Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

ETAko buruzagi

Aitor Arana

nobela

Hiria, 2010

 

Oņa. Burgos. 1490eko urria

 

        Euria ari zuen goian-behean gau ilunean, eta oinaztargiak tiren Oņako mendilerro luzea tarteka argiztatzen zuten bakarrak. Hotza ere bazen gaua, aurreraturik zetorren neguaren iragarle. Mendilerroaren goialdean, baso arteko Frias herrirako bidean esaterako, elurra ikusiko zukeen norbaitek, hara igotzeko lana hartu eta bizia arriskatzeko gogoa izan balu. Izan ere, haize bortitza herriko euriaren eta gailurretako elurraren lagun zebilen; euriaren lagun eta gizakiaren etsai. Hori guztia, basoan ager zitezkeen otso gosetiak kontuan izan gabe.

        Oņa herrian, otso begizorrotzengandik salbu antza, euri biziak Done Salbatore monasterioko hormak zigortzen zituen. Bertako eraikinen artean santu beraren izena zuen eliza ere eguraldi txarraren erasopean zegoen, baina ez zirudien haizearen bultzaden eraginez dardaraka zegoenik, herriko etxe zaharrenak bezala. Eliza berritu berria ten; handiagotu egin zuten kapera nagusiaren aldetik, aldareari leku zabala eskainiz. Horrezaz gain, errege-hilobientzako lekua ere egin ten aldarearen eskuinaldean, eta kondeen hilobientzako lekua ezkerraldean. Errege eta konde haiek guztiek, laster hilobi berrietan sartuko zituztenak izaki, nola edo halako erlazioren bat zuten Done Salbatore monasterioarekin.

        Monjeek ezkerraldeko hilobietan sartuko zituzten gorpuzkiak Antso kondearenak ziren, eta haren emazte Urraka anderearenak. Era berean, bien seme On Gartzia infantearenak eta On Felipe eta On Henrike infantearenak. Eta eskuinaldeko hilobietara aldatuko zituzten gorpuzkiak errege-erregina handienak ziren: Gaztelako Antso marenak —Oņara lurperatzera Cid Campeador-ek berak eramana—, Nafarroako Antso III.a Nagusiarenak eta haren emazte Munia anderearenak. Gisa berean, Gartzia errege infantearenak —Alfontso vetaren eta Berengela anderearen semea bera—.

        Errege-erregina eta konde-kondesa haiek guztiak Done Salbatore elizaren sarreran ehortzita egon ziren azken mendeetan, eta ba omen zen garaia, monasterioko agintarien aburuz, haiek leku duinago batean hilobiratzeko. Zer leku hoberik aldare nagusiaren ezker-eskuinean baino?

        Gau hotz eta euritsuan, beraz, hilobi berriak garbi eta distiratsu zeuden, euren jabe berriak izango zirenen zain. Oinaztargiek hilobiok ere argiztatzen zituzten, elizako leiho estu eta ilunetako zirrikituetatik sartzean. Une hartan norbait egon balitz haiei begira, laster ohartuko zatekeen hilobi berriak ez zirela harriz edo marmolez eginak, errege-hilobi gehienak izan ohi diren bezala, baizik eta zurez, zur landu ederrez. Intxaur-egurrez eta ezpelez egindako artelan gotikomudejar bikaina ziren, Pedro de Valladolid fraideak egina.

        —Jainko maitea! —entzun zen emakumezko ahots bat eliza barruan, trumoi ikaragarri batek jo eta paretak dardaraka jarri ondoren.

        —Ezin genuen gau okerragorik aukeratu gure lana egitera etortzeko —esan zuen orduan beste ahots batek, gizonezko batek.

