Duesoko espetxean lur azpi batzuetan eduki zuten aita, eta marea igotzean gerritik behera uretan egoten zen.
Aitari, gorria zenez, kartzelatik atera zenean ez zioten lanik ematen Azpeitian.
Urtero, uztailaren 18a iritsitakoan, ama bere onetik irtenda egoten zela konturatzen nintzen.
Zure aita gerra garaian tropa frankistei aurre egitera joan zen azpeitiarretako bat izan zen Kontxi. Zer dakizu aitari buruz?
Sozialista zen, berak gorria zela esaten zuen eta gerra langileen alde egin zuela. Atxilotu zutenean Duesoko penalean egon zen preso, Santoñan.
Zerbait kontatzen al zuen han pasatakoaren inguruan?
Hango bizimodua oso gogorra izan zela esaten zuen. Lur azpi batzuetan edukitzen omen zituzten, eta marea igotzen zenean, bera txikia zenez, gerritik behera uretan egoten zela. Han zorri asko zeudela eta tifusa pasa zuela . Baina badaude kontatu nahi ez zituen gauzak ere. Berarekin egondako batek kontatu zigunez, aitak erdaraz hitzik ere ez zekienez ezin izan zuen deklaratu, ez zuelako ulertzen esaten ziotena, eta more more eginda laga omen zuten. Ondoren handik Donostiara, Ondarretako kartzelara ekarri zuten.
Espetxean kondizio gogorretan egon zen beraz. Bitartean nolakoa zen herrian geratu ziren familiakoen bizimodua?
Ama eta bi umeri, nire anaia eta ahizpa, batek hiru urte eta besteak lau zauzkatenak, desterratuta Azpeititik kanpora irteteko agindua eman zieten. Amaren lehengusu baten baserrian ezkutatuta egon ziren bi urtez, kanpora irten ere egin gabe, etxe barruan. Gero umeak kanpoko zelaira irteten hasi ziren, baina auzoko batzuek ikusi eta salaketa jarri zieten Azpeitiko udaletxean. Orduan alkateak amari deitu zion deklaratzera joateko. Emakume hura bi ume haiekin ikusi zuenean kalean bizitzera etortzeko inor ba al zeukan galdetu zion, eta ama bakarrik zeukala erantzun zion, bi osaba ere gerran zirelako . Horrela, bizitzera kalera etorri eta umeak eskolara eramateko esan omen zioten. Beraz gerra bukatu arte amarekin bizi izan ziren. Gerra bukatu eta osabak itzuli zirenean etxe bat topatu eta han jarri ziren bizitzen. Baina nire amak ez zeukan dirurik. Zeukan diru apurra alpargatak josten ateratzen zuen. Eta bi umeak gizarte zerbitzuetara edo falangera joan behar izaten ziren bazkaldu eta afaltzera. Etxe zurin zegoen lokal hau.
Nola bizi izan zuen aitak herrira itzulera?
Aitari, gorria zenez, kartzelatik atera zenean ez zioten lanik ematen Azpeitian. Ondorioz Eibarrera joan behar izan zen lanera.
Egunero joaten al zen Eibarrera?
Egunero ez. Apopilo bizitzen jarri zen han eta astean behin etortzen zen. Askotan autobusa ordaintzeko dirurik ere ez zuten edukitzen, eta oinez etortzen omen ziren Eibarretik Azpeitira. Larunbatean etorri eta berriro igande iluntzean edo astelehen goizean itzultzen ziren.
Berak gutxi hitz egiten zuen gai honen inguruan
Ez zuen ia ezer ere kontatzen.
Eta amak? Zerbait gehiago kontatzen al zizuen?
Amak ere ez. Gaia ateratakoan urduri jartzen zen, ikaragarriak pasa zituztela antzematen zitzaion. Eta urtero, uztailaren 18a iritsitakoan, konturatzen nintzen ama bere onetik irtenda egoten zela.
Zure anaiak ere jazarpena pairatu behar izan zuen. Zergatik?
Anaia ELA sindikatuan zegoen, eta guardia zibila beti atzetik ibiltzen zitzaion, ELA legez kanpokoa baitzen. Gerora bere bila etorri ziren etxera, baina ez zuten harrapatu, ordurako ihes egina baitzegoen. Hamahiru urte egin zituen herritik kanpo. Oso gaizki pasa genuen kanpoan zegoen bitartean, urteak pasa baikenituen non zegoen jakin gabe. Ezkondu zenean jakin genuen Bilbon zegoela. Lehenengo umea izan zutenean ama joaten zen umea zaintzera, nire anaia klandestinitatean baitzegoen, eta emaztea lanean. Eta nik hara bisitara joateko autobusa hartu baino lehen autobusean zein joaten zen bigilatzen nuen, igo edo ez jakiteko. Eta bide guztia beldurrez egoten nintzen. Bilbora iritsitakoan ere ezkutuan ibili behar, inork ez ikusteko.
Hala eta guztiz ere ikusi eta salatu egin zuten
Azpeitiar batek ikusi zuen Bilbon, lehenengo semea izan zuenean epaitegira inskribatzera joan zenean,eta salatu egin zuen.