzeko musu bat, beti musu bat. Gutunetan entzerraturik doazen musuek urte asko irauten dute bizirik. Adibidez: «Musu bat, Helena, zure gutunaren zain gelditzen naizen bitartean. Eta barkatu nere letra txarra. Eskolan oso maisu txarra eduki nuen». Farrez geldituko da, zein sinpatikoa zaren pentsatuz eta non eta nola zitatuko zareten erabakitzen.