Pako Aristi
kronika
Erein, 1985
KRISEILU TTIKI BAT: MICHEL LABEGUERIE
Bidaiaren estreinako eguna lainotsua atera da. Mendiak ganduak jaten ditu. Badaezpada guardasola. Parranda gutxiago egiteko esaten diot Leonard-i, begi zuloak egiten ari zaizkiola eta. Ez dit ezer erantzun, argazki makinaren karretea segurtatzen ari baita. Amaitzen duenean, Volswagena martxan jartzen du eta semaforoaren ondoko kartelean Irun-Francia bilatzen dugu. Ezkerrera. Ia ehun kilometro Uztaritzera ailegatzeko, eta bitartean, euskal kantagintzaren gauean murgilduko gara. Michel Labeguerieren kriseilu ttipia aurkitu arte gau luze bat baita kantagintzaren historia.
Frankismoak pertsianak itxi zituen eta ilunpean gelditu zen Espainia, nahiz Euskal Herria. Longa noite de pedra deitzen da Galizian gerra ondorena. Victor Claudin-ek, bere Canción de autor en España liburuan honela deskribatzen ditu urte horiek:
Si en los años veinte nos imaginamos, tal vez no del todo acertadamente, a nuestros abuelos o padres bailando alegres chotis, en los años cuarenta España era un país donde no se cantaba, viviéndose tan sólo la división entre vencedores y vencidos. Un pasado sistematicamente enterrado, aplastado, inexistente, que dejaba su lugar a la unipersonal, exclusiva, dogmática visión caprichosa del mundo que implantó la dictadura del viejo general.
Berrogeigarren hamarkadan frankismoak ateak ixten ditu, orduan gerran ari ziren nazioengandik aldendu egiten da eta itxitura horrek urte asko iraungo du. Frankismoak Espainia konkistatu du armen bidez, eta horren ondoren propaganda, kultura, prentsa, erlijioaren bidez bereganatuko ditu jendearen kontzientziak, eta hori lortzen ez duenean, protestak, kontrako jarrerak isilaraztea izango da helburua. Kalean, edo zinean, edo eskolan himnoa entzuten denean, derrigorrezkoa da zutik jartzea, besoa altxatzea eta agurra egitea.
En los años cuarenta la radio, la enseñanza, los cantantes callejeros y rurales, la prensa, la literatura de consumo se aprestaron a despolitizar la conciencia social.
Manuel Vazquez Montalbanen hitzak dira. Armen bidez lortu zena, kultura deskontzientziazio baten bidez baieztatu behar zen. Testigantza hauek horren sintomak dira.
Espainia mailan egoera hain hutsala bada, Euskal Herrira etorririk egoera tristea, negargarria, esteiaria da. Asfixia politikoaren ondorioak dira. Frankismoaren zapalketak bi bide hartu zituen. Bata, gerra galdu zutenen aurka, bestea estatuko minorien aurka, hizkuntza desberdinen aurka, kultura aparta zuten herrien kontra, eta Euskal Herriak biak pairatu zituen, gerran galtzaile suertatzeaz at kultura eta hizkuntza bereziaren jabe zelako. Honela gogoratzen ditu Mikel Laboak urte horiek:
Garai hartako giroa ez zen oso aberatsa. Kalean eskua altxa egin behar zen desfilea zegoenean. Hable usted cristiano eta gauza hauek oso ezagunak ziren. Oso zaila zen euskara entzutea. Amak telefonoz hitz egiten zuen Lekeitioko lagunekin eta telefonistak erderaz egiteko esaten zion. Donostiako parte zaharrean bizi ginen eta jendeak gauero soziedadera afaltzera joateko ohitura zeukan, tabernak ere oso berandu ixten ziren eta kaleetan euskal kantak entzuten ziren, Boga Boga eta holakoak.
Euskarak atzerakada handia jasaten du. Gizartearen alor guztietatik desagertu egiten da, familia eta lagunartera baztertuz. Mikel Laboak berak ere galdu egiten du.
Zazpi urtera arte euskaraz bakarrik hitz egiten nuen, eta hortik aurrera euskara galtzen hasten naiz, familia askotan gertatu da. Debekatua zegoen bai kalean, bai eskoletan, baina nik uste etxean ere badagoela errua. Amak dena euskaraz egiten zuen eta aita batzutan erderara pasatzen zen. Hiriburuetan gertatu zen hori, herri txikietan ez. Ailegatu zen momentu bat, aitak esaten ziguna, bueno, euskaraz egiten baduzue bost pezeta, garai hartan asko zen, baina isilik egoten ginen.
