Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Sacamantecas nuen aita

Aitor Arana

nobela

Txalaparta, 2012

 

Gasteiz iparraldeko Gamarra herritxoa.

1870eko apirila

 

DEBEKATUTA ZEGOEN

 

        Gezurra zirudien, baina hainbat urte ziren agintariek makila-jokoa debekatu zutela. Jendearen esanetan, ordea, joko hura herri-kirola zen, oso antzinatik egiten zena. Baina orain udaltzainak makila-jokoan egiten zutenen atzetik zebiltzan Gasteizen. Eta nekazari giroko herrietan —ia denetan, beraz— guardia zibilak ziren Araban jokalariei jokoan egitea galarazten zebiltzanak.

        Makila-jokoaren zaleek, hortaz, ezkutuan jokatu beste erremediorik ez zuten. Oraingoan Gamarra herrian jokatzea erabaki zen, gordean ibiltzea hiriburuan baino errazagoa izango zela pentsatuta, eta albistea zaletuek eta apustuzaleek ahoz aho zabaldu zuten:

 

        «Gamarran izango duk, Zadorra bazterrean, Ibaiondoko soro zaharra izeneko horretan, ibaiertzeko makal eta sastraka ugariek ondo ezkutatzen dutelako. Hantxe igande goizean, egunsentian».

 

        Hogeita hamar bat gizon izango ziren —gazte, heldu eta zahar— zehaztutako lekuan huts egin gabe elkartu zirenak. Bakar batzuek, jokalariek, hurritz-makila zoragarriak zeuzkaten; zuzenak eta tinkoak, metro eta erdi luze bai erraz. Bertara joandako beste gizonezkoak jokoa ikustera eta hartaz gozatzera etorritakoak ziren, apustuzaleak. Batzuek apustu latzak egingo zituzten beren faboritoen alde. Nerabe morroiren bat edo beste ere bazegoen haien artean, bere etxeko nagusiarekin etorrita.

        Jokalariak, ibaiertzean eta jendez inguraturik, beroketa-ariketak egiten ari ziren jokoan hasi aurretik. Egunsentia hotza zen eta ez zebilkien urrun erreka-lainoa; eguzkiaren lehen printzek hura urratzerako, jokoa aspaldi amaituta egongo zen. Hartan ari zirela, jokalari batek bizkarrean luzetaka jarri zuen bere makila ederra, giltzurrunen gainean ukondo-barrenez hantxe eusten ziola, eta jira-biraka hasi zen ziba bizia balitz bezala. Halako batean, bi besoak batera zuzenduz makila askatu, eta han joan zen hura airean aurrera, urrun.

        —Ekarridak hori, Anton —agindu zion jokalariak buru-keinu batekin batera, ikusleen arteko gazteenari, hamazazpi-hemezortzi urteko nerabe bati.

        Biak ere pozik zeuden jokalariak egindako jaurtiketaz, eta han joan zen gaztea lasterka sastraka artean bilatzera, ehiza-txakurra jabearen harrapakinaren bila joaten den bezala.

        Baina makila-jokoa ez zen makilak jaurtitzea. Jaurtiketa hura jokalariaren beroketa-ariketatxo bat baino ez zen izan. Begiratu batean, egiazko jokalariak sei zirela zirudien, eta gainerako guztiak ikusleak eta apustuzaleak. Gizon heldu bat, jende artean, apustuak apuntatzen eta dirua batzen zebilen.

        Azkenean, bi makiladun aurrez aurre jarri ziren egoki iritzi zioten lekuan. Praka luze urdinak, espartinak eta alkandora zuria besterik ez zeukaten jantzita.

        —Aupa, mutilak! —oihu egin zuen norbaitek. Juan Diaz de Garaio zen, Zadorra ibaira jokoa ikusteko irrikitan etorria.

        Jokalariak biribilean mugitzen hasi ziren, elkarri begira. Bata gaztea zen, eta heldua bestea. Bietan irabazten zuena hurrengo bikoteko jokalari irabazlearen aurka borrokatuko zen, eta sei jokalariek borroka egin ondoren, geratuko zen azken bikotean irabazten zuena, huraxe izango zen jokaldi osoaren irabazlea. Txapelduna, beraz.

        Gazteak makila bat-batean goratu zuen eta, konturatu zenerako, egundoko kolpea eman zion bere aurkariari belarrian, hura buruaren kontra basati zuzenduta. Baina heldua ez zen kexatu eta, berehala erreakzionatuz, makilaz urdailean jo zuen gaztea, eta hura aurrera makurtu zen. Gaizki egina, jarrera bikaina baitzen hura buruan eta belarrietan ezker-eskuin/ezker-eskuin jotzeko makilaka, aurrekoaren mendeku gisa.

