Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Iraileko ipuin eta poemak

Pako Aristi

narrazioa

Elkar, 1989

 

EURIAK EZ ZAITU BUSTITZEN, VALENTINE (I)

 

        Ez nituen ezagutzen iraileko arratsaldeak zuhaitz kadukoez jantzitako jardinetan, maitasuna lurralde nordikoetan galdutako untzi bat zen, ez nekien nostalgiak museoak irekitzen dituela jendearen bihotzetan, eta zutaz oso gutxi nekien, guretzat artean mundua jostailuzkoa zen garai hartan.

        Eta dena kasualitatez hasi zen, bus hartako kristalean idatzi nuen esaldiarekin. Euriak ez zaitu bustitzen. Zu begira gelditu zinen, eta Valentine erantsi nuen ondoren. Euriak ez zaitu bustitzen, Valentine. Gogoan hartu zenuen, ez zenuen ulertu, baina berehala ezabatu zenuen beste inork irakurri ez zezan. Horrela, kasualitatez, sekretu batez loturik aurkitu ginen, eta elkarrekin botatako arratsaldeak ez ziren esaldiaren esanahia aurkitzeko ahalegin isilak besterik izan, baina hasieratik kontatu nahi dizut gure maitasunaren dekadentzia, eta dekadentzia diot, zoriontasuna gero, beti gero iristen dela sinestarazi zenidalako. Orain, garai hartan bakarrik izan naizela zoriontsu konturatu naiz. Orain, musika ikasten hasi nintzenean nere fa, do, mi, re, lak entzutea gustatzen zitzaizun bezala, orain zure zerrauts usaina entzuteko paseatzen dut gure losumak dindaneatu zituen markesina ingurura, zeren usaina zerrautsarena zenuen, eta kolorea, kolorea beti zen urdinarrea zure diamante urdinetan, zure begietan nioen.

        Baina orain huntzostoak hartu ditu zure adatsa sarritan krokatzen zen hostozulo haiek, animali purtzilak bizi dira gure aulkian, eta sarritan etortzen naiz euriak bustitzen ez gintuen txoko honetara gauaz sonanbulu. Psikiatrarengana eraman nahi naute, baina nik zure musika berreskuratu besterik ez dut nahi, baina letrek gutxi dakite musikaz, markesina huntzostotsu baten istorioa kontatzeko adina kolore besterik ez dute, eta une batez entzuten badidazu, zure istorioa kontatuko dizut, Valentine, euripean ez bustitzen hasi zinen arte.

        Eta pelikuletan bezala, Hong Kong-eko Kondesa bat bezala, ibai ertzeko bidezidorrean jarriko zaitut, eguna eta gauaren arteko une indezisoan, oinez.

        Zure etxerako bidea ondoegi ezagutzen zenuen ni zure zain adiunez ikusi ninduzunean harritzeko eta armintzeko. Ni ordurako zeharka begiratzen hasia nintzen zure diamanteen kolorea sailkatu nahian, baina sekula ere pentsatu ez nuena zure matrailetako bi zulotxo haiek ematen zizuten perfekzioa aurkitzea izan zen. Munduan tristura existitzen zela jakiteko gazteegia nintzen, eta bizikletako katea aterata neukan zu errebueltan agertzerako. Bizikletaren estakurua ona iruditu zitzaidan zurekin segundo batzuk bederen egoteko.

        —Eutsiko diozu bizikletari?

        Eta zuk hasieratik dena ulertu bazenu bezala, bizikleta jaso zenuen, eta nik probatu arte begira egon zinen, eta gero ere niri begira jarraitu zenuen, eta nik ezin nuen etxerako bidea hartu zu begira zeundelako, zerbait esan behar nizun, baina untze tindi bat sentitzen nuen eztarrian, eta azkenean txirlitorlo atera zitzaidan:

        —Eramango zaitut etxera, igo!

        Eta atzeko parrillan jarri zinen niri gerritik oso estu eultzirik, eta nik ez nuen etxera inoiz ailegatu nahi, ordurako orduak minutu bihurtzen baitzitzaizkidan zurekin nengoenean.

