Xabier Arregi Arozena Azpeitian jaio zen 1936. urteko abuztuaren 15ean.
«Txaiber» hartu, sorora eraman, eta fusilatu egin zuten.
Errektoreari «Oiloa» ezizena jarri genion, oso koldarra izan zelako gai honekin.
Mediku donostiarra Urrestillako hilerriko paretan hil zuten, eta bertan lurperatu.
Paradoxikoki ez elizak eta ezta santutegiak ere ez zuten inolako ondoriorik jasan, baina bi pertsona hil ziren propaganda faxistaren ekintza izan zen horretan.
Leonardo Goenaga «Txaiber» errekete batzuek fusilatu zuten Mutrikuko baserri baten kanpoan. Kontaiguzu gertaera honen inguruan dakizuna, Xabier
Erreketeak Azpeitira irailaren 20an sartu ziren, eta ondorioz jende askok alde egin zuen herritik, tartean «Txaiber»-ek. Itxura denez orduan gudarien frentea Markina inguruan zegoen, eta «Txaiber» ere hara joan zen. Baina emaztea eta urte beteko haurra utzi zituen Azpeitian eta haietaz gogoratuta Markinatik, frontetik, berriro etxera itzultzea pentsatu zuen, oinez, mendiz mendi, badaezpada ere. Baina Mutrikun, gosea, egarria eta dena zituela, baserri bat ikusi zuen nonbait eta bertara joan zen. Esaten zutenez baserrian oso ondo hartu zuten, eta jaten ari zirela, kasualitate txarra, erreketeen kapitain bat beste sei bat erreketerekin edo baserrira sartu ziren. Orduan «Txaiber» hartu, sorora eraman eta han fusilatu zuten. Eta uste dut gainera, lurperatzeko zuloa, bertako nagusiari eginarazi ziotela. Nik laguntasun handia nuen bere semearekin, Bernardorekin, baina sekula ez zuen gai hau aipatu.
Urte batzuk beranduago, 1970. urte aldera, Bernardo beste adiskide batekin joan zen Mutrikura aitaren gorpua berreskuratzera, ezta hala?
Hala da bai. Bernardo eta berak lan egiten zuen altzari fabrikako nagusia, zeina abertzalea zen, Mutrikuko baserri horretara joan ziren «Txaiber»-i gertatutakoa argitu nahian. Han bertako nagusiak gertaturikoa azaldu omen zien negar artean, eta gorpua non zegoen erakutsi. Bernardok eta nagusiak lurpetik atera zuten, eta hezurrez gain koilara bat eta jertseko kremailera topatu omen zituzten. Ondoren hezurrak maleta batean sartu eta Azpeitira ekarri zituzten, Bernardoren izeben etxera. Tartean, nire hiru lagun, Azpeitiko errektorearekin hitz egitera joan ziren «Txaiber»-i meza edo elizkizunen bat egiteko, baina honek ezezkoa eman zien. Hilerrian lurperatzea bakarrik onartu zien, baina hori bai, izenik gabe, gurutze batekin soilik. Eta hala lurperatu zuten. Harrezkero koadrilan errektoreari «Oiloa» ezizena jarri genion, oso koldarra izan zelako gai honekin.
Urrestillan fusilatua izan zen mediku gazte donostiar baten inguruan ere badakizu zerbait, ezta?
Bai, entzuna daukat. Mutil hau Donostiatik ihesi etorri zen seguruenez Azpeitira, baina hemen ere erreketeak sartu zirenean hartu eta Urrestillara eraman zuten. Bertako hilerriko paretan hil zuten, eta bertan lurperatu.
Azpeitian egon ziren bi bonbardaketa gogoan dituzu, baita bi pertsona hil zirela ere eta egiletza errepublikarrei egotzi nahi izan zietela
Bai, gogoan ditut bi, egun berean gertatuak. Bat hilerrirako bidean gertatu zen, eliza ondoan, eta pertsona bat hil eta besteak begi bat galdu zuen. Bestea Loiolako basilikaren inguruan gertatu zen, eta han ere uste dut pertsona bat hil zela. Abioneta txiki bat izan zen bonbak bota zituena. Guztiok dakigu frankistak izan zirela, baina bertsio ofizialak gorriak izan zirela esaten zuen, eta beren helburua eliza eta santutegia suntsitzea zela. Paradoxikoki ez elizak eta ezta santutegiak ere ez zuten inolako ondoriorik jasan, baina bi pertsona hil ziren propaganda faxistaren ekintza izan zen horretan. Ondoren hilerrira bidean plaka bat ipini zuten, non hildakoaren izena eta bertsio ofiziala agertzen ziren, egiletza gorriei egozten ziena alegia.
Gogoratzen al duzu aipatu nahi zenukeen beste konturik?
«Txaiber»-en seme Bernardorekin erlazionatutako batekin oroitzen naiz. Gu orduan eskolan maristetan ibiltzen ginen, plazan bertan zegoen eraikina. Eta noizean behin falangeko inspektore bat etortzen zen. Hileko lehen ostirala jai edukitzen genuen, baina ostiral batean inspektore hau etortzekoa zela eta eskolara joan behar izan genuen. Egun horretan bandera espainol berri bat inauguratu behar zen plaza aldeko balkoian. Inspektorea betiko diskurtsoa botatzen hasi zen, eta gu denok Bernardori begiratzen genion, denok triste. Maristari galdetu zion ea zergatik geunden gu horrela eta maristak «Txaiber»-i gertatutakoa azaldu zion, eta semea han zegoela. Orduan berotu eta egundokoak esan zituen. Ondoren, bandera inauguratu behar zen. Gu ginen aularioko zaharrenak, eta erabaki genuen, protesta moduan, «cara al sol» ez kantatzea. Formazioan jarri gintuzten, eta gazteagoek guk ez genuela kantatzen ikustean beraiek ere kantatzeari utzi zioten. Ondoren berez jai genuen arren zigor moduan egun guztia eskolan pasarazi ziguten.
Bestalde oroitzen naiz Uzkudun boxeolariaren inguruko gertakizun batez ere. Gerra hasia zela udaletxera joan omen zen. Orduan Azpeitiko udaletxean alkate jeltzalea zegoen, eta ondo hartua izan zen, baina berehala miliziano batzuk azaldu omen ziren hura hil nahian. Azpeitiko udalak salbatu omen zion bizia, miliziano hauei udaletxera sartzea galarazita. Gero Madrilera joan zen bizitzera Uzkudun, baina pertsona asko denuntziatu omen zituen. Ez zuen gogoan eduki berari bizia salbatu ziotela.