eu | es
Hasiera » I. liburukia » 5. Lekukotzak » Miren eta Kontxi Odriozola Uzkudun

Miren eta Kontxi Odriozola Uzkudun Azpeitiko «Gerra Haundi» baserrian jaio ziren, beste sei anai-arrebekin batera. Ama, Encarnacion Uzkudun Oiarzabal, Errezilgo «Gurutzaga» baserrikoa zen. Beren aita, Jose Ramon Odriozola Alberdi, eta osaba bat, Inazio Odriozola Alberdi, Frankoren tropen aurka aritu ziren borrokatzen errepublikarren aldean.

Gernikako bonbardaketa: Hirurogei hegazkin baino gehiago zirela esaten zuen, bat bestearen atzetik bonbak bota eta bota, izugarria izan zela.

Esaten zuen Ebroko ibaia gorria zegoela, hainbeste odol isuri izanaren ondorioz.

Aitzolek gurutze bat omen zeukan, eta gurutzea hartu, begian jo, eta begia atera omen zioten Hernanira fusilatzera eraman baino lehen.

Hiru hilabetez egon zen heriotza zigorrarekin gauero ea bere izena noiz esango zuten zain.

 

Zer kontatzen zizuen amak gerra hasi zeneko garaiaz?

Kontatzen zigun Nafarroatik zetozen karlista eta erreketeek tiroak botatzen zituztenean, beraiek sukaldean egoten zirela oheko koltxoi bat leihoan jarrita balak sukaldera sar ez zitezen.

Zuen aita , gerra hasi zenean, tropa frankisten aurka borrokatzera joan zen. Ordurako ama eta aita elkarrekin zebiltzan, ezta?

Hala da, eta aitak alde egin zuenean ama bere zain geratu zen zazpi urtez. Etxetik Bizkaian botatzen zituzten bonbak entzuten zituztela esaten zuen, gauez ere bai, eta bera beldurrez esnatzen zela beti, gure aita nola egongo ote zen pentsatzen.

Zergatik joan zen aita gerrara?

Abertzalea zelako joan zen. Euskalduna eta abertzalea zen, eta gainera ezkertiarra. Eta orduan errepublikarrekin batera joan zen gerrara, Euskal Herria defendatzera.

Nondik ibili zen?

Bere anaia Inazio eta Azpeitiko beste lagun batzuekin batera, Inaxio Zubimendi tarteko, Bizkaira joan zen herria defendatzera, aberria defendatzera. Bertan denboraldi batez egon ziren. Beraiek ez zuten abiazioaren laguntzarik, eta mendi bat hartzen zuten bakoitzean Frankoren abiazioak bonbardatu egiten zuen, eta ondorioz beraiek atzera egin behar izaten zuten. Baina gauez berriz ere mendi hori hartzen zutela kontatzen zuen, eta horrela askotan.

Gernikako bonbardaketa ere gertutik bizi izan zuten

Bezperan Gernikan egon ziren, eta iluntzean beraiek zeuden menditik ikusi zuten bonbardaketa guztia. Hirurogei hegazkin baino gehiago zirela esaten zuen, bat bestearen atzetik bonbak bota eta bota, izugarria izan zela. Eta beraiek mendira alde egin zutelako salbatu zirela. Han gelditu ziren asko, Gernikan, hil egin ziren. Bazen gizon bat, Azpeitiarra, egunkariak saltzen egoten zena, han gelditu eta besoa moztuta geratu zen, aspaldi hil zen.

Zer gertatu zen tropa frankistek Bilbo hartu zutenean?

Ordurarte nire aitarekin borrokan ibilitako batek, izenaz ez naiz gogoratzen, saldu egin zituztela. Beste aldera pasa eta beren plan guztiak jakinarazita traizionatu egin zituen.

Eta ondoren preso hartu zuten

Hori da. Laredon erreketeek preso hartu eta Teruelera eraman zuten. Bertan sekulako hotza egiten zuela esaten zuen. Egun batean esnatu eta gainean kristoren pisua sentitu zutela, eta gainean elurra zeukatela. Erreketeek frontera bidali zituzten, eta han egun batzuetan egon ondoren beraien lagunek erabaki zuten errepublikaren aldera pasatzea. Baina noski, pasatzea ez zen erraza. Horrela, egun batean, inguruan zegoen baserri batean oiloak eta animalia batzuk utzi omen zituzten ,eta Antonio izena zuen errekete batekin hitz egin zuten oilo horiek ekartzera joateko baserri horretara. Bila joatearen aitzaki horrekin egin zuten ihes errepublikarren aldera.

Ebroko borrokan ere hartu zuen parte

Bai. Esaten zuen Ebroko ibaia gorria zegoela, hainbeste odol isuri izanaren ondorioz.

