Aitor Arana
nobela
Txalaparta, 2011
Langela arrosa-usainez beterik zegoen, eta udako halzea lorategiko zuhaitzen artetik igarotzean, ate zabaletik loreen lurrina sartzen zen.
Lord Henry Wotton gorputz liraineko filosofo argia eta bizarduna besaulki batean eserita zegoen, zigarro bat erretzen, ohi bezala. Kea sabairantz nola igotzen zen ikusten zuen tar teka. Atetik Londreseko kaleetako zarata urruna sartzen zen. Gelaren erdian gizon gazte eta guztiz eder baten erretratua zegoen. Biluzik ageri zen, tente eta erne, irribarretsu eta eskuineko hanka pixka bat aurreraturik, zakil-barrabilak izter gainean jarrita, ikuslea bere hankartekoarekin jolas egitera gonbidatu nahi balu bezala. Erretratuaren aurrean zutik, artista bera zegoen, Basil Hallward izeneko margolaria, ile beltzeko hogeita bost urteko gizaseme erakargarria. Egiten ari zen lanari begiratzen zion bitartean, irribarre egin zuen pozik.
—Zure lanik onena da, Basil maitea, inoiz egin duzun onena —esan zion Lord Henryk, poliki—. Benetan, datorren urtean Grosvenor galerian erakutsi behar duzu. Grosvenor da honelako lanak erakusteko moduko leku bakarra.
—Ez dut uste mora bidaliko dudanik —erantzun zuen margolariak, burua halako modu bitxian mugitzeaz batera; mugimendu hura zela eta, Oxfordeko Unibertsitateko lagunek askotan egin zioten barre—. Ez, ez dut inora bidali nahi.
Lord Henryk harriturik begiratu zion bere zigarroaren ke artetik.
—Ez duzula erretratua bidali nahi? Ene lagun maitea, zergatik ez? Bai arraroak zaretela pintoreak!
—Badakit nitaz barre egingo duzula —Basilen erantzuna—, baina benetan ezin dut ikusgai jarri. Neure baitako gehiegi jarri dut lan honetan.
Lord Henryk nagiak atera zituen besaulkian eta barre egin zuen.
—Zeure baitako gehiegi jarri duzula! Basil, gazte han benetan da ederra. Zu ere halakoa zara, askotan esan dizut, baina ez du zure antzik. Beste era batekoa da, ilehoria eta lerdena; Londreseko neska-mutil guztiak maitemintzeko modukoa.
—Ez duzu ulertzen, Harry —erantzun zion artistak—. Jakina da ez naizela hura bezalakoa. Sentituko nuke haren antzekoa banintz. Onena da gehienak bezalakoa izatea —lord gazteak bekain-keinu batez desadostasuna adierazten ziola ikusi zuen—. Ergelek eta itsusiek mundu honetako onena daukate. Dorian Gray...
—Dorian Gray? Hori al da horren izena? —galdetu zuen Lord Henryk erretratuari begira, Basil Hallward zegoen alderantz zebilela.
—Bai, horixe da modeloaren izena. Ez nuen zuri esateko asmorik.
—Baina, zergatik ez?
—Badakizu zergatik, Harry: mutil eta gizon gazte guztiak gustatzen zaizkizu. Pertsona jakin batzuk oso gogoko ditudanean, ez diot inori haien izenik esaten; are gutxiago zuri, nigandik urrunduko baitzenuke laster asko.
—Jakina, bada, ezetz —Lord Henryren erantzuna—, ene Basil maitea. Gizon tontolo eta lodikote baina jator batekin ezkonduta nagoela ahazten zaizu, eta nire bizitza sekretuz beteta dagoela. Beti daki norekin oheratzen naizen, eta nik beti dakit norekin oheratzen den. Eta gauez etxean ohera joatean, gure abenturak elkarri kontatzen dizkiogu, ondoren batak besteari buztana poz-pozik miazteko.
—Ez dut batere atsegin nola hitz egiten duzun zure ezkonbizitzaz, Harry —esan zion Basil Hallwardek, lorategira irteteko aterantz zihoala—. Oso senar ona zarela uste dut eta oso senar ona daukazula, baina horrexek lotsatzen zaituela. Inoiz ez duzu ezer onik esaten, eta inoiz ez duzu ezer txarrik egiten.
Lord Henryk barre egin zuen, eta Basili masailetan jarri zizkion eskuak, pixka bat estutu eta, margolariari haren eraginez ezpainak zimurrak eta irtenak jarri zitzaizkionean, musu eman zion haietan.
—Ez esan ezer —agindu zion berehala.
—Harry, ondo dakizu... —hasi zen artista kexati, baina Lord Henryk ez zion bukatzen utzi.
