Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Auto-stopeko ipuinak

Pako Aristi

narrazioa

Erein, 1994

 

DISTANTZIAREN TEOREMA BERRIA

 

        —Orduan gauero negarrez dabil gure gizontxoa! —dio psikologoak interes bizi-biziaz.

        Gizontxoa Migel da, Migeliņo, nere ikaslea, eta ikastetxeko psikologoarekin hizketan ari gara gizontxoa eta biok. Hotza pasatzen du Migelek paraje hauetan, eta kolore askotako jertsei handiekin dator beti klasera, batzuk izeba Gloriak egin dizkionak udazken honetan bertan, eta besteak bere lehengusuarenak direnak. Migel A Coruņan bizi izan da orain arte, eta badakigu kostaldean epelagoa mantzentzen dela eguraldia urte osoan. Baina hotza balitz Migeliņok gure herrian aurkitu duen arazo bakarra, gaitzerdi litzateke. Klasean, epelaren erasanaz, baina batez ere argiaren, ikaskideen eta giro babesgarriaren eraginaz, lo gelditzen da. Gauean egiten ez duelako noski.

        —Negarrik ez dut egiten, hori ez!

        —Baina beldurra ematen dizu begiak ixteak!

        —Izeba Gloriaren lagunak etortzen direlako begiak itxitakoan!

        —Eta nolakoak dira lagun horiek?

        Azal marroia daukate, begi zuloetan bi bola zuri, eta tripak kanpoan, eta ustel usaina. Besoak aurrera luzatzen dituzte eta oinez poliki-poliki ibiltzen dira.

        Psikologoak niri begiratu dit, eta kasu erraz baten aurrean dagoenaren lasaitasuna somatu dut haren adierazpenean. Migeliņok berriro hitz egin du hurrengo galdera itxaron gabe.

        —Hilda daude, eta horregatik ezin dute korrikan egin!

        —Eta zuk ikusi dituzu hildako horiek?

        —Batzutan bai!

        —Zenbat aldiz?

        —Bi edo hirutan... noizean behin!

        —Eta zuregana joaten dira besoak luzatuta?

        —Bueno, nik ez ditut ikusi, baina hor dabiltza. Izeba Gloriak hala dio behintzat!

        —Zer dio zehazki izeba Gloriak?

        —Zerbait ona gertatzen zaionean beti esaten du: gure amona Pili laguntzen ari zaigu handik, zeruko puntatik. Edo tarta puska bat ekartzen dit, esanez: zure amak ez zaitu ahazten handik, zerutik!

        Migeliņoren gurasoak uda honetan hil berriak dira auto istripuz; amona Pili berriz uste dut gure gizontxoa jaio aurretik hil zela. Umezurtz gelditu ondoren izebak jasoko zuela erabakirik, A Coruņatik 60 kilometrotara dagoen herrixka honetara ekarri dute Migel. Baina uste dut distantziak askotan ez daukala kilometroekin zer ikusirik.

        —Lehengo batean —darrai Migeliņok bere argumentuaren arrazoia garbi utzi nahian— atariko atea jo zuen hildako batek, eta berarekin hitz egin zuen izeba Gloriak.

        —Zuk entzun zenuen hori guztia?

        —Ez, izebak kontatu zigun dena bazkalorduan. Orain dela gutxi hildako bere osaba zahar bat omen zen. Gauerdia baino askoz beranduago, atean zartada txikiak entzun zituen izebak, eta ireki zuenean ez zegoen inor han, baina ahots bat entzun zuen eta ileak tente-tente jarri zitzaizkion. Ilunpean, bere osabarenaren tankera eman zion ahotsari. Eta esan zion: tira, aditu ondo eta ez ibili berriketan. San Andresera joan behar duzu nere partez. Etorri kanposantura eta deitu niri zurekin joan nadin. Han meza entzun beharra dago, baina atera zaitez kanpora apaizak liburu santua itxi baino lehen.

        Gure herrian aspaldikoa den esaera oraindik ere jende askok sinesten du, alegia, Teixidoko San Andresen ermitara bere bizitzan behin joaten ez denak hildakoan hiru aldiz hurbildu beharko duela zeruan sartu nahi badu. Hau hildakoentzat endredo izugarria da, zeren eta batzuk diotenez, hildakoek entzun bai, entzuten dute, baina ikusi ez. Horregatik batzutan, eta istorioak ugariak dira, hildakoek ahaideren bati eskatzen diote, iparraldean, la punturik urrunenean dagoen ermitara laguntzeko, eta bidaia behin egitea balekotzat jotzen da.

