Aitor Arana
biografia nobelatua
Kutxa, 2009
HAURTZAROA ETA NERABEZAROA
Familia irlandarrean sorturik, Oscar Wilde hiru senidetan bigarrena izan zen. Willie anaia zen lehena, Oscar bera bigarrena, eta Isola Francesca arreba hirugarrena. Denak 1850eko hamarkadan jaioak.
Argitu beharra dago, ordea, Oscarren aitak, William Wilde jaunak, ezkontzaz kanpoko seme-alaba asko izan zituela eta, beraz, haiek ere idazlearen anai-arrebak zirela aitaren aldetik. William Wilde jauna okulista eta otologo handia izan zen. Historiaz eta arkeologia zeltikoz idazlan asko argitaratu zituen. Literatura-kritikaz ere liburu bat edo beste idatzi zuen, hala nola, The Closing Years of Dean Swift. Baina Oscarren amarekin, aipaturiko hiru seme-alaba ofizialak soilik izan zituen.
Oscar eta haren ama estu loturik egon ziren bizitza osoan. Emakumeak, ezkon aurretik, Jane Francesca Elgee izena izan zuen. Charles Maturin apaiza eta idazle ospetsuaren iloba-biloba zen. Eta hori Oscarren bizitzan kontuan izateko xehetasuna da, haren amaren osaba-aitona hark Melmoth the Wanderer idatzi zuelako. Ama olerkaria zen, idazle abertzalea (gogoan izan Irlanda urte haietan ez zela independentea), folklorista... Liburu gogoangarri ugari idatzi zituen Irlandaz, eta hemen bi liburukitan argitaratutako Ancient Irish Legends aipatuko dut, Oscarrek txikitan ongi ezagutu zuen liburua izan zelako. Emakumea alabatxo bat izateko irrikan zegoen eta, bigarren semeaz erditu zenean, egundoko desilusioa izan omen zuen. Neskatila edukitzeko nahiari jarraiki, Oscar neska-jantziz jantzi zuen hainbat urtez.
—Baita mutikoa nintzela bereizten zen garaian ere —esan zidan Oscarrek goiz hotz batean, kafetegi baten abaroan kafe beroa goxo-goxo hartzen ari ginela. Elkarrekin irteten hasi berriak ginen—. Amaren etxean oraindik ere garai hartako argazki bat dagoela uste dut. Belaunetarainoko soineko parpailadun polita jantzirik, esku bat aulki baten bizkarrean jarrita daukadala ageri naiz hartan.
Eta barre egin zuen oroitzapenaz gozatuz. Hortz hondatuak ikusi nizkion barre egiten zuen bitartean. Konplexu handia sortu zioten beti hortz belztu eta oker haiek. Niri ez zitzaizkidan batere axola.
—Eta zure soinekotxo haietaz zenbaitek esaten duena egia ote da? —galdetu nion, erantzun zidana erantzungo zidala pentsatzen nuela.
—Haien eraginez hartu nuela neska-nortasuna omen dena, diozu? —Ezezko keinua egin zuen aurpegi osoaz—. Ni mutilzalea naiz, mutilzale sortu nintzelako, ez inork hala nahi izan zuelako. Norbaitek hala nahi izan balu, orain gonazalerik gonazaleena nintzateke, hari kontra egiteagatik, Robbie maitea.
Eta barre egin zuen berriz.
—Edo zer pentsatu behar dugu? jarraitu zuen—. Zu zeu ere amak txikitan neska jantzi zintuela?
—Egia —azaldu nion neure adostasuna—. Lagun mutilzale asko daukagu hemen Londresen, asko daukagunez, eta horietako inor ez zuten soinekoz jantzi txikitan.
—Horra, bada —esan zidan maiteak, onarpen-keinua egiten zuela, baina berehala seriotu zitzaion aurpegia, bat-batean zerbaitez oroitu balitz bezala—. Zaude, zaude... Aspaldiko kontuak dira, baina noizbait amari entzun nion esaten Irlandan, garai batean, mutikotxoak neskatila janzten zituztela, sorginkerietatik babesteko. Horixe izan liteke kontu horren azalpena. Amari galdegin behar diot.
Oscarrek ez zuen, hala ere, askotan hitz egiten bere haurtzaroaz. Nik esango nuke aro normala eta orokorrean zoriontsua izan zelako gertatzen zela hori; alegia, ezer txarrik edo nabarmenik ez zeukala kontatzeko.
Txikitan hanka-besoak modu ikusgarrian bihurritzen omen zituen; hautsi egingo zitzaizkiola emateraino, nonbait. Malgutasun handi hura aitagandik omen zetorkion.