—Bai, badakit tontolo hutsa zarela, eta horrelako musuak zure maiteari bakarrik eman nahi dizkiozula, harekin maitemintzen zaren egunean, eta harekin bakarrik oheratuko zarela. Baina gu oso lagun onak gara, eta nik oso gogoko dut lagun onei musu ederrak ematea.
Basilek burua astindu zuen, inoiz aldatuko ez zen lagunaren aurrean errendituz bezala. Bi gizonak orduan lorategira elkarrekin atera ziren. Txoko bateko jarleku batean eseri ziren. Aldi batez isilik egon ondoren, Lord Henryk atzera mugitu zuen bere kapela.
—Joan beharra dut, Basil —esan zuen ahots lasaiz—. Baina, alde egin aurretik, Dorian Grayren erretratua zergatik ez duzun erakutsi nahi argitzea nahi nuke. Egiazko arrazoia jakin nahi dut.
—Esan dizut, ordea, egiazko arrazoia.
—Ez didazu esan, ez horixe. Hartan zeure baitako gehiegi jarri duzula esan didazu. Hori umekeria hutsa da.
—Harry —esan zion Basilek, aurpegira zuzen begiratzen ziola—, sentimenduz margotutako margolan oro artistarena da, ez modeloarena. Ez dut margolan hori erakutsiko, neure arimaren sekretua erakutsiko ote duen beldurrez nagoelako.
Lord Henryk barre egin zuen berriz ere.
—Eta zein sekretu da hori, bada? —galdetu zuen.
—Tira, ez da oso kontu joria, Harry —erantzun zion margolariak—, eta ez dut uste ulertuko duzunik. Beharbada, sinetsi ere ez duzu egingo.
Lord Henryk irribarre egin eta lore bat hartu zuen belarretatik.
—Ziur nago ulertuko dudala —erantzun zuen, loreari arretaz begira—, eta edozer sinesteko gauza naiz.
—Oso kontu sinplea da —ekin zion margolariak—. Duela bi hilabete Lady Brandonen etxeko jai batera joan nintzen. Egongelan hamar bat minutuz egon ondoren, norbait begira neukala ohartu nintzen bat-batean. Jiratu, eta Dorian lehenbiziko aldiz ikusi nuen. Gure begiek topo egin zutenean, odola nire aurpegitik desagertzen sentitu nuen. Mutil hura neure arima izango zela jakin nuen, neure artea bera.
—Bai, niri ere gertatu izan zait: odola aurpegitik joaten zaigu, beheko beste horretan pilatzen delako, halako mutil puskak ikusita. Berezko erreflexua da, ez kezkatu horregatik.
—Horrela jarraitzen baduzu, ez ditut ezer esango.
—Tira, zer egin zenuen?
—Elkarrengandik hurbil geunden, la elkar ukitzen. Elkarri begiratu genion berriz ere. Lady Brandoni gu aurkezteko eskatu nion.
—Zer esan zuen Lady Brandonek Dorian Gray jaunari buruz?
—Bada, honelako zerbait: «Mutil xarmagarria da. Ez dakit zer egiten ote duen... ez dut uste ezer egiten duenik. A, bai, pianoa joaten du... edo biolina ote da, Gray jaun maitea?». Dorian eta biok barrez hasi eta berehala adiskidetu ginen.
—Barre egitea ez da, gero, adiskidetasunari ekiteko modu txarra —esan zuen lord gazteak, beste lore bat hartu bitartean—, eta hura amaitzeko modurik onena da. Berehala oheratu zineten? Zakila erretratuan bezalakoa dauka? Hor txikia ikusten zaio, ez duzu uste?
Hallwardek burua mugitu zuen.
—Ez duzu ulertzen adiskidetasuna zer den, Harry. Bost axola zaizu dena.
—Ez da egia! —bota zuen Lord Henryk, kapela atzera mugitzeaz batera, eta udako zeruari begira—. Nire lagunak edertasunaren arabera ankeratzen ditut, eta nire etsaiak adimenaren arabera. Gizonak ez dauka arretatsuegia izaterik etsaiak aukeratzeko garaian. Eta, noski, nik gorroto handia diet nire senideei. Eta jende behartsuari, itsusiak direlako, ergelak eta mozkorrak.
—Ez nago ados esan duzun ezerekin. Eta ziur nago zu zeu ere ez zaudela.
Lord Henryk bizarraren punta ukitu zuen hatz batez, eta zapataren bota eskumakilaz.
—Zeinen ingelesa zaren, Basil! 1ngelesei ideia jakin batekin ados dauden baizik ez zaie interesatzen, ez ideia zuzena ala okerra den. Baina hitz egidazu gehiago Dorian Gray jaunaz. Sarritan ikusten duzu?
—Egunero. Ezingo nintzateke zoriontsua izan hura egunero ikusi ezean.
—Bikaina! Zure artea soilik axola zitzaizula uste nuen eta benetan kezkatzen hasita nengoen.
