eu | es
Hasiera » I. liburukia » 5. Lekukotzak » Begoña Errasti Odriozola

Begoña Errasti Odriozola Oñatz-ko «Olano» baserrian jaio zen. Aitak Jose Antonio Errasti zuen izena, eta amak Maria Odriozola.

Iritsi zirenerako gizona hila omen zegoen, fusilatu egin zuten. Medikua ote zen zioten.

Errentero denak karlista egin zituzten, bestela ez zieten uzten eta errentan jarraitzen.

Andre «gorrienak», senarra gerran edo hilda zutenak, Lazaretora ekartzen omen zituzten.

 

Zer kontatu zizun amak gerra aurreko eta gerra hasierako denborez?

Ama, Maria Odriozola, oso gaztea zela Azpeitira etorri zen lanera Don Antonio medikuaren etxera. Hemen zela Etxe Zuriko Inaziorekin hasi zen irteten, zeina oso abertzalea zen, gure amaren familia ez bezala, karlistak baitziren. Amak hemezortzi urte zituela hasi zen gerra, eta gerra hasieran bere mutil lagunak egin zituen ekintza batzuen ondorioz (Jesusen Bihotzaren estatua bat hautsi, eta Roke Astigarraga alkate karlistaren «Astigarraga» tabernaren almazenean zeuden Nafarroako ardo zaragiak fusilekin zulatu, besteak beste) erreketeak, Azpeitira sartu zirenean, Etxe Zuriko etxera sartu, gauzak errekisatu eta dena puskatuta utzi zieten. Honen jakitun ziren baina aurretik, eta gauza baliotsuenak Don Antonioren etxeko ganbaran ezkutatuta utzi zituzten. Izan ere, Don Antoniok, etxera laguntza eske joaten zitzaionari esku bat botatzen zion beti, edozein alderditakoa izanda ere. Orain tren museoa dagoen lekuan gerra garaian Urola estazioa zegoen. Soldaduak estazio horretatik etorri eta joaten zirela kontatzen zuen amak. Etortzen ziren soldaduak etxe ezagunenetara bidaltzen zituzten ofizialek, bertan jan eta lo egin zezaten. Don Antonioren etxean ere egon omen ziren. Etxeko nagusiarekin oso edukatuak baziren ere neskekin nahiko lotsagabeak zirela esaten zuen amak.

Aitak ere hainbat gertaera kontatu zizkizun, tartean fusilamendu batzuen ingurukoak

Aitak fusilamentuak izaten zirela kontatu zidan, eta egun batean «Zamaie» baserrian, Aratz Erreka bidean, gizon bat fusilatu behar zutela jakin zutela. Aita eta Facundo ikustera joan omen ziren, baina iritsi zirenerako gizona hilda omen zegoen. Medikua ote zen zioten. Traje marroia eta zapata zuri marroiekin jantzita zegoela esaten zuen nire aitak. Eta gizona han zegoela tiroz hila, «Zamaie» baserrian.

Zuen etxean errentan jarraitzekotan aita karlista egin behar izan zen, ezta?

Halaxe da. Gure baserriaren jabeek Urrestillan beste etxe eta baserri asko zituzten errentan jarrita. Eta beraien errentero denak karlista egin zituztela oroitzen naiz, tartean gure aita, bestela ez omen zieten eta errentan jarraitzen uzten. Izan ere beren Bilboko iloba bat, hamalau bat urtekoa, anarkistek bortxatu eta hil zutela esaten zuten, eta hortik zetorrela beren amorrua.

Bestalde auzokideen artean ezinikusi handia sortu omen zen gerra zela eta

Bai, ezinikusi hori islatzen duten kasu bat baino gehiagoz oroitzen naiz gainera . Nire gizonaren aitari esaterako, «Etxeberri» baserriko Jose Ignacio Aranguren, zeina auzoko alkatea izan zen, egun batean Aratz Errekako nazionalista batzuk etorri zitzaizkion bila, auzoko alkate izateagatik soilik, ez baitzuen behin ere ezer txarrik egin. Beste adibide bat nire amaren «Txokolate» baserrian lana egiten zuen Facundo izeneko gizon bati gertaturikoa da. Espia izatea leporatuta atxilotu eta Loiolako kartzelara eraman zuten. Han egun batzuk pasa zituen, ahalik eta nire ama, bi oilo eta baserriko ogi bat hartuta, hara joan eta han zeuden soldaduekin trukea egin ondoren aske geratu zen arte. Nire izeba bat berriz, Josepa Antoni, Landetan bizi zena, Oñatz-ko baserrira familiako bat bisitatzera joan eta atzera jaiotetxera, «Txokolate»ra bueltatu zenean auzokoek denuntzia sartu eta Loiolako kartzelara eraman zuten hura ere. Lau edo bost ume zeuzkan eta kartzelara eraman zuten. Josepa Antoniren gizonak esnea banatzen zuen etxeetara, eta horietako batzuk abertzaleak ziren. Baten etxera joan omen zen gertaturikoa kontatzera eta haren laguntzaz askatu omen zuten. Aranguren ahizpez ere gogoratzen naiz. Maritxu, Jesusa eta Juana, Azauraza baserrikoak, oso abertzaleak ziren. Jesusak klaseak ematen zituen Olazko mojetan, eta euskaraz irakasten zuen. Beren auzokideak baina, «Kaminburu» baserrikoak, karlistak ziren, eta bizitza ezinezkoa egin zieten, beti kontrolatuta edukitzen zituzten. Horrela, egun batez, Jesusak ibilaldi bat antolatu omen zuen mojekin batera eskolako umeentzako. Ibilaldi horretarako dirua batu zuten, eta mojek esanda Jesusak bere etxean gorde zuen diru hori. Egun batean etxea erregistratzera etorri zitzaizkion soldaduak, eta ibilaldirako diru guztia errekisatu zioten. Beste bi ahizpak kartzelan egon ziren. Bizitza oso-oso zaila egin zioten.

Halere bazen alde egin aurretik agurtzera zuen baserrira joan zenik

Nire aitaren lagun handi bat zen, ezkertiarra, Agustin, Oñatz-ko «Etxeberri» baserrikoa. Etxera etorri zen gau batez, alde egitera zihoala eta beldurra zeukala esatera. Alde egin zuen eta ez zen gehiago azaldu. Esaten dute Bizkaia aldean hil zutela, baina bere aztarnarik ez dago.

Azpeitian errepublikaren alde borrokatzera joandako gizonen emazte eta haurrak espetxeratuta eduki zituztela ere entzun izan duzu. Zer dakizu horri buruz?

Andre «gorrienak», senarra gerran edo hilda zutenak, Lazaretora ekartzen omen zituzten. Ez ziren Azpeitiarrak, kanpokoak ziren, eta hor bizitzen ziren beren umeekin batera. Kartzela bat bezalakoa zen, eta ez ziren ondo ikusiak. Ez zeukaten ezer ere, baina mediku zerbitzua bai.

      Hain zuzen ere Don Antonio, nire ama neskame zegoen etxekoa, zen beren medikua.