Irratiak ere gaur egunean xelebreak eta parregarriak iruditzen zaizkigun gauza franko ematen zuen, baina orduan ez zen bromarik. Urte haietako kronika bat:
En Torrejón de Ardoz se procede a la exhumación de los cadáveres de las víctimas del terror rojo y del ateísmo soviético inmoladas barbaramente por pelotones de asesinos y asalariados de Moscu. La elocuencia del documento fotográfico permite darnos una dolorosa pero necesaria y aleccionadora idea de cuales eran los ideales y los procederes de los intelectuales y otras cuadrillas del llamado Frente Popular
Uda guztietan kanta bat «exitoa» izaten zen eta horiek irratietan, jaietan, toki guztietan entzuten ziren. 1946an adibidez, «La vaca lechera» izan zen sariduna. Laboak gogoratzen ditu garai hartako kanta batzuek. Hona horietako baten letra:
Adios amigas mías, me voy a retirar,
esperate un poquito que vamos a jugar.
Por hoy me es imposible, ¿pues qué tienes que hacer?,
lo que mi buena madre se sirva disponer,
me ha dicho que en mi casa he de estar a las seis,
y el motivo las niñas no han de saber cuál es,
a casa me voy al punto que es mi obligación,
adios amigas mías, adios, adios, adios.
Antonio Machin asko entzuten zen, eta maitasun kanta horterak erabat.
Tengo que hacer un rosario
con tus dientes de marfil,
para que pueda besarlo
cuando esté lejos de tí.
Luis Mariano, Antonio Molina edo Antonio Maya kantari famatuak dira. Horien doinuak leunak, sarkorrak dira, eta kantatzeko grazi pixka bat edukitzea nahikoa zitzaien bazter guztietan azaltzeko. Luis Marianok ahots ona zeukan baina ez zeukan eskrupulorik eta edozer gauza abesten zuen. Antonio Machinen ahotsa kurtsia zen, baina kubano maitagarria zen eta maiteminduek dantza egiten zuten, negar egiten zuten «No quiero arrepentirme después, de lo que pudo haber sido y no fue» abesten zuenean.
Laboak kanta bat gogoratzen du farrez:
Al ikuilu ya no vuelve mi buen astua no vuelve no,
ya no brinca de poxa cuando cabeza tocar alguno,
arrayua suerte txarra con tripako miña poner me hizo,
bihotzeko asto gaxua, malkos tiraba cuando murió.
Y ahora hace dos años juxtu juxtuak ayer cumplió,
que las tripako miñas al pobre burro le agarró,
con una arrantza fuerte una noche me despertó,
bihotzeko asto gaxua, malkos tiraba cuando murió.
Frankismoak ondoko ezaugarri hauek dauzka:
— Minorien hizkuntza eta kultura zapaltzen du.
— Hutsune politikoa maila guztietan.
— Kanpoko ideologia, mugimendu eta kulturgintzari bizkarra emanda bizi da.
— Ideologia bakarra ezartzen du gizartean.
— Belaunaldi gazteak esnatzen ari dira, kontzientziazio bide makal batetan abiatzen dira, intuitiboki askotan.
— Musika mailan, Fernando Gonzalez Lucinik deitzen duen nacional-flamenquismo ezartzen da. Munduarentzat Espainia guztian flamenkoa egiten da.
1959an kanta berria sortzen da Espainian, oraindik lotsati. Europarekiko harremanak hedatzen doaz eta kanpotik gauzak ailegatzen hasten dira, modak, kantak, etab. Disko industria ere zabaltzen hasten da, eta hau garrantzitsua da, Angel Casasen ahotan:
El disco, que comenzaba como lacayo técnico al servicio de músicos y cantantes, al servicio del arte sonoro en definitiva, acabaría por imponer su ley industrial y comercial erigiéndose en auténtico protagonista del tinglado de la música. Por su culpa, compositores y directores modificarían su obra y se someterían a la económica esclavitud. Por su culpa los cantantes cambiarían su estilo o traicionarían sus propias ideas.