        Gero gauean ohean zutaz pentsatzen, lo zurekin egitea bezala izan zen. Goizean beldurrez jaiki nintzen, arratsaldean etxera beste norbaitek eramango zintuela pentsatuz, eta bost lagunen txirrindak pintxatu nituen, baina beste seirenetara ez nintzen iritsi.

        Kurban agertu zinenean lagun guztiok geunden. Halere, besteei ezetza egiten ikusi zintudan niri begiratuz eta matraileko bi txulo horiekin farre eginez, eta nere parrillan jarri zinenean bakarrik ulertu zuten bizikletak izorratutako lagunek nor izan zen egilea. Atzetik hasi zitzaizkidan, eta azkar ailegatu behar izan genuen zure etxera. Pena eman zidan, ordurako minutuak segundo bihurtzen baitzitzaizkidan zurekin nengoenean.

        —Kontuz ibili lagunekin!

        Esan zenidan eta ni inmortala sentitu nintzen, ziur nengoen zure ondoan ez ninduela ezerk minduko. Umeak ginen artean, eta gauzak betirako zirela uste genuen, eta ziur nengoen gure konplizitatea ez zuela ezerk zirdinduko. Maitasuna hasieran konplizitatea izaten da. Gero geografi ariketa bat goizabarrean. Azkenik abantean joan ezineko nostalgi putzu bat.

        Gure biografia ez zen elkarrekin pentsatzen ematen genituen orduak baino. Zure gorputza herrialde bakoitza non kokatu ez nekien mapa bat zen. Piano eta arrabita musikaz hornituriko filmeak ikusten genituen, eta ondo amaitzen ziren ipuinak kontatzen zenizkidan. Gure maitasuna konplizitate obenaka bat zenuen ari naiz, eta jardinean urrak eta mahatsa harrapaturik markesina ttiki hartan sartu ginenekoaz.

 

        Lo hartu aurretik zutaz pentsatzea ekandu bihurtu zitzaidan, eta zure txuloek, zure eskuek, ileko zintek hartu zuten aitonaren aldeko errezoen tokia, eta gauero lo zurekin egitea bezala zen, eta eguna zure bidetik aparte botatzen nuen jendeak zure atzetik nenbilenik pentsatu ez zezan, eta arrastiria heltzean betiko toldan aurkitzen ninduzun, artega, zirikoa printzesa baten eskuetan bezala, gure konplizitateak beste egun batez ere inork eten gabe jarraitzen zuela baieztatzeko.

        Zuk ez duzu erreskadan eroritako urte tustoetan ikusi, baina orain katutxo batentzako ere sartu ezina ageri da markesina, hiraka eta sastrakaz jantzia eta hauts geruza mehe bat txartesa moduan. Gu malkortegitik hustasunera pauso bat ematen den erraztasunarekin lerratu ginen markesina barnera, arnasestuka eta bihotzak atabal batek bezala jotzen zigularik.

        —Nor dabil hor?

        Oihukatu zuen jardinean andreak urretan ari ginela, eta zuk eskutik heldu zenidan, eta geldirik gelditu ginen ia orbelik ere zapaldu gabe kanaberen atzean, eta andreak inor ikusi gabe alde egin zuenean ere denboralea jarraitu genuen horrela. Zu beldurragatik zeundela pentsatu nuen, baina ni zure eskuaren eguzkiak lotzen ninduen gure konplizitatearen erliebe estatiko hartara.

        Artean umeak ginen, kasualitateen menpe bizi ginen eta kasualitatea alde edukitzea desiratzen genuen.

        Markesinara sartu ginen lasterka eta ostotsa eraso zion, gero osti zaparrada hasi zuen eta azkenean langarra gelditu zen egunaren azken emari gisa. Markesina barruan ez zen bustitzen, eta noizbehinka kolkora irristatzen ziren tantak ez ziren gero proposatu zenuen jolasaren preludio hozkirrituak baino.

        Aurki hasi ziren jauregiko gargolak ur istila isurtzen. Zuhaitz tantai guztiak makurtu egiten zirela zirudien euri jasapean, baina nik kasualitateak eskaini zezakeen oparirik onena zela pentsatzen nuen, zurekin denbora luzez egoteko estakuru perfektua baitzen laino uharren deskarga umel hura.

