eu | es
Hasiera » I. liburukia » 5. Lekukotzak » Koro Nazabal Arrieta

Koro Nazabal Arrieta Azpeitian jaio zen 1948. urteko urriaren 6an. Bere aitak Jose Nazabal Carpentier zuen izena, eta amak Mª Teresa Arrieta, Donostiarra. Aita EAE-ANVko zinegotzia izan zen Azpeitian. Gerra garaian salaketa baten ondorioz espetxean egon zen heriotza zigorrera kondenatuta.

Jendeak zer pasa zen jakin behar du.

Herritar batek salaketa jarri zion aitari norbait hiltzea leporatuta, eta horregatik espetxeratu eta heriotza zigorra ezarri zioten.

 

Zure aita gerra garaian espetxean egon zen heriotza zigorrera kondenatuta salaketa baten ondorioz. Zer dakizu gertaera honen inguruan Koro?

Herritar batek salaketa jarri zion norbait hiltzea leporatuta, eta horregatik espetxeratu zuten. Kartzela asko pasa zituen lau urtetan, horietako bat Santoña, eta heriotza zigorra ere ezarri zioten. Nire izebek, bere arrebek alegia, zituzten kontaktu batzuei esker lortu zuen espetxetik irtetea. Baina han pairatutako hezetasunak ondorioak utzi zizkion, eta gerora birika bat kendu behar izan zioten. Azkenean bihotzekoak jota hil zen ni gaztea nintzela. Amak kontatzen zidanez nire aita oso pertsona ona zen, eta nahiz eta jakin salatzailea nor izan zen, ez zion inolako gorrotorik eduki.

Itzultzean berak zerbait kontatu al zizuen?

Ez, niri behintzat ez. Oso gaztea nintzen ama eta aita hil zirenean eta ez nuen gai honetaz hitz egiteko aukerarik eduki. Ondorioz ez ditut datu asko. Dakidana da amak aita bisitatzera kartzelara joan ahal izateko ezkonduarenak egiten zutela, nahiz eta kartzelatik irten ondoren ezkondu ziren. Seme bat ere bazutela esaten zuten, Ramon, eta hain zuzen ere ondoren eduki zuten lehenengo semeari izen horixe jarri zioten.

Zer iritzi duzu urte horietan gertatutakoa ikertzeko proiektu honen inguruan?

Garrantzitsua dela iruditzen zait, jendeak zer pasa zen jakin behar du.