Bigarrengo aldiz harrapatu zuten ordea, oraingoan «moroek»

Aitak esaten zuen erreketeek harrapatu balute hil egingo zutela, baina «moroek» harrapatu zutelako salbatu zela. Espetxera eraman zuten, Tarragona, Reus, ez dakit nora. Trenean eraman zituzten, eta iritsi zirenean eta handik jaisten hasi, jende pila bat zegoen begira. Eta andre bati entzun omen zion: «A ze dezepzioa, nik uste nuen hauek buztana eta adarrak zituztela, eta gu bezalakoak dira».

      Kartzelan zegoela heriotza zigorra ezarri zioten, eta hiru hilabetez egon zen horrela kondizio berdinean zeuden presoekin. Gauero joaten omen ziren norbaiten bila, ateak ireki eta izenak esaten omen zituzten, hartu eta fusilatzera eramateko. Eta orduan hiru hilabetez gauero zain egon zen ea bere izena noiz esango. Azpeitiko Xiriako Agirre omen zegoen han preso, baina berak administrari lanak egiten zituen. Eta hiru hilabete horiek pasa eta gero, San Jose egunez edo esaten zuen berak, Xiriakok abisatu ziola: «Aizak, heriotza zigorra altxatu diate!». Gero epaiketa egin zioten eta hogeita hamar urtetara zigortu, traizio handia egin izana leporatuta, separatista eta euskalduna izateagatik. «Nanclares de la Oca»-ra eraman zuten eta kartzela askotatik pasa ondoren, Donostiara, Ondarretako espetxera, eraman zuten.

Nolakoa zen bizimodua Ondarretako espetxean?

Han goseak egon ziren, jatekorik ez zegoen eta ia. Jateko bakarra tipula egosia edo zorriz betetako baba handiak ziren. Izugarrizko gosea pasa zuten. Jendea gosez hiltzen hasi zenean mojak eraman omen zituzten Ondarretara sukaldatzeko, eta orduan behintzat askoz hobeto jaten zuten. Haiengatik salbatu ziren. Gero etxekoen bisitak baimentzen hasi ziren, eta bisita horietan jana ematen uzten zuten. Baina askotan etxekoek eramaniko gauzak, oiloak, menbriloa, edo etxean egindako jakiak esaterako, funtzionarioek beraiek hartzen zituzten. Askotan ez ziren iristen beraiengana. Gure amak Donostian osaba bat zuen taberna bat zeukana. Taberna hartatik egundoko janari kazuelakadak bidaltzen zizkieten. Baina esan bezala batzuetan ez ziren iristen.

Aitzol apaiza ere Ondarretako kartzelan egon zen fusilatua izan baino lehen, eta aitak bere inguruko istorioren bat kontatu zizuen

Aitzolek gurutze bat omen zeukan, eta gurutzea hartu, begian jo, eta begia atera omen zioten Hernanira fusilatzera eraman baino lehen.

Ondarretako espetxealdian tifusarekin ere egon zen zuen aita,ezta?

Hala da. Bere anaia bat ere han egon zen berarekin preso, eta esaten zuen han pentsatu zutela: «Hau hementxe hilko da». Oso gaizki irten zen handik, eta denbora pasa zen guztiz sendatu zen arte.

Noiz irten zen espetxetik?

Hogeita hamar urte horiek kommutatu egin zizkioten. Frankok amnistia antzerako zerbait eman zuen eta sei urte eta egun bateko zigorra geratu zitzaion. Horrela, egun batez, kartzelan meza ematen zuen apaizak, abertzalea omen zenak, esan zion: «Begira, nik egunero meza eman behar dut, eta zuk laguntzaile lana egin zenezake. Gainera lan bat egingo duzu. Kartzelan dauden zure lagunen kartak niri ekarriko dizkidazu ezkutuan eta nik kanpora aterako ditut. Eta kanpokoak ere ekarriko ditut eta zuk banatu egingo dituzu». Eta «hori egin behar bada prest nago» erantzun omen zion aitak. Hiru egunetan ikasi omen zuen meza laguntzen latinez, eta berak egiten zuen akolito lana. Horrela lagunen kartak eta abisuak apaizari ematen zizkion, bota batean sartuta. Baina denborarekin konturatu egin ziren, eta kontatzen zuen egun batean hartu zutela, gela batera eraman eta ezkerreko bota eranzteko esan ziotela. Erantzi zuen eta ezer ere ez zen azaldu, beste botan baitzeramakien karta. Bestea kentzekorik ez zioten agindu eta libratu egin zen. Baina izugarrizko beldurrarekin ibiltzen zen. Baina beno, horrekin lan handia egin zuten, bai kanpotik barrura eta barrutik kanpora kartak eta gauzak pasatzen. Uste dut berrogeita batean libratu zela. Akolito lana egiteagatik bi egunetik bat barkatu egiten zioten. Orduan kartzelatik atera eta etxera etorri zen.