        —A, aa, aaa! —oihu egin zuen gazteak, belarriak gorri-gorri eginda. Haiek igurtzi nahi zituen, mina pixka bat arindu alde, baina hori egiteko makila bota beharko zuen eta, orduan, jokoz kanpo geratuko zen. Makilari bi eskuez beti ongi eutsi beharra zegoen. Jokoak aurrera jarraitu zuen. Bi partaideek egur ugari jaso eta gero, gazteena errenditu egin zen aurkariak belaun-belaunean makila-kolpe gotorra eman zionean. Herrenka atera zen azkenean, gorputza ubelez beteta. Ederrak entzun beharko zituen etxean. Orduan beste bikote batek ekin zion makila-jokoari eta, esan bezala, bi haien arteko txapeldunak, lehen bikote txapeldunaren aurka borrokatu beharko zuen, biak aski jipoituta zeudenean, hau da, egoera berean zeudenean.

        —Gaztexeagoa banintz! —esan zion Juanek ondoan zeukan herritarrari—. Gaurko diru dena neuk irabaziko nikek.

        —Tira, tira, Juan. Ez ametsik egin —erantzun zion kideak, hura ere berrogeita hamar urte ingurukoa—. Ahaztu al zaik hik gaztetan jardun huela jokoan eta makilakada galantak besterik ez huela irabazi?

        —Ni? Bai zera! —ukatu zuen Juanek—. Ez nauk ni gogoan duan hori, seguru.

        Mintzakideak irribarre egin zion, barkabera.

        Danga! Galanta hartu zuen hirugarren bikoteko jokalarietako batek. Aurkariak trebetasun handiz kolpe bikoitz batez bi eskuetan jo zuenez, makila lurrera bota beste erremediorik ez zuen izan. Jokoz kanpo.

        Ibaian ehun bat metro beherago, Gamarrako herritar bat zaindari lana egiten ari zitzaien jokalari eta jokozaleei. Baita behar ere. Gasteizeko bidean sei bat guardia zibil ikusi zituen ibai aldera zaldi gainean hurbiltzen. Ziur norbaitek jokalariak salatu zituela. Zaindaria arin bai arin joan zen ibaian gora korrika, jendea ohartaraztera.

        —Guardia zibilak! Zaldiz! —oihu egin zuen heldu zenean.

        Ez zuen berriz esan beharrik izan.

        Bost segundoan han ez zen inongo gizasemeren arrastorik ageri. Makila preziatuak ere beraiekin eraman zituzten. Diruaz ez zen inor kezkatu: geroago tabernaren batean elkartuko ziren interesatuak, eta han egingo zituzten beharrezko banaketak.

        Juan Diaz de Garaio sasoiko zegoen, gaztea ez izanagatik. Sastraka artean desagertu zen lehenago mintzatu zitzaion lagunarekin batera.

        —Korri! Azkar! —esaten zioten elkarri.

        Guardia zibilengandik ahalik eta gehien urruntzeko, hiria oso kanpoaldetik inguratzeari ekin zioten. Errekatxiki izeneko errekaren ondotik igaro ziren eta, nekaturik baina pozik guardiei iskintxo egin zietelako, Judizmendi aldetik sartu ziren Gasteizera. Ikusi zuten lehen tabernan sartu ziren, baxoerdi bat edateko asmoz. Hantxe egon ziren eguzkia zeruan ondo goratu zen arte, makila-jokoa debekatuta ez zegoen garaiaz kontu kontari.

        Santa Luzia eta Judizmendi izeneko muinoek sortzen zuten sakantxoan behera zihoan Errekatxiki, ageri-agerian, Gasteizetik poliki urruntzen zela. Haren ondoko bidean, berrogei urte inguruko emakume bat gora eta behera zebilen, norbaiten zain balego bezala. Etxekoandre nekazaria zen, eta andre nekazariak bezala zegoen jantzita, soineko luzez eta xalez. Emakumeari Gasteizeko inguruetan «Valdegoviesa» deitzen zioten ezizenez.

        Garai batean, urte gehiegi ez dela, prostitutei «Maria bideetakoa» deitzen zitzaien, hain zuzen ere Valdegoviesa andrea Errekatxiki ondoko bidean bezala ibiltzen zirelako.

        Etxekoandreak egon ohi diren legez, emakumea berez ezkonduta zegoen, baina senarra kartzelan zeukan kondena betetzen eta, egoera hartan, prostituta-lana egitea beste aurrerabiderik ez zeukan.

        Bazkalondoko eguzki galdatan, Juan Diaz de Garaio Gasteizetik atera zen —sartu bezala— Judizmendi aldetik, eta Errekatxiki aldeko bidea hartu zuen. Tabernako lagunekin gustura hizketan jardun eta zerbait jan ondoren, larrutan egiteko gogo handia sortu zitzaion.

        [...]