Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Gauza txikien liburua

Pako Aristi

narrazioa

Erein, 2004

 

LAPSUSA

 

        Martin kalean behera doa. Eguraldiaren terrajea ikusirik ez daki egoki jantzi ote den.

        —Elegante zoaz, Martintxo!

        Kezka bat gutxiago.

        Oihana izan da, dendan egoteaz asperturik atarira aterata. Asteburuko kontzertuen eta mobiden lauzpabost iragarki ikusten hasi da Martin, baina Oihanaren agerpenak informazioa bereganatzeko ahalmena erdiz erdi eten dio. Igual zaio. Beti egiten baitu eguraldi ederra Oihanaren irribarrean.

        Kandido dator behetik gora, pauso bizi-bizian.

        Martin Oihanaren aurrean dago. Zerbait esan nahi dio, baina ez edozein kortesia arrunt. Gertaera bitxi bat gogoratu du bat-batean.

        —Oihana, ba al dakizu...

        Kandido parera iritsi zaie.

        —Aio, Martin!

        —Aio, Kandido!

        Eta badoa geldiunerik egin gabe.

        Martinek bira eman behar izan du lagunaren aurpegia ikusteko. Orain, burua itzulita, Oihana dauka aurrean.

        Barre egiteko prest, entzungo duena gozatzeko prest. Martinek dauka kristalezko algararen musika askatuko duen kutxatxoaren giltza.

        —Zer kontatu behar zenidan, Martin?

        Bat-batean, Martinek ez daki zer kontatu behar zion.

        —Baaa...

        Eta horrela, Kandidok eraman du berari tokatzen ez zitzaion eta inoiz gogoratuko ez duen istorioa.