—Hura da orain nire arte osoa —adierazi zuen margolariak—. Ongi dakit Dorian Gray ezagutuz gero egin dudan lana dela nire bizitzako onena. Modu bitxi batean, haren nortasunak arte mota berri bat erakutsi dit. Mutil gaxtea dirudi, hogei urte baino gehiago baditu ere, eta nirekin dagoenean, mundua oso bestela ikusten dut.
—Bai, hori zoragarria da! Ez naiz batere harritzen. Dorian Gray ikusi behar dut.
Basil Hallward eserlekutik altxatu eta alde batetik bestera ibili zen lorategian. Pixka bat geroago itzuli zen.
—Harry —esan zion—. Dorian Gray nire artearen izateko arrazoia da. Zuk ezin duzu harengan ezer berezirik ikusi: zure lizunkeriak mugatzen zaitu. Nik, berriz, dena ikusten dut harengan.
—Orduan zergatik ez duzu haren erretratua erakutsi nahi? —galdetu zuen Lord Henryk.
—Artistak gauza politak margotu behar lituzke, baina ez luke haietan bere bizitzako ezertxo ere jarri behar. Egunen batean munduari edertasuna zer den erakutsiko diot. Horrexegatik, munduak ez du sekula Dorian Grayren erretratua ikusiko.
—Oker zaudela pentsatzen dut, Basil, baina ez naiz zurekin eztabaidan hasiko. Esadazu, oso gogoko zaitu Dorian Grayk? Beharbada, zurekin oheratzeko irrikan egongo da.
Margolariak pixka batez pentsatu zuen.
—Haren gustukoa naiz —erantzun zuen pixka bat geroago—. Badakit haren gustukoa naizela. Losintxa gehiegi egiten diot, noski, eta esan behar ez nizkiokeenak esaten dizkiot. Oso atsegina da nirekin, eta milaka ordu zoragarri ematen dugu elkarrekin. Baina batzuetan ikaragarri axolagabea izaten da, eta niri min egiteak atsegin ematen diola dirudi. Halakoetan sentitzen dut, Harry, neure arima osoa eman diodala, lorea udako egun batez botoi-zuloan jartzean bezala erabiltzen duen bati.
—Udako egunak luzeak dira, Basil —esan zuen Lord Henryk, ahopean—. Beharbada, hura baino lehen aspertuko zara. Adimena iraunkorragoa da edertasuna baino. Egunen batean zure lagunari begiratu, eta haren azalaren tonua edo beste zerbait ez zaizu gustatuko. Orduan, zurekin gaizki portatu dela pentsatzen hasiko zara.
—Harry, ez hitz egin horrela. Ni bizi naizen artean, Dorian Gray berebizikoa izango da niretzat. Zuk ezin duzu sentitu nik sentitzen dudana. Zu sarriegi aldatzen zara.
—Ene Basil maitea, hain zuzen ere horregatik senti dezaket zuk bezala —Lord Henryk zilarrezko bere zigarro-kaxa ederretik beste zigarro bat atera eta piztu egin zuen. Gero Hallwardengana itzuli zen eta esan zion—: Oraintxe oroitu naiz.
—Zertaz oroitu zara, Harry?
—Non entzun dudan Dorian Grayren izena.
—Non? —galdetu zuen Hallwardek, kopeta zimurturik.
—Ez zaitez haserretu, Basil. Nire izeba Lady Agatharen etxean izan zen. Gazte zoragarri hori aurkitu zuela esan zidan. Hark Londreseko East Endeko jende txiroarekin lan egiten lagunduko zion, eta haren izena Dorian Gray zen. N ik orduan, noski, ez nekien zure laguna zenik.
—Pozten naiz ez jakiteaz, Harry.
—Zer bada?
—Ez dut nahi hura ezagut dezazun.
—Ez duzu nahi hura ezagut dezadan?
—Ez bada.
—Dorian Gray jauna zure zain dago langelan, jauna —esan zuen zerbitzariak orduan, lorategian azalduta.
—Orain aurkeztu egin beharko nauzu —esan zuen Lord Henryk bizi-bizi, barrez.
Margolaria bere zerbitzariagana jiratu zen.
—Esaiozu Gray jaunari itxaroteko, Parker. Berehala sartuko naiz.
Orduan Lord Henryri begiratu zion.
—Dorian Gray nire lagunik maiteena da —esan zion—. Oso pertsona ona da. Ez hondatu. Ez zaitez saiatu, gero, harengan eraginik izaten. Zure eragina kalterako litzateke. Ez kendu niri, gero, egiazko artista bihurtzen nauen lagun bakarra.
—Zer-nolako lelokeriak esaten dituzun! —esan zion Lord Henryk irribarrez. Hallwardi besotik heldu zion eta ia tiraka sarrarazi zuen etxe barrura, ezpainetan, jostetan, beste musu bat eman ondoren.