Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Narrazti ozena

Pako Aristi

narrazioa

Azpeitiko Udala, 1982

 

UDABERRI HESIANO BAT

 

        Lehen musu haien ondoren bi aste igaro ziren hitz egin genuen arte. Aste horietan zehar romantizismoa eta depresioaren erdian ibili nintzen, maitasunaren gerturatze brusko hori sentituz. Beldurra genuen gau hartan egon zen atrakzio, naturalitate eta espontaneitate hura errealitatean, bakoitzaren mundu konkretuan, zirkunstantzietan gertatuko zen ala ez. Beldurra genion gure adinei, beldur ginen gau hura rekuerdo polit bat besterik izango ote zen gero bakoitzak bere martxan jarraitzen zuenean, beldur ginen gure erlazioa irri pikaro batetan besterik geldituko ote zen.

        Aste haietan estrofa batzuk burutuz joan nintzen lehen musu horien haizeak eraginez eta bigarren asteko ostiralean bukatu nuen azkena eta zoriontsu joan nintzen ohera baina gure erlazioan inportantea izango zen amets bat izan nuen gau hartan. Kale batetan zehar nindoan eta jende multzo baten parean igarotzerakoan bera ikusi nuen eta nahiz nire begirada intentsua eta deseosoa, ez zidan kasurik egin. Goizean tristura ikaragarri batekin esnatu nintzen eta ez zitzaidan egun batzuetan joan.

        Ametsetan izaten diren premonizio haietaz beldurrez nenbilen. Baina iluntze batetan tabernan nengoela sartu zen koadrilan eta nahiz ikustean poztu, beldur handi batek menperatu ninduen, koneju txiki bat sentitzen nintzen bere begi marroi handi haien azpian, begi bueltako aureola ozeaniko hartan bakarrik. Txanpan kopa batzuk edanez geunden eta nire aurrean eseri zen. Begiradekin jolasean hasi ginen, eskuetako behatz puntekin ezpainetara begiratzen nion eta ezpain haiek ezagutzen nituelako honratxo bat sentitzen nuen besteen gainetik.

        Kanpora irten ginen eta zubiko petril gainean esertzeko eskatu nion istorio bat kontatu behar nion aitzakeriarekin. Ametsa kontatu nion, nere tristurak, beldurrak...

 

        —Rekuerdo polit batean gelditu behar du, momentu polit batzuek eta bale, agur ondo bizi?

 

        —Ni baina triste egon naiz eta asko gogoratzen nintzen zutaz —esan zuen euskaldun berrien desazento horrekin—. Zurekin hitz egitea nahi nuen.

 

        Banekien kasu egingo zenidala eta geldituko zinela hitz egiten eta konprenituko ninduzula baina ez dut indarrik eduki. Pentsatu dut hortaz eta zerbait sentitu dut barruan. Jarraitu behar dugu. Zerbait espontaneoa dela ikusten dut, ez dakit, lore silbestre bat bezala, irten da eta bale, polita da, eta gainera bihotzak esaten dit jarraitu behar dudala, gainera, animaliek elkar maitatzerakoan ez dute galdetzen adina...

        Eskuak arrimatuz joan ziren ia heldu arte eta ez ziren separatu gau guztian.

 

        —Ni ondo egoten naiz zurekin eta nahiko da —jarraitu zuen— Gainera pentsatzen dut hori, lore silbestre bat bezala dela, eta ez dut ebakiko. Utziko diot irteten baina ere ez diot ximaurrik botako eta ez diot lagunduko bizitza luzatzen. Irten da eta nahi duenean joango da eta bale.

 

        Orain artio ezkutaturik egon zen ilargiak atera zuen burua laino artetik eta kaleetako trankiltasunaz janzten gindoazen. Gero paseotxo bat eman genuen, hamaika aldiz errepikatuko genuen paseoa, ilargiaren presentzia dastatuz eta elkarri beroa emanez udaberriko gau fresko haietan, eta dantza pixka bat eginez joan ginen bakoitza bere etxerantz, farrez, eduki genuen reenkuentro huragatik, gustura bihotzak askatu genituelako eta kasu egin genielako, buruko pentsamendu ilunen gainetik.