1957-59 urteetakoak dira unibertsitate mailako lehen manifestazioak, turismoko boom-ak anitz turista erakartzen du Espainiara, 1958an greba gogorrak ematen dira Asturias, Katalunia eta Euskal Herrian, seiscientos-arekin autoak gehiengoaren eskutan jartzen dira, TVE inauguratzen da eta diskaetxe berriak sortzen dira: Fonogram, Hispavox, Belter, Vergara, Discophon. Garaiko joerarekin hautsi eta lehen kanta desberdinak egiten dituztenak Duo Dinamico eta Jose Guardiola dira. Duo Dinamicok musika inglesa moldatzen zuen erderara, eta garai hartan berria izan zen bolero eta musika motelekin hautsi eta rockaren antzeko erritmoak erabiltzen hasten dira. «Jose Guardiola, el Frank Sinatra español» irakurri zitekeen garaiko karteletan. Inglesez, frantsesez edo italianoz abesten ziren exitoak katalanez eta erderaz ematen hasten da Guardiola, 1957an katalanez, hango «nova cancó» sortu baino lehenago.
1960an irratiak Bob Dylanen kantak jartzen hasten dira, 1963an Beatles-ak sortzen dira eta txima luzeak eta kitarra elektrikoak modan jartzen dira. Duo Dinamico Espainia mailan, Johnny Holliday Frantzian, Tommy Steel Inglaterran, Adriano Celentano Italian, Raimon Katalunian edo Michel Labeguerie eta Lurdes Iriondo Euskal Herrian, guztiak kanta berriaren hasera dira, bakoitzaren kalitatea bere herriko egoeran kokatu behar delarik.
Kanta berriak hiru eragin nagusi bereganatuko ditu, nahiz Espainia edo Euskal Herriaren mailan, hiru musika korronte sartuko dira, genienik kanta berria sortzen ari zen zirkulu txiki eta gazteetan, hiru musika mota horien umea izango da kanta berria:
— Kanta frantsesa, gerra ondoren sortu zen kanta frantsesa (Brassens, Leo Ferre, Ferrat edo Jacques Brel).
— Iparrameriketako folka (Bob Dylan, Peter Seeger edo Joan Baez).
— Hegoameriketako kanta berria eta konprometitua (Atahualpa Yupanqui, Violeta Parra, Victor Jara).
Euskal kantari askorengan nabariak dira eragin hauek.
Disko industriaren aurrerakadak kantaren zentzua aldatuko du. Kantua produktu bat bihurtzen da, kontsumogai beharrezko bat. 1930-40. urteetan zinea izan zen gizarteko fenomenorik garrantzitsu eta ezagunena, gero telebista, eta gaur egun diskoak bide hori darama. Fiebre del sabado noche diskotik 32 miloi saldu dira. 1979an Enrique y Ana-k disko bat atera zuten, eta Hispavox diskaetxeak 24 miloi bota zituen publizitatean. Sei hilabetetarako 300 miloi irabazi zituzten. Dinamika hau noski kanta komertzialari atxiki behar zaio, baina honek zera erakusten du: kantak garai bateko espresio eta komunikazio bidea izateari utzi diola, beste guztiak ezabatzen dituen helburu bat finkatuz, hau da, ahalik eta disko gehien saltzea.
Kanta Berrien mugimendua espontaneoki sortzen da gehienetan eta bakarkako lanaren ondorioz. Komertziotik kanpo doa bere bidea. Kanta Berriak joera etiko eta estetiko berri bat dakar eta bi esparru lantzen ditu: batetik folklorea berpizten du, eta bestetik egungo kanta herrikoiak egiten ditu. Kantaria gizarte berri baten ametsa da jendearentzat, eta kantak esperantzari hitz berriak asmatzea besterik ez du egin.
Euskal Herrian 1964an sortzen da Kanta Berria, baina 1960an hasten da pertsiana irekitzen, eguzkiak eguna zeharkatzen duen moteltasunarekin bada ere. 59an Txillardegik Leturiaren egunkari ezkutua argitaratzen du, lehen nobela existentzialista.