        —Eta zu joan al zinen berarekin?

        —Ez, baina izebak dena kontatzen du gero. Kanposantura joan zen eta taka-taka jo zuen harri gainean. Bidaia inorekin hitz egin gabe egin zuen, eta atzera begiratu gabe. Beste emakume batekin joan zen kotxez, eta harekin ere hitz egin gabe. Atzean zihoan osaba zahar hori. Mezatan izan ziren. Pobre bati dirua eman eta kanposantuan utzi zuten berriro hildakoa.

        Psikologoak ez dauka orain hasieran bezalako itxura erosoa. Beldurrak sustrai sakonak dauzka gizakiongan, eta horregatik da zaila jakitea benetan zerk piztu duen izua.

        —Lo bakarrik egiten al duzu?

        —Ez, lehengusuarekin!

        —Zenbat urte dauzka?

        —Nik adina!

        —Bere konpainia badaukazu, zerk beldurtzen zaitu?

        —Segituan hartzen du lo, eta bere izena oihuka esanda ere, ez da gehiago esnatzen!

        Azken esaldi horrek asko argitu dit gizontxoaren egoera. Badirudi bere izuak bakardadearekin harremana duela, zeren, distantzia kilometro kontu hutsa ez den bezala, bakardadeak ere askotan ez dauka jendea egon edo ez egotearekin zer ikusirik. Migel bakarrik sentitzen da urrun sentitzen delako. Baina nondik urrun?

        —Zergatik uste duzu izeba Gloriaren hildako horiek zuri zerbait egingo dizutela eta Titori ez?

        —Titok hildako aitona batekin hitz egiten du, eta hark jotzen ditu Titori zerbait egin nahi dioten guztiak! Jende askok uste du hildakoak beraiekin dabiltzala, beraiekin bazkaltzen dutela eta gauza askotan laguntzen dietela!

        —Baina nik badakit hildakoek giltzaz itxitako ateak igoal-igoal irekitzen dituztela, eta jendeari begiak ateratzen dizkietela, motozerraz besoak moztu, kutxilaz lepoa moztu eta gero jan!

        —Hori pelikuletan gertatzen da eta pelikulak gezurra dira!

        Orain bai dakusadala garbi Migeliņoren beldurrak duen etorkia. Badirudi psikologoa ez dela konturatu, baina pelikularik nazkagarri eta zikinenaren deskribapen hori da elkarrizketa honetan, Migelek bere bizitzaz esan duen egiarik handiena. Migelen klabea ez datza bakardadean, baizik galdera honetan: nola bizi du gaua mutil honek? Galdera hori beste baten bidez erantzuten da: umetan, istoriorik beltzenak ere naturaltasunez jasotzen diren edadean, zer kontatu zioten mutil honi? Edo zer ez zioten kontatu?

        Psikologoarengana hurbildu eta belarrira esan diot badakidala umeari gertatzen zaiona.

        Distantzia arazo bat besterik ez da berea.

        Distantzia? Zer distantzia, 60 kilometrotakoa?

        Ume honen distantzia latzagoa da, Migel hildakoekin elkarbizitzen erakutsi digun kultura horretatik dago urrun.

        Ez dizut ezer ulertzen.

        Pentsazazu galdera honetan: pelikuletan inoiz ikusi al duzu hildako onik?

        Ulertu duela dakusat haren begiradan, baina bada zerbait, bost urtetako karrerak egin dituzten gehienek daukatena, behekoen arrazoia onartzen uzten ez diona.

        Pelikulak gezurra dira emakumea, erantzun dit, Migeliņok hildakoei buruz duen erreferentzia bakarra gurea bezain balioduna eta benetakoa ez balitz bezala. Migel aspertzen ari da, baina mutilari helduko dio berriro psikologoak.

        —Orduan horrela gabiltza gauero?

        Eta Migeliņok bigarren aldiz esplikatu beharko du behingoan ulertzea hain erraza den istorio osoa.