        Hurrengo egunak azkar joan ziren. Maitasunaren bizkarrean kabalgatzen sentitzen ginen eta gauero paseatzen genuen bidexka zahar batetan aurrera, izarrak redeskubrituz, sentsibilitatez beteak eta haserako musu torpeak komunikazio handia izaten joan ziren eta timidoki gorputzeko parteak ikutzen genituen eta bizitza zoragarria zen.

        Elkarrekin lo egin genuen lehen aldia ere munduko gauzarik normalena izan zen. Gau batetan, ordu askotan paseatu ondoren, beraien etxera joan ginen eta kafesne bat hartzen geunden mahaian, nekeagatik mahai gainera etzan nintzenean la lo gelditurik. Orduan, intranszendenteki esan zidan:

 

        —Patxi, gelditu hemen lo egiten.

 

        Nik nahi nuen baina esan nion:

 

        —Geldituko nintzateke baina etxean beldurtuko dira ez banaiz joaten.

 

        —Nahi duzuna —esan zuen baina begiradaz gelditzeko eskatzen zidan ...

 

        —Bueno, bestela geldituko naiz, ze ostra, egingo dute nahi dutena, gainera, niretzako inportanteagoa da hemen gelditzea etxera joatea baino.

 

        Literara igotzerakoan etorri ziren kezkak, frakak kendu ala ez, kaltzeten izerdi usaina usainduko du eta ez zaio gustatuko, biluzik jarriko naiz edo, nolako titiak ote ditu... eta lehenengo aldiko indezisio horrekin elkarri laztan batzuk egin ondoren konturatzerako lo geunden gorputzak elkar jotzen zutelarik. Honela apurtu nuen neska batekin lo egiteak duen misteriozko aureola hori eta hurrengo goizeko esnatzea ene bizitzako politena izan zen, Adanen esnatzea bezela, buelta emana egunon maitia, musu bigun bat, besoa tripa gainean, beste gorputzaren beroa, larruaren fintasuna, zer moduz egin duzu lo, oso ondo, fenomeno, zoragarria da eta hankak atera nituen kanpora, bero egiten baitzuen, eta zuk harrezkeroz gehiago garbitzen dituzu maindireak.

        Udaberri erdian geunden eta intentsuki dastatzen genuen. Ez zitzaigun segundo bat ere alde egiten zoriontasunez betetako bere fruitua hartu gabe, eta lo gutxi egiteagatik flakatzen ari banintz ere, bihotza aski potoltzen eta zabaltzen ari zitzaidan maitasun hartaz. Maiatzeko azken egun haiek gure maitasunaren konfirmazioa izan ziren eta elizako kanpandorrera igo ginen arratsalde batean eman nizkion orri zaharxka batzuetan nituen estrofa haiek, eta lau aste igaro aurretik galduak zituen bere despiste eternoaren poderioz. «Zure ametsaren ortzadarrean nota bat utzi nahi dut...»

 

 

 

        I

Zure ametsaren ortzadarrean

nota bat utzi nahi dut.

Gure musuaren petaloetatik

edan ondoren

beharrezkoa zait.

Argi gorrixkaz laztandutako

orainik espaziorik gerorik ez

zegoen ilunpean

hondartza baten udaberria miaztu

ondoren

bihotzaren neguaren gaineko garaipena

kantatzea beharrezkoa zait.

 

        II

Gogoratzen zara

bi arrano haiek

horizonte gainean eginiko

balletaz...

Gure musuan

ur tantoen balletaren

dantzari izanagatik

gure hatsarekin lainoak

betetzea

beharrezkoa zaigu

zuhaitzetako begi guztiak

freskatzeko.

