eu | es
Hasiera » I. liburukia » 5. Lekukotzak » Milagros eta Begoña Elias Olazabal

Milagros eta Begoña Elias Olazabal Azpeitian jaio ziren 1949. urteko maiatzaren 17an. Aitak Paco Elias Unanue zuen izena, eta amak Juliana Olazabal Aranguren, biak azpeitiarrak. Aitak beste hiru anaia zituen, eta laurak ibili ziren gerran, bi alde batean eta beste bi bestean.

Egoera gogorrak pasa zituzten, anaiak bi bandotan banatuta baitzeuden.

Aitak esaten zuen ordu jakin batean ateratzen zituztela presoak fusilatzeko, eta behin baino gehiagotan deitu ziotela berari, sufriarazteko.

Aitak kontatzen zuen beste azpeitiar bat ere berarekin zegoela, «Beltza» esaten ziotena, eta hura fusilatu egin zutela.

Taberna batera sartu eta batzuetan bidali egiten zuten eta alde egin behar.

 

Zuen aitak beste hiru anaia zituen, eta laurak ibili ziren gerran, bi alde batean eta beste bi bestean. Zer dakizue zuen aita eta osaben gerra garaiko ibilerei buruz?

Saturnino eta Manuel Elias Unanue «Pottin» erreketeak ziren. Manuel frentean hil zen, Lemoan. Eta Saturnino erreketeen tenientea zen. Eta gero beste aldean zeuden Jose Maria Elias Unanue, Loiolako batailoiarekin borrokatu zuena, eta ondoren Langile Batailoian egon zena Cadizen. Eta gure aita, herritik alde egin zuena. Egoera gogorrak pasa zituzten, anaiak bi bandotan banatuta baitzeuden. Esan bezala Manuel hil egin zen, baina ondoren beste anaiek erlazio ona eduki zuten elkarren artean.

Beraz aitak alde egin zuen. Zer gertatu zen berarekin?

Bizkaira alde egin eta Gernikako bonbardaketa bizi izan zuen. Aitak kontatzen zuen Azpeitiko «Potxolo»-rekin, hemen egunkariak saltzen zituena, zegoela Gernikan, eta bonbardaketako sirenak entzun zituenean aita errefugiora sartu zela, baina «Potxolo» estaziora joan zela. Aitak izugarrizko eztanda entzun omen zuen errefugioan zegoela, eta irten zuenean «Potxolo» ikusi zuen beso bat falta zitzaiola.

Gernikatik Bilbora joan zen, eta han preso hartu zuten

Bilbon atxilotu eta «Eskolapioetan» egon zen preso urte batez. Gure aita tapizeroa zen, eta han preso zegoela hango funtzionario batek bere etxeko lan batzuk egiteko eskatu zion. Eliza batetik lapurtutako telak ekarri zizkion tapizatzeko, eta hala egin zuen, baina zati bat gorde zuen. Izan ere elizatik salatu egin zuten funtzionarioa, eta epaiketan tela pusketa hori erabili zuten froga bezala. Ondorioz espetxeratu egin zuten. Funtzionario horrek oso fama txarra zeukan eta jende asko poztu zen gertaera honetaz.

«Eskolapioetatik» etxera itzuli zen. Nolakoa izan zen herrira itzulera?

Ordurako ezkonduta zegoen eta familia zeukan. Berak beti kontatzen zuen taberna batera joan eta batek nola esan zion: «Etorri al haiz? Laster bidaliko haugu berriro kartzelara». Eta gero handik gutxira denuntzia bat sartu zioten. Despedida bateko argazki bat erabili zuten froga bezala eta «por borracho, matón e indeseable» espetxeratu zuten.

Eta berriro kartzelara, heriotz zigorra eta guzti

Oraingo honetan Donostiara eraman zuten, Ondarretara. Han heriotza zigorra ezarri zioten. Eta aitak kontatzen zuen beste Azpeitiar bat ere berarekin zegoela, «Beltza» esaten ziotena, eta hura fusilatu egin zutela. Hura ere denuntzia baten ondorioz zegoen espetxean, ez politika kontuengatik. Aitak esaten zuen ordu jakin batean ateratzen zituztela presoak fusilatzeko, eta behin baino gehiagotan deitu ziotela berari, sufriarazteko. Arreba moja bat zeukan, eta honek Cardenas medikuari idatzi zion, Ondarretan zegoen mediku militarrari. Anaia heriotza zigorrera kondenatuta zegoela esanaz idatzi zion, eta hark odol deliturik ba al zeukan galdetu eta ezetz erantzutean lagunduko ziela erantzun zion Cardenasek. Heriotza zigorra kommutatu zioten eta urtebeteren ondoren aske geratu zen.

Nolakoa izan zen itzulera oraingoan?

Ez zen erraza izan. Taberna batera sartu eta batzuetan bidali egiten zuten, eta alde egin behar. Gogorra zen hori, beraiek agintzen zuten herrian. Jose Antonio Agirre hil zenean ere pasaportea kendu zioten hiletara ez joateko.

Kontatzen al zizueten aitak edo osabek gerra garaiko konturik?

Bai. Oroitzen naiz behin Iñaki Goikoetxea, Loiolan egon zen jesuita bat, etorri zela gure etxera, eta haren aita gurearekin batera egon zen «eskolapiotan». Iñakik esaten zion guri ez kontatzeko kontu haiek, gazteak ginela eta, baina gure aitak dena kontatzen zigun. Gernikako bonbardaketaren inguruan kontatzen zuen gehiena, gaizki pasa zuen. Ondarretako kartzelan, hondartza ondoan zegoenez, hezetasun handia omen zegoela ere kontatzen zigun. Osaba Jose Marik berriz Langile Batailoian Cadiz-en egon zenean errepideak egiten zituztela kontatzen zigun.

Aitak Ondarretako kartzelan abesten zuten kanta bat ere erakutsi zizuen

Bazkari guztietan abesten zuen: «Estamos en Ondarreta por ser muy nacionalistas, y gritamos con orgullo que somos separatistas. Nuestro lema es 'jaungoikoa', la doctrina 'lege zaharra'» eta gero zutik jarri eta «Y gritamos con arrogancia, gora Euskadi askatuta!».