        Irailean geunden eta zu udazken urtika esaten ez zenidan hitz bakoitzean. Eta markesina punpuila bat zen udazkenaren dilubioan. Lurraren bapainuak jardina hilarian jartzen zuen, eta itsasoa zure ninietan berpizten zen zure begirada bakoitzean. Eta arrats lanbrotsu hartan ez genekien nostalgiaren untzi hospatsu baten lehen harriak eraikitzen ari ginenik.

        Gure ezpainek ez zuten elkar ezagutzen artean, eta bapatean, haurtzarotik ihes egin nahian bezala, jolasean hasi ginen, zoriontsu izan nahiari jolasa deitzerik badago.

        Zuk mahats ale bat ematen zenidan ahora, nik ur ale bat zurera. Erkainarekin ezpain punta justuan ikutzea zen, baina ordurarteko gure bizitza ttiki haietako errebelaziorik liluragarriena izan zen.

        Arratsalde hartatik bakardadea zurekin mahatsa eta urrak jatea bihurtu zen.

        Aldi bakoitzean behatzak pittin bat barrurago lerratzen ziren, eta aldi bakoitzean elkarrenganako kilometro asko korritzen genituen.

        Orain, ur jauzi baten gainetik bezala ikusten ditut elkarren ezpainak behatzarekin ikutzen betetzen genituen egun haiek, eta argazki zahar eta higatu bat bezala agertzen zait markesina hura, eta horiak markesina aurreko aulki, kulunkari eta mahai txuriak. Munduan biok bakarrik biziko bagina bezala zen han barruan egotea. Zu ezagutu ondoren, mundu guztia sobran zegoen neretzat.

        Eta gogoratuko duzu agian gure konplizitatearen gutunari seilua jarri genion ilunabarra. Zure ezpainak, tarta on bat bezala, goxoegiak ziren ikututa bakarrik konformatzeko, eta gertatu zen azkenik. Begiak ixteko esan nizun eta ahoa erdireki zenuen. Zer espero zenuen? Adatsetik heldu nizun, lepotik beste eskuarekin, eta zure ezpainen kontra estutu nituen gotorki neureak. Neguko goizetan ohea utzitakoan bezala, hotza sentitu nuen goitik beheraino, matrailetan egundoko beroa, eta bihotza oso azkar hasi zitzaidan, infarto baten aurresalan bezala. Gero mingaina ikutu nizun neurearekin eta atzera egin nuen, zure barruko zerbait intimoa, oso zeurea zen zerbait bortxatu nuelakoan, urteetan ondo ostendutako sekretu bat ikutu nuelakoan.

        Baina udazkenean geunden, eta hostoak bezala, gero eta musu gehiago hasi zen erortzen gure ezpainetatik, hustutako zerbeza poteak bailiren, baina zuri tximeletekin gonbaratzea gustatzen zitzaizun, eta nik baietz esaten nizun, zure begi urdinek bi hosto horizta bakarrik falta zituztela hegadari ekiteko. Gure maitasuna konplizitate obenaka bat zen, baina azkarregi sartu zen dekadentziaren koreografian eta ez zen iritsi inoiz egunsentirik guretzat geografiako ikasgaiak ikasi eta praktikatzeko. Ez nuen sekulan ikasi herrialdeak kokatzen zure mapan eta atlas zarratu bat bihurtu zen zure gorputza neretzat.

        Eta dekadentzia diodanean goiztiri hartarako prestatu genuen ihesaz ari naiz. Neretzat mundu guztia sobran zegoenean herritik alde egin behar genuela esaten hasi zinen. Umeak ginen eta mundua bere gainean bizi direnei laguntzeko prest zegoela uste genuen eta kasualitatea beti alde izango genuela.

        Zoriontsu izan nahi duten guztien gezur handi hori sinestu genuen, ziur geunden zoriontasuna gero, beti gero iristen dela, eta irailaren 30ean herritik aldegitea erabaki genuen, goizeko zazpietako trenean. Egun txarra aukeratu genuen. Egun hartatik aurrera bihurtu nintzen sonanbulo, egun grisen maitale eta desertuan fragantzi saltzaile. Horregatik eraman nahi naute psikiatrarengana. Eta zure musika berreskuratu ezin badut ere, une batez entzuten badidazu, egun txinta hartako trenarena kontatuko dizut.

        [...]