        Ahotsak elizako sarrera aldetik zetozen, kandela pare baten argitasunari antzeman zekiokeen lekutik. Gaztelaniaz hitz egiten zuten. Emakumea heldua zen, berrogei bat urtekoa, eta arropa sendoz jantzita zegoen; artilez eta oihalez egindako negu-arropaz. Gona luzea zeraman eta, oinetan, larruzko zapatak. txanodun kapa beltza ere bazeraman, euritan babes~ teko jantzia. Gizonezkoa, berriz, gaztea zen, hogeita bost bar urtekoa, eta blai eginda zegoen. Monjea izaki, monasterioan bertan bizi zen eta, gauez elizara joateko monjeen etxebizitzatik irten, eta monasterioko etxartea eta klaustroa besterik zeharkatu beharrik ez zuenez, kaparik gabe atera zen etxebizitzatik. Etxartea igarotzean, noski, euri biziak mela-mela eginda utzi zuen.

        —Lehenbailehen bukatu behar dugu, gainera —jarraitu zuen monjeak—: orain hamaikak dira, hor nonbait, eta hamabietan gauerdiko otoitzaldia izango dugu. Han egon behar dut, derrigor.

        —Lasai, Migel, lasai. Han izango zara. Behar dugun guztia ekarri dut, baina nahiago nuke denbora pixka bat gehiago izan bagenu. Oraindik hiru gau falta dira ilbeterako...

        Emakumea eta monjea, elizako ate nagusiaren ondoan, sarrerako hilobiei begira zeuden. Hilobi jakin baten ondoan zutik geratu ziren, hala ere: Nafarroako Antso III.aren hilobiaren ondoan.

        —Egia —monjeak, errege nafarraren harrizko hilobiari begira—. Ilargi betea arteko denbora izan bagenu, edaria emango geniokeen erregeari, eta lasai-lasai eramango genukeen Orreagara. Orain, aldiz, dena korrika eta presaka egin beharko dugu.

        —Eskerrak, gutxienez, eguraldi negargarri honek sudurluzeak urrun mantenduko dituen.

        Bi kandelen argitan, bi lagunek Antso Nagusiaren hilobia ireki zuten. Harlauza liburu etzan baten azala bezala ireki, eta paretaren kontra jarrita utzi zuten. Harrizko hilobiaren barruan zurezko hilkutxa bat azaldu zen. Beste trumoi bat entzun zen. Monjeak, zurezko hilkutxaren estalkia altxatu zuen bi eskuez. Bazekien aski arina zela, eta horregatik kendu zuen berak bakarrik.

        Antso III.a errege hilaren gorpua oso-osorik bistaratu zitzaienean ez ziren harritu. Harridurarik ez, baina miresmena bai; biek sentitu zuten miresmen handia. xi. mendearen hasieran Iruņeko erresumaren edo geroagoko Nafarroako erresumaren errege izandakoaren gorpua zurbil eta hotz zegoen. Bizarduna zen, ile luze samarrekoa, eta lihozko oinetarainoko alkandora antzeko jantzi zuri bat besterik ez zeukan soinean. Oinutsik zegoen.

        —Sinesten duzu Gure Errege berpiztu egingo dela, Berta? —galdetu zion monjeak emakumeari, errege etzanari begiratzen zion bitartean.

        Emakumeak gazteari begiratu zion; zergatik jakin gabe, haren ile bustian erreparatu zuen.

        —Zalantzarik ez dut; ikusi besterik ez dago nola bereganatzen duen edaria. Mingarria zait, ordea, neure begiez ikusterik ez izatea. Denbora luzeegia falta da Antsoren esnaaldi berrirako.

        Monje gazteak emakumeari begiratu zion beste galdera bat egin aurretik:

        —Oraindik ez du loaldiaren erdia ere bete, ezta?

        —Ez... —hasperen sakona egin zuen Berta izenekoak— oraindik erdia ere ez. 1504an osatuko du erdia, hamalau urte barru.

        —Eta gero, beste bostehun urte beharko dira, mila urteko loaldia osatzeko.

        —Hala da —esan zuen Bertak, ondorengoa modu erabakigarrian esateko—. Baina gu ez gaude hemen Errege bizirik ikusiko ez dugulako negarra jotzeko. Katearen kate-begi bat besterik ez gara gu, Migel. Egigun, beraz, ongi gure lana. Tira!