1960an ETA sortzen da, ikastolak ere martxan hasten dira, Gabriel Arestik Maldan Behera argitaratzen du 59an eta Herri eta Herri 1964an, 1963an Quousque Tandem kaleratzen du Oteizak. Musikalki zegoen tradizio bakarra kantutegiak ziren, R. M. de Azkue eta Aita Donostiarenak. Nemesio Etxanizek 1951an atera zuen Kanta Kantari kantu bilduma. Charles Bordesek egina zuen ikerketa bat euskal kanta zaharrei buruzkoa, Parisen 1899an argitaratua. Besteak beste, W. Webster, R. Gallop eta Ph. Veyrin-ek famatu izan dute gure kantutegia. Donostian Koro Easok kontzertuak ematen ditu, eta euskaltzaleak joaten dira kontzertu horietara. Kanta zaharrak abesten zituzten. Schola Cantorum-ek Juan Urteagarekin Estampas de Navidad, Estampas de la Pasión eta horrelakoak ematen zituen, «oso ezaguna, eta atsegingarriak» dio Laboak. Kiliki dantza taldea antolatu zen, «Oso talde ona zen, Eresoinkako jende asko zegoen».
—Zer zen Eresoinka, Mikel?
—Bestaldean osatu zen talde bat, errefuxiatuekin. Dantza eta koroa zen. Parisen egon ziren, chateau batean entsaioak egiten, eta hortik emanaldiak ematera joaten ziren. Koroa oso ona zen, gero Koro Easora joan ziren batzuk, Luis Mariano ere Eresoinkan ibili zen. Euskal Gobernuaren babesean ibiltzen ziren eta Inglaterran, Belgikan ibili ziren. Fama hartu zuten. Zuzendaria Gabriel Olaizola izan zen. Joxe Miguel Saseta, nire koinatua, Saseta komandantearen anaia, hor ibili zen.
Ikastolak sortzen dira. Nemesio Etxanizen Kanta-kantari garrantzitsua da. Letek Garaia aldizkarian idatzi zuen idazlan batetan, dimentsio zabala ematen zion Etxanizen lanari. Kantutegia argitaratu zuenean, ez zuen lan kreatibo horrek merezi zuen atentzio eta abegirik jaso.
Baina —Gorka Knorren hitzak— horren lana ez zen alferrikakoa gertatu, handik urte batzutara beste batzuk hartu baitzioten segida haren ideiari.
P. Navarrek bere Essor ou déclin de la Chanson Basque? liburuan argitzen du zein zen Etxanizen helburua:
Stimuler poétes et compositeurs basques pour un urgent travail créateur.
Kanpotik zetorren musika exotikoa eta erritmo gogorrekoaren aurrean, Etxanizek euskara eta ohitura zaharren serietate eta sakontasunaren alde egiten du apustua. Halere Etxaniz baztertua egon zen, bidegabekeria handia por zierto, Ez Dok Amairukoek eta ondorengo kantariek onartu eta bere kalitatearen maila goian zegoela garbi utzi zuten arte. Kantariek berreskuratu dute kantagile hau. Halere gure kantu zaharrak ez zaizkio nahiko iruditzen Etxanizi, berak erakutsi nahi duena da euskara kantu modernoetan ondo egokitzen dela. Detxepare berpiztua dugu Etxaniz. Gure kantu zaharrak gaztetu nahi ditu, gaur egunerako egokiagoak diren hitzak asmatuz. Testu erotiko onak eskatzen ditu, nahiz sortuak edo ezkutuan daudenak argitara ekarriz, «ez gaitezen moralistegiak edo euskaldunistegiak izan» dio Etxanizek. Kantu zahar eta berriak, erritmo klasiko eta exotikoak nahasten ditu bere kantutegian. Adibideak: Ana, hauxen da lana pasodoblea da, Maitearen ilobi gañean habanera bat, Ez niñan uste tangoa, Iru alaba ditut iru rumba, eta Oi Loreti, aingeru txuri Schubert-en Sérénade doinuarekin egina dago. Ondoren etorriko zen Euskal Kanta Berriaren oinarriak jarri zituen Etxanizek 1951n bere kantutegiarekin.
Ez dakit Michel Labegueriek eta Nemesio Etxanizek elkar ezagutu zuten, baina Manex Pagolaren ustez Etxanizek izan du eragina Labeguerierengan.
Labegueriek hartu ditu Laffiterengandik influentzia asko —esaten digu Baionako Museé Basquen—, eta niri Laffitek eman zidan liburu bat, Kanta kantari, eta seguru naiz liburu horrek influentzia eduki duela Labeguerierengan.
[...]