Pako Aristi
poesia
Erein, 1996
ERMITA
Castletowneko bidetik urrun,
lehorrean ondo mendialdera sartuta,
Kizkitzako ermita dago,
eta absidetik zintzilik itsasuntzi bat.
Inork ez daki nork eta zergatik
jarri zuen hura han.
Alferrik imajinatuko dituzu
hondoratze larrian etsipenak
isurarazitako promesak,
itsasoak semeak gal ez zitzan
etsi-etsian eskainitako
otoitz opariz bermatuak,
edota elbarri itsasminak
uhinen indar duina sentitzearren
izandako burutazioak.
Alferrik imajinatuko duzu ezer.
Festa egunean ere,
nahiz eta kaltzetako kafea egin,
pattarra muturretik edan,
eta soinu musikak
iufi eroekin haizea lainezatu,
ermita inguratzen duten pagoek
sekretua gordetzeko promesari
eusten diote.