Baina ezin izan zuen denbora luzez egon etxean

Ez. Etxera itzulitakoan auzoko erreketeek denuntzia bat sartu zioten, eta Langile Batailoira eraman zuten, Errenteriara, hamaika hilabetez egon zelarik bertan. Errepideak egiten aritzen omen ziren. Lanean ari ziren egun batean hango komandanteak esan omen zion bere asistentetzat nahi zuela hartu, eta horretan aritu omen zen, etxeko lanak, erosketak, garbiketak eta antzerako lanak egiten. Esaten zuen komandantea Frankoren aldekoa zela, baina nahiko gizon zuzena aldi berean. Gure aitarekin harreman ona egin zuen. Askotan galdetzen omen zion: «Zergatik nahi duzue Euskal Herria independente izatea?». Eta aitak erantzun: «Gure herria delako, gure historia, gure hizkuntza daukagulako, eta gu ez garelako espainolak sentitzen». Eta gai honen inguruan beste anekdota bat ere kontatzen zuen. Preso zegoela hango teniente batek esan omen zuen: «Baina zuek zertarako nahi duzue independentzia? Hiru mendi eta lau berza!» Hori esan ziotela, eta bai, horrelako anekdotak ere kontatzen zituen. Beraz hamaika hilabete egon zen Errenterian eta ondoren etxera itzuli zen.

Nolakoa izan zen herrira itzulera?

Kuartelera aurkeztu behar izaten zuen oso sarri.

      Gero amarekin ezkondu zen eta eztei bidaietara joateko baimenik ez zioten eman. Baina joateko erabakia hartu zuen eta Bilbora joan ziren, eta handik Gernikara,amari erakutsi nahi ziola eta, eta hiru egun egin zituzten eztei bidaian.

Zein oroitzapen duzue gerra osteaz?

Oso gogorra izan zen. Errazionamenduaz oroitzen naiz. Zenbat lagun bizi familian ba horrenbeste janari ematen ziguten. Guk ez genuen goserik pasatu, baserrian beti baitzegoen ogia, babarruna edo esnea. Kalean bizi zirenek gose gehiago pasa behar izan zuten baserrian bizi ginenok baino.

      Bestela familian bizitza normala egin genuen, gustura bizi ginen. Halere auzoan gerran Frankoren aldean ibilia zen jendea zegoen, erreketeak. Gu bertako umeekin jolasean ibiltzen ginen, beraien etxera joaten ginen eta erlazio normala geneukan. Baina konturatu ginen gure gurasoek beraien gurasoekin ez zutela hitzik egiten. Eta orduan amonak askotan kontatzen zigun ondorengoa: «Begira, horiek erreketeak ziren, Frankoren alde egin zuten gerran, eta aita gerratik etorri zenean kartzelatik, berriro denuntzia sartu eta berriro langile batailoira lanera joan zen». Horrez gain istorio asko kontatzen zizkigun. Esate baterako etxe batean josteko lau makina zeuden, eta zergatia galdetzen genuenean gerra denboran harrapatutakoak zirela azaltzen zigun, beste etxeetatik errekisatutakoak. Beraz gu umeok elkarrekin ibiltzen ginen arren gure amek eta aitek zenbait denboratan ez zuten elkarrekin hitz egin. Halere egun batean, gogoratzen naiz, aitak eta amak esan zutela: «Beno, bizi guztian ezin gara horrela bizi hitz egin gabe. Hau aldatu egin behar da». Horrela hasi ziren agur egiten, kasu egiten, eta gauzak normalizatzen.

      Baserriko lanak zeudenean ere, garia jasotzea eta horrelakoak, denborarekin auzokook elkar laguntzen hasi ginen. Baina denbora behar izan zen gauza hauetarako, urteak pasa ziren.

Aitak gerrako istoriorik kontatzen al zizuen?

Bai, iluntzetan kontatzen zizkigun istorioak, afal ondoren. Txikiak ginen eta artean gauza asko ez genituen ulertzen, baina gero joan ginen gauzak ulertzen.

Zein garrantzi du zuentzat memoria historikoa berreskuratzea helburu duen proiektu honek?

Miren: Neretzat oso garrantzitsua da, eta uste dut hau lehenago egin behar zela. Hirurogeita hamar urte pasa dira, baina jendeak beldurra zeukan aurretik. Poliki poliki hasi da hitz egiten eta nik uste dut beharrezkoa dela, gaurko gazteek ere jakin dezaten zer pasa zen, askok ez baitakite. Nik uste dut jende asko poztu egingo dela. Eta uste dut zor zaiola hori gure herriari eta gure herria defendatzeko hil zirenei eta hor borrokan ibili zirenei. Nik uste dut zor zaiela.

      Kontxi: Bai, niri ere hala iruditzen zait, eta gainera oraindik gehiago sakondu beharko litzatekeela uste dut. Halere uste dut batzuk ez dutela nahi herriaren aurrean gai hau berriz ere ateratzea, lehengo gauzak direnaren iritzian. Alde bat bakarra dago erakutsita, eta bera gaizki. Bat dago gaizki erakutsita, eta bestea oso ezkutatuta. Baina pasatzen dena da gure atzetik datozenak ez direla konturatzen gauza hauekin, eta kontatuta ere zer? Nola ez duten horrelako gauzarik pasa ez diote garrantzia hori ematen.