 

        III

Eta

ene ilusioen dorrea

eroritzen denean

zuk loratu duzun iturriari

so egongo naiz

hildako edo heldutako ilusioen

atzetik berriak

edateko.

Zu iturri izanik

egarria beharrezkoa zait.

 

        IV

Zure aurpegiaren beroak

geldituriko erloju baten

sorpresen kutxako leihoak

ireki zituen

basoa ikusten den

kristal blastiatuaren ostro zaharrak

garbituz.

Hori denagatik

badakit

inoiz ez duela euriak

zure aurpegiaren beroa ostuko

eta nik gordeko dut

lazten batek ireki zuen infinituaren

kaiolan bukaerarik gabeko akorde artean.

 

        V

Zure aurpegi beroaren iturriak

melodiak jotzen dituen bitartean

ez da geldituko

arranoen balleta.

Eta arranoek balletean

dantzatzen duten maitasuna

gure ametsaren ortzadarra

bihurtzen den bitartean

lehenengo aldiz zelai bat

ikusten duen umea izango naiz.

 

        VI

Zure ametsaren ortzadarrean

nota bat utzi dut.

Gure musuaren sinfonia

entzun ondoren

beharrezkoa zait

nota bat harrapatzea

petalo bat edatea

bihotzaren neguaren gaineko

garaipen txikia kantatzea.

 

 

        Udaberri Hesiano hartatik gelditzen zaidan azken sentsazio gogorra itsasoaren kresala eta saborea da. Vespan joatean jotzen zuen haizeaz babesteko hutsunerik utzi gabe arrimatzen zinen arratsalde haietaz ari naiz maiteņo, paisajerik gabeko nere bizkar hartan murgiltzen zenuenean aurpegia. Hondartza ertzeko haitz-zulo haien ondoan zegoen arrokatxo hartan eseririk geundela, traje de bainoa flojo antzera zenuen eta begiak pixka bat okerturik han ikusi nion lehen aldiz titia, gero hain sabore gozoa deskubrituko nion ditti efimeroa.

        Hainbeste sentsazio ziren lehen aldiz dastatzen ari ginenak, ze egun guztian zehar izaten genuen lehen aldiko enkantu berezi hori bueltaka.

        Indio zahar batek keaz egin litzakeen seinaleak bezala etorri zen arratsaldearen amaieran kaio mordoxka bat gure buruen ingurura; altxatu genituen kanaberak eta orduan eskua ipini nuen zure hanka artean eta estutu zenidan izterrekin zure baimena emanaz eta gure ilusioen piztearekin justu harrapatu genuen eguzkia azken dirdiraz agurtzen. Gero bainu fresko bat eta adatsa nahastuan eraman nuen itsasoaren kresala eta zure eskuen leuntasuna eta gauero koltxoian etzaterakoan kresala, itsasoaren sabore hori sentitzen nuen eta Silvio hasten zenean vamos a andar en verso y vida tintos dena perfektua zen.

        Denbora motelki dastatzeko nahi genuen denbora geneukan, bai, denboraren jabe, eta ez zigun bi ordu ezer egin gabe pasatzeak beldurrik ematen. Arratsaldea gauarekin besarkatzen deneko momentu horrek duen edertasun guztia ongi saboreatzen genuen orduak eta orduak itsasoari so egotean ondar busti gainean ipurdia pegatuta, ortziko lainorik txikienaren mugimendu eskasenaz konturatzera arte, haizearen palpitazio minimorik ere galdu gabe, orduak, lainoak, kandelak, sagarrak eta ohean saio bat egin ondoreneko ur tragoa.

        Ohi duen bezala joan zen udaberria udako hamaka epel barean dindilikatzera zenbait kilkerren laguntzaz eta goiz batetan uda zen. Hala ere, ez ziren gure lorearen petaloak ximeldu, eta lehen baino koloretsuagoak ziruditen. Gure artean zegoenak maitasuna zirudien.