Hala ere, behin anaia Willierekin umeen gelan jolasten ari zela, beso bat hautsi zuen.
—Minaren lazgarrikerien nire ezaupidea izan zen hura, eta bizitzan zelatan dauden tragediena —esan zuen behin.
Beste batean, gauez, nonbaiteko garrasiek eta oihuek iratzarri omen zuten.
—Zergatik ari dira txakur hori jotzen? —galdetu omen zuen larri—. Esan ez jotzeko.
Iragarpen Txarren Maitagarria zela esan zioten, eta auzoko norbait hurrengo egunean hilko zela.
Willie eta Oscar anaiei berandu arte jaikita egoten uzten zieten etxean. Eta neska-mutiko gehienak aspaldi oheratuta zeuden bitartean, biek ala biek afari eta afalondo luzeetan parte hartzen zuten, gonbidatuak zirenak zirela ere. Etxean ordu haietan likoreak berriketa bezain ugariak izaten zirenez, bi mutikoak garaiko besteak baino aurreratuago hezita zeuden.
Hamar urte betetzean Portora Royal School ikastetxera joan zen. Han laster ohartu ziren Oscar ez zela besteak bezalakoa; gustu eta ohitura desberdinak zeuzkala. Kirol-jokoak eta ariketa fisikoa ez zitzaizkion batere gustatzen, eta hala jarraitzen zuen nik ezagutu nuenean.
—Ez zitzaidan ostikoak ematea gustatzen, ezta niri eman ziezazkidatenik ere.
Ez zuen borrokan egin nahi eta ez zen zuhaitzetara igotzen. Ez zuen kirol-saririk irrikatzen, eta ez zen batere abenturazalea.
Oso irakurle ona zen, aldiz, arropak ongi zaintzen zituen, eta igandeetan kapela txukun-txukun janztea gustatzen zitzaion, eta oso lorezalea zen. Eguzki-sarrerak ere maite zituen, eta gauez askotan ikusten zuten ilargiari begira. Hondartzan jasotako maskorrei begira ere denbora luzea ematen zuenez, haren lagunek ez zuten gogoko beren jolasetan. Willie anaia, aldiz, kontrakoa zen eskolan: lagunen arteko lagun jokozale eta kirolzalea. Bi anaiak eskola berean ibili ziren arren, ez zion Oscarri kasu handirik egiten, istorio dibertigarriak kontatzen zizkien lagunei eta, haserretuz gero, ukabilka borrokatzeko prest agertzen zen. Oscar baino azkarragotzat zeukan jendeak.
Hamahiru urte zituenean, mutiko baldarra zen Oscar; harroputz samarra zen eta handiegia bere adinerako. Egun batean, eskolako lagunekin zaldiketan jolasten ari zela, lagun baten bizkar gainetik erori eta besoa hautsi zuen berriz ere. Egia esan, gorputza bihurritzen zuenean soilik erakartzen zuen lagunen arreta, edo santuen bizitzak kontatzen zituenean.
Kirolzalea ez izateak lagunengandik urruntzen bazuen, Oscarren beste trebetasun batek ez zion asko laguntzen: aparta zen jendeari ezizenak jartzen. Denei gustatzen zitzaizkien hark asmatutako ezizenak, norberari jartzen ziona izan ezik, noski.
—Orduan irudimenaren sekretu bat ikusi nuen: nik lagunei barre eginarazten nien eta horrela ezin zidaten minik egin. Beste batzuetan, nire kontura jostatzeko, «bele grisa» deitzen zidaten zurbila nintzelako, baina nik eztena ateratzen nion haien sarkasmoari, espero zezaketena baino bitxiago jokatuz. Bihurritu egiten nintzen, eta martiri kristauen jarrerak imitatu, eta barre egiten zuten. Irakasleen karikaturak egitea erakargarria zitzaiela ikusi nuen, eta jo eta ke imitatzen nituen. Gero ikasgelan, lagunek nire parodiak errepikatzen bazituzten, poz handi batek hartzen ninduen, eta mukizapia sartu behar izaten nuen ahoan, barre-algaraka ez hasteko.
Lagun artean afaltzen ari ginen batean, ondo gogoan dut, bizitza osoan irakasle izandako gizon bat zegoen gurekin. Oscarrek gaiaz hitz egin zuen orduan, ia izututa.
