Mª Begoña Errasti Agirre «Amube» baserrian jaio zen 1939. urtean
Aitari espetxetik etxera itzuli ahal izateko agiria eman zion soldaduaren ahotik honakoa entzun behar izan zuen amak: Gustu handiz emango dizugu, hura harrapatzeko zain baikaude fusilatzeko.
Erdaraz hitz egin beharra zegoen zigorrik jaso nahi ez bazenuen.
Falangista bati honakoa erantzutearren zigortuta egon nintzen: Si a su padre no le hubiesen robado toda la hacienda que tenía podría venir vestido de seda.
Zein ziren zure gurasoak Begoña?
Aitak Francisco Errasti Egiguren zeukan izena. Lasaoko «Trukuman» baserrikoa zen, nahiz eta berezko izena «Palankabi» izan. Amak berriz Juana Agirre Oiarzabal zeukan izena. Biak ezkondu eta berehala hasi zen gerra.
Gerra hasi eta aita Bilbora joan zen, borrokatzera, ezta?
Bai, amaren anai batekin batera joan zen. Begoñan egon omen zen, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Departamenturako lan egiten zuen. Hemendik ihes egiteko aukera izan omen zuen, «Sota y Andar» Bilboko nabigeroekin. Ramon Sota-k eskaini omen zion aukera, baina ordurako amak haurra izana zuen eta andrea eta haurra bakarrik ez uztearren hemen geratu zen.
Eta preso hartu zuten
Bilbon preso hartu eta Valladolidera eraman zuten, Santa Espinara, hango penalera. Han zegoen bitartean amari etxea kendu zioten, eta bere gurasoen baserrira joan beharra izan zuen.
Nola lortu zuen etxera itzultzea?
Aita «la adoración nocturna»-ko partaide zen, eta honek espetxetik lehenago ateratzen lagunduko ziola pentsatuaz Zestoara joan zen ama hau ziurtatzen zuen agiri edo informea eskatzera. Tramite horretaz arduratzen zen gizonak honakoa esan omen zion eskaria entzundakoan: «Gustu handiz emango dizugu, hura harrapatzeko zain baikaude fusilatzeko». Eta amak erantzun: «Ba laster izango duzue ba hemen». Eta halaxe agiria eman, Valladolidera bidali, eta berehalaxe honantz etortzeko moduan izan zen aita.
Nolakoa izan zen herrira itzulera?
Itzuli zenean sarri sarri komandantzian presentatu beharra izaten zuen, eta beldur ziren komandantzian presentatzera agindutako denak gero Santoñako penalera bidaltzen zituztelako. Baina nire aita aske geratu zen bi kondiziorekin: Alde batetik hiru urtez baserrian ezkutatuta egon behar zuen, eta bestetik, aitak Valladoliden praktikante ikasketak burutu baitzituen denbora batez, Frankoren tropetako zaurituak sendatzen lagundu behar zuen. Halaxe hiru urtez. Ondoren bulego bat jarri eta diputazioko eta Urolako praktikante lanetan aritu zen.
Amari ere iritsi zitzaion zigorra. Denboraldi bat Lazkaon pasa beharra izan zuen
Hasieran Iruñera joateko agindua eman zioten. Zortzi hilabeteko haurdun zegoen, eta ez zeukan ezagunik alde hartan. Lehenengo familiako batzuen baserrian ezkutatu zen, baina Guardia Zibilak berehala harrapatu eta berriro Iruñeara joateko agindua eman zioten. Azkenean Lazkaon ezkonduta zeukan ahizpa baten etxera joan eta han libre ibiltzeko baimena lortu zuen. Eta gero, familia izateko garaia izan zuenean, baimena eman zioten hona itzultzeko. Ez zuen denbora asko pasa Lazkaon.
Gerra amaitu eta Frankoren diktadura ezarri zen. Zer oroitzen duzu garai hartako eskolaz?
Erdaraz hitz egin beharra zegoen zigorrik jaso nahi ez bazenuen. Ostegunetan falangista bat etortzen zen, eta falangeko liburuxken inguruko galderak erantzun ondoren 'cara al sol' abestu behar izaten genuen.
Egun batean zigortu ere egin ninduten. Izan ere bazen ikasle bat oso familia pobrekoa zena, eta falangista hori beti berarekin sartzen zen. Behin uniformerik gabe etorri zelako kontuak eskatzen hasi zitzaion falangista, eta nik honakoa esan nion: «Si a su padre no le hubiesen robado toda la hacienda que tenía, podría venir vestido de seda». Etxean ere zigortu ninduten hori esateagatik, baina hark entzun beharra izan zuen.
Beste behin berriz, kurtso bukaera zen, eta errektorea, alkatea, kapellaua eta moja superiora etortzen ziren ikasketa, asistentzia eta jarrera onak saritzeko ikasleei banda batzuk jartzera. Astigarraga alkateari gerra denboran nire aitak hanka sendatu zion, erreketea baitzen, eta niri banda ipintzera zihoala honakoa esan zuen: «Para mí es un gran honor ponerle esta banda a una Errasti». Bukatu zuenean jaiki nintzen eta esan nion: «No puedo decir lo mismo. Yo me niego a que me ponga usted esa banda». Eta eseri egin nintzen. Moja superiorak mesedez horrelakorik ez egiteko esan zidan, baina guztiak agurtu eta alde egin nuen. Kapellaua, Don Jose Maria Agirre, gure amaren osaba zen, eta gure etxera joan eta gurasoei dena kontatu zien. Zigor moduan udaran Iruñeara joan behar izan nuen, 'Madres Ursulinas'-era.