eu | es
Hasiera » I. liburukia » 5. Lekukotzak » Joxemari Iturzaeta Mendia

Joxemari Iturzaeta Mendia Urrestillako «Altuna-erdi» baserrian jaio zen 1957. urtean. Aitak, Joxe Inaxio Iturzaeta Zubizarretak, (1905) tropa frankistak Azpeitira sartzean ihes egin zuen Bizkaia aldera. Osaba, Zelestino Iturzaeta Zubizarreta berriz Bizkaiko frentean erail zuten fusilatuta.

Aitak askotan kontatzen zuen Gernikako mendixka batetatik ikusi zutela alemanek Gernika nola bonbardatzen zuten azoka eguna zen astelehen horretan.

Gertatutakoaren egia jakitea eta beren gorpuak berreskuratu eta egon behar duten lekuan lurperatzea zor diegu.

 

Tropa frankistak Azpeitira sartzean zure aitak Bilbora alde egin beharra izan zuen. Ondoren etorri ziren atxiloketa eta Langile Batailoian gatibu lanak egin beharra

Bilbora alde egin beharra izan zuen bai, baina badakit hara iritsi aurretik Gernika inguruan ere ibili zela, askotan kontatzen baitzuen Gernikako mendixka batetatik ikusi zutela Alemanek Gernika nola bonbardatzen zuten azoka eguna zen astelehen horretan. Bilbon hilabete bastante pasa zituen, eta han zeudela menditik egurra eramaten zuten, egur horrekin lortzen zuten diruarekin elikatzen baitziren. Bilbotik ere alde egin beharra izan zuten, eta Santanderren atxilotuak izan ziren, El Sardinero-n, orain futbol zelaia dagoen lekuan. Han atxilotu eta Bilbora ekarri zituzten berriro, zezen plazara. Bere arrebek janaria ematen zioten bertan zegoelarik. Ondoren Gallartako minetara eraman zuten, Langile Batailoira. Bertan, nire aita eta gainontzeko presoek, Gallartatik Bilboko labe handietara zihoazen burdin mineralez betetako tren bagoiak kargatzen zituzten. Berak kontatzen zigun egunero lan bat zeukatela egiteko, eta momentu bat iritsi zitzaion ezin zuela bete eguneroko lana. Egoerari aurre egiteko eskuineko behatz potoloa lehertu zuen harri batekin, horrela egun batzuk pasa zituen erizaintzan mineral harririk kargatu gabe tren bagoietan.

Hori dena aitak berak kontatuta dakizue?

Bai, berataz gauza asko kontatzen zizkigun, baina bere anaia Zelestinotaz ezer ere ez. Pentsatzen dugu gu babesteagatik egingo zuela. 1976. urtean izan genuen aukera bere anaiaz galdetzeko, denok baserrian bazkaltzen geunden batean harri artean ezkutatuta zeukan herdoildutako menbrilo kaxa batetatik dokumentu pila bat atera baitzituen, errepublika garaiko dirua, Gallartako Langile Batailoitik etxera bueltatu ahal izateko baimen agiria, gudari bezala zeukan zedula militarra, eta baita anaia Zelestinoren hil errekordatorioa ere. Baina guk momentu hartan ez genion ezer galdetu bere anaia Zelestinotaz, eta orain daukagun damu handiena hori da.

Eta aitak ez kontatu arren ba al dakizu zerbait zure osaba Zelestinori gertatutakoari buruz?

Bere hil errekordatorioan agertzen da 37an Bizkaiko frentean hil zutela. Urrestillan testiguak daude esaten dutenak Zalla inguruan hil zutela. Osaba soinujolea zen, eta batzuk esaten zuten bere eskusoinu eta guzti hil eta lurperatu zutela, eta besteek hil aurretik kendu ziotela. Bestalde Azpeitiko udaleko artxiboko dokumentu batean agertzen da Loiola batailoira inkorporatu zela. Beraz ez daukagu informazio argirik gertatu zitzaionaren inguruan.

Zein iritzi duzu 1936-1945 urte bitarteetako errealitatea ikertzea helburu duen proiektu honen inguruan?

Aranzadi egiten ari den lanari buruz esango nuke lehenaldia edo pasatako historia ikertu eta kontatzen ez duen herriak oso zaila daukala bakera iristea. Bestetik uste dut nire aita, ama, osaba, denei zor diegula gertatutakoaren egia jakitea, eta beren gorpuak berreskuratu eta egon behar duten lekuan lurperatzea. Eta azkenik uste dut inoiz ez dela berandu ikerketa hau egiteko.