—Bai ikaragarria irakasleen ezjakintasun hori, besteen iritzia errepikatzeko ohitura galgarriaren ondorio zuzena den hori! Adimen zinez mugatua dutela erakusten dute! Zeinen aspergarria izan behar duen eta den norberarentzat, gauza bera hamaika aldiz errepikatzea! Zer huts handia sentitu behar duen ezagutza intelektuala handitu nahi duen hark. A zer nolako sorgin-gurpilean mugitzen den beti!
Ez dut gogoratzen zergatik, baina, Oscarren txikitako bizitzaz ari garela, badakit behin etxetik ihes egin zuela eta leizezulo batean ezkutatu zela. Anaia Willierekin Lough Corrib lakura izokinetara joaten zela ere kontatu zidan noizbait.
—Izokin handiz beteta zegoen jakinarazi zidan—. Izokin malenkoniatsuz beteta, eta lakuaren barrenetik igarotzen ziren, gure amuei batere kasurik egin gabe.
Oscarrek idatzitako liburuak irakurrita espero zitekeenez, irudimen handiko mutikoa izan zer. Arratsalde batean, Enniskillenen zegoen hiru lagunekin, eta kaleko hizlari bati entzuteko asmoz gelditu ziren. Lagunetako bat, txantxetan, hizlariagana hurbildu zer eta makilatxo batez kapela lurrera bota omen zion. Ziztu bizian abiatu zer korrika, beste hirurak atzetik zihoazkiola. Entzule batzuk, ekintza hura zigortu nahian, haien atzetik abiatu ziren eta, ihesaldian, Oscarrek herren gaixo batekin behaztopo egin, eta lurrera bota zuen. Mutiko guztiak salbu zeudenean, balentria hura behar bezala kontatu omen zuen. Hala ere, aurrerantzean Oscarren pasadizoa entzun nahi zuenak aski apaindurik entzungo zuen, bidean erraldoi amorratua aurkitu omen zuelako eta harekin luzaro boxeatu behar izan omen zuelako, azkenean bidean hilik utzi arte, borrokan ausart eta trebe jokatu eta gero. Hura kontatzen zuenean, ondotxo zekien ez zituela entzuleak engainatzen. Egia esan, umorismo erromantiko mota hura, gerora The Importance of Being Earnest antzezlaneko bi pertsonaia nagusiek erabiliko zutena zen.
Eskolako garai hartan, Isola arreba txikia hil egin zen, bederatzi urte zituela. Edgeworthstownen gertatu zen, Oscarrek hamabi edo hamahiru urte zituenean.
—Williek ez zuen gogoko zeinen maite nuen Isolatxo. Askotan jolasten genuen elkarrekin etxean —entzun nion behin hartaz hizketan—. Nik amarena egiten nuen askotan: lepoa luzatu eta begiak arrautza-zuringo jartzen nituen. Ipuinak kontatu ohi nizkion, eta ikusgarria zen nola sinesten zuen kontatzen nion guztia. Xarmagarria zen. Hil zenean min handi batek hartu ninduen; ni neu harritzerainokoa bai. Etxean, maite nuelako lotsatu gabe maite nuen pertsona bakarra zen. Isola hiltzean, maitasun hura ere hil egin zen. Minak hotzikaratan jartzen gaitu, baina gogortu ere egiten gaitu bere izotzaz. Amak arrebaren gelara eraman ninduela gogoratzen dut, gorpua ikus nezan. Ezin dut gogoratu zer sentitu nuen hura ikustean. Oraindik lausoturik ikus dezaket arreba txikia zenaren aurpegia.
—Oscarrek egundoko tristura erakutsi zuen aurpegian —esaten zuen etxeko medikuak— oso denbora luzean. Sarri joaten zen arrebaren hilobia ikustera, herriko hilerrira.
Urte dezente geroago, Italiara lehenbiziko bidaia egin zuenean oker ez banago —eta, hortaz, zortzi urte geroago izango litzateke—, Oscarrek olerki bat idatzi zion, Requiescat hain zuzen ere.
Requiescat
Zapaldu arin, hurbil baitago
Elurpean,
Hitz egin isilka, aditzen ari baita
Bitxiloreak hazten.
Haren urrezko ile argia
Herdoilak itzalia.
Neska, gazte eta eder,
Hautsetara eroria.
Lili zuria elurra lakoa,
Ozta jakin zuen
Emakume zela, horrela
Gozo hazi zen.
Hilkutxa, harlauza
Haren bularrean dautza,
Gogor dagiot ene bihotz bakarrari,
Hura atseden hartzen.
Bakea, bakea, ezin du entzun
Lirarik edo sonetorik,
Nire bizia hemen da oro lurpean,
Bota ezazue lurra gainetik.