Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Oherako hitzak

Pako Aristi

poesia

Erein, 1998

 

LOVE

 

        Baina nola ahantz, gertatuko balitz, agian bere bizitzako maitasun istoriorik zoragarrienaren gisan gogora lezakeena? Aukera horretan pentsatze soilak areagotu egin dio egoneza, eta arnasketa oztopatzen dion ikara batek hartu dio barrena. Zergatik larritu orain? Ez al zegoen edozein unetan gerta zitekeen egoera honetarako prestatua? Baietz este zuen, baina neskaren atzeko paisaia begiratze aldera istant batez berriro neska ikusi duenean, bere ezpain gozoak eta (neskak ere begiratu egin baitio zeharka) begi goibel itxurakoak ederretsi dituenean, ezetz sentitu du. Neskak ageri duen lasaitasuna eta harremanari hasiera emateko eskaintza dirudien bere eserkerak sentipen kontrajarriak sortu baitizkio; urtuko litzateke haren besoetan, baina burua galdu beharko luke eta bere bidaiaren helburua deuseztu, bere bidaiaren helburua kontrajarria baita neskak eskain liezaiokeen aukerarekin: urte askotako bere andregaia bisitatzera doa.

        Plastikozko poltsa baten zarramazkak hautsi dizkio pentsamenduak; neska patata frijituak jaten hasi dela ikusteko doi begiratu dio berriro, baina ezin izan dio espontaneoki ezer esan, ez baitu, ezta segundo laurden batez ere, neska ahazterik lortu. Eta ez baitio neskari zerbaitetarako aukera (patatak eskaintzekoa edo) eman ziezaiokeen denboraz eutsi bere begiradari.

        Amerikarra edo dateke neska. Bere azalaren gurina ez da inguru hauetakoa. Leuntasunez laztandu beharrekoa dirudi, azkazalaren ukiturik herabeenak ere ebaki lezakeena. Baina agian neskaren itxurak adierazten duen fintasunik ez dauka haren izaerak eskain dezakeen edalontziaren kristalak.

        Pentsamendu berri hau benetako kezka den ala gero eta bortitzagoa zaion maitemina kontrolatzeko trikimailu soila erabakitzen ari denean mapa bat atera du neskak. Hauxe da aukera borobila; orain agertuko zaio laguntzeko prest. Ordea, bat-batean, neskak aldatu egin du bere gorputzaren jarrera, eta mapa bi eskuekin altxatuz, aurpegia ez ezik la gorputz kiribildu osoa ere estaltzeko moduan jarri du, eta neskak lehenago bota dizkion begirada labur horietako baten gonbidapenik gabe ez da ezertara ausartzen.

 

                SLOGANA

                Maiteminduta bazaude,

                poesia irakurtzea da

                zoriontsu izateko modu bakarra.

                Eta maiteminduta ez bazaude,

                zoriontsu izateko modu bakarra

                maitemintzea da.

 

        Tabernara edo jaikiko balitz, samurra litzateke atzetik jarraitzea, ondoan eseri eta bidai luzeen nekeaz hitz egiten hastea, isiltzen ez den trenots astunaz, ordu iragangaitzen motelaz. Desio du hala gertatzea, desio du bere buruari gezurra esatea, bai baitaki neska jaikiko balitz barruan jaun eta jabe egin zaion izularriak ez liokeela mugitzen ere utziko. Bere ezintasunari amore ez emateagatik, agian neska ez jaikitzea nahiago duela uste du.

        Baina hark nori jarraitu behar dio, bere desioari ala bere ezintasunari? Eta neska bera ere harremanetan hasteko gogo urdurian amildurik balego? Ez al litzateke erraza izango? Amodioa ez al da irekitze lasai bat, zeure umorerik finena, zeure gozotasunik benazkoena agertzeko eta bestearen eskaintza gozatzeko? Zergatik askotan ezer kosta gabe lortua izan dela dirudien bere fruituaren aurrean barne mamuei amore emanik dago?

        Zer du oztopo? Zer, neskarengana joan eta ea urrunera al doan edo nongoa den galdezka hasteko naturaltasun osoz?

        Musika entzungailuak jantzi ditu orain neskak belarrietan, eta oraingoan ere kuriositate hutsez makinalki burua mugitzen duenaren erara begiratu xumea bota dion arren, neskak ez dio begiratua itzuli, entzumena estaliz beste maila guztietan ere bere burua itxi nahiko bailuen.

        Urreotan bere baitan, eta nondik zetorren ez zekiela nagusitzen sentitu duen bizitzeko era berri bat gailendu zaiola konturatu da: Plazeraren aurretik, plazer horrek erakar ditzakeen sufrimenduak, mina, arazoak kalkulatzen hastea. Ez al da bizimodu burugabea? Ezer egin aurretik, bere ondorioak neurtzea, artean gertatu ez denak pisuan jartzeko moduko gorputza baleuka bezala; plazer bat dastatzeko erabakia ondoren lekarkeen minaren arabera neurtuko balitz bezala. Aurreikuspen zuhur hauek menderatzea ote da gaztea heldu bilakatu dela dioen azken froga?

        Trena aurrera doa, eta horrekin batera okerrena zera da: plazeraren ondorio behar lukeen sufrimendua benetan ari dela jasaten, agian amodio eder baten oparia eskain liezaiokeen neskari oraindik hitzik esan ez diolarik.