eu | es
Hasiera » I. liburukia » 5. Lekukotzak » Miren Garmendia Altuna

Miren Garmendia Altuna 1959. urteko abuztuaren 26an jaio zen Azpeitian. Aitak Jose Mari Garmendia Errasti zeukan izena, eta amak Maria Altuna Astigarraga. Biak espetxean egon ziren.

Nuarbeko parrokoari berrogei oilasko harrapatzea leporatzen zioten amari, ondoren gudarientzat prestatzeko.

Aitak zioenez izugarrizko gosea pasa zuten Ondarretan.

 

Zure aita eta ama auzitegi militar frankistak epaituak eta ondoren espetxeratuak izan ziren, Miren

Hala da. Ez genuen aukera askorik izan beraiekin gai honetaz hitz egiteko, ama berrogeita hamazazpi urterekin hil baitzen, nik hamahiru urte nituela, eta aita hirurogeita bederatzirekin, nik hamazazpi urte nituela. Aitari entzun izan zion Burgoseko espetxean egon zela, baina gainontzean ez zuen gauza handirik kontatu. Amak aldiz ez zuen inoiz ere ezer kontatu gertaturikoaz. Baina zerbait sumatzen genuen, horregatik hasi baikinen informazioa bilatzen. Aranzadiren bitartez informazio asko iritsi zaigu. Azpeitiko proiektua martxan jarri zenean harremanetan jarri ginen beraiekin, eta dokumentazio asko jaso dugu, nahiz eta datu batzuk ez diren garbi ikusten. Oso informazio interesgarria iruditu zait. Amaren inguruko nahikotxo dokumentazio iritsi zaigu, gauza asko ez genekizkienak gainera.

Dokumentazio horren bitartez zein informazio jakin ahal izan duzue?

Aitaren ingurukoa ez dut gehiegi jaso, dokumentu batzuk ez dira oso argi ikusten eta. Aita errepublikaren alde borrokan aritu zen gerran, eta harrapatu ondoren espetxeratu eta hiru urte pasa zituen Burgoseko kartzelan, aharik eta Bilbon askatu zuten arte.

      Baina amari buruz jaso dugun informazioa harrigarria egin zait. Azpeitian EAJ-k «emakumeak» izeneko talde bat omen zeukan, eta bere aurkako akusazioa talde honetako partaide izatea zen. Gudariei komedorean jatekoa preparatzea zen beraien egin beharretako bat. Horrela, Nuarbeko parrokoari berrogei oilasko harrapatzea leporatzen zioten amari, ondoren gudarientzat prestatzeko. Kalera etortzen ziren baserritarrei ere arrautzak eta esnea harrapatzea leporatzen zioten. Informazio horrekin harrituta geratu naiz.

Horren akusaziopean non espetxeratu zuten ama?

Donostiako kartzelan, Ondarretan. Bi hilabete inguru pasa zituen han.

Aitak, itzultzean, zerbait kontatu al zizueten?

Ez, berari entzundako datu bakarra daukat buruan, izugarrizko gosea pasatzen zutela espetxean, eta arratoien haragia ere jateko prest zeudela, nahiz eta ez dudan uste inoiz jan zutenik. Pentsa gosea zenbaterainokoa zen. Horrez gain etxean gudarien txapa bat, «Intendencia militar de Euskadi» edo jartzen duena, eta kartzelan egindako gurutze bat, non «bihotzez espetxetik» jartzen duen aurkitu ditugu. Azken hau, ziur jakin ez arren, aitak amari espetxetik bidalitakoa dela uste dugu.

Zer sentsazio sortarazi dizu horrenbeste denbora eta gero informazio hori jasotzeak?

Amarenak harridura sortu dit, aitarenak ez horrenbeste, gauza gehiago genekizkielako.

Garrantzitsua iruditzen al zaizu horrelako proiektuak martxan jarri eta informazioa azalaraztea?

Bai, niri baietz iruditzen zait. Beti alde batekoa soilik jakin izan dugu, eta beste aldekoaren informazioa edukitzea ere oso garrantzitsua dela deritzot, zer gertatu den jakiteko.