Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

XX. mendeko poesia kaierak

Pako Aristi

poesia

Susa, 2001

 

PAZIENTZIAREN IKASKETA

 

Begira egiozu goizero sagarrondoari,

ea abarretako betazalen artean

fruiturik ernetzen dakuskizun.

Begira egiozu egunero udan,

ea eguzki izpien artean

fruiturik handitzen dakuskizun.

Begira nola udazkenak

beltzaranzten duen

haizearen zaporea muineraino

sartu zaion fruitu ondua.

Begira xoxoak

alerik onenak dastatzen

gastronomia lehiaketetako

epaileen gisa.

Ibil zaitez bidertzean,

bete itzazu malenkoniaz

txamarrako patrikak,

eroritako lehen fruituekin

udaberrian hasi zen bidaia

amaitzen denean.

Eta senti ezazu bortxaren sumindura

goizean lurra jo berri duen

sagar ale ederra

lagun baldarrak botazpian

maspiltzen duenean.