eu | es
Hasiera » I. liburukia » 5. Lekukotzak » Kontxi Azpiazu Gomez

Kontxi Azpiazu Gomez 1929ko apirilaren 22an jaio zen Azpeitiko Enparan kalean. Aita, Faustino Azpiazu Arrieta, EAJ-koa zen. Ama berriz komunista.

Aitak alde egin zuenean bere karta bat jaso genuen ondo zegoela esanaz, baina ez genuen ezer gehiago jakin berataz.

Aitak alde egin zuenez guk ere joan beharra geneukala iritzi zuten.

Eskolan, gu, gorriok, aingeru txarrak ginela esaten ziguten, jainkoaren aurka altxatu ginelako.

 

Gerra hasi zenean zazpi urte zenituen Kontxi. Zer da garai hartatik oroitzen duzuna?

Gogoratzen naiz tropa frankistak Azpeitian sartu baina lehenago, gau batez, nire anaia, Pepe Azpiazu Gomez, CNT-koa zen bera, etxera etorri zela amari esateko etxe aurrean bi frente ipintzera zihoazela eta erdian harrapatuko gintuztela, eta beraz alde egiteko handik. Orduan nire ahizpa, Carmen Azpiazu Gomez, kalera irten eta CNT-ko kamioi bat bilatu zuen. Kamioi hark Aizarnazabalera eraman gintuen. Han bageneuzkan senide batzuk eta han egon ginen hamabost egunez. Nire anaia Pepek lagun batekin, Txaiberrekin, alde egin zuen. Ondoren Txaiber fusilatu egin zuten.

Azpeitira bueltatu zinetenerako tropak sartuta zeuden jada. Zer topatu zenuten itzultzean?

Iritsi eta berehala erreketeak ate joka etorri ziren, aita gurekin etorri al zen galdezka. Ez zela etorri erantzun genien eta alde egin zuten.

      Baina ez gintuzten bakean utzi. Izan ere handik gutxira herritik alde egin behar genuenaren abisua iritsi zitzaigun. Aitak alde egin zuenez guk ere joan beharra geneukala iritzi zuten. Azkenean osaba baten laguntzaz hemen geratzea lortu genuen. Gero soldaduak bidali zizkiguten gure etxean lo egitera, etxe handia baitzen. Behartuta joandako soldaduak ziren eta beraiekin egon ohi ginen karta jokoan eta horrela.

Aitak alde egin zuen eta ez zen inoiz etxera itzuli

Alde egin zuenean karta bat jaso genuen ondo zegoela esanaz, baina ez genuen ezer gehiago jakin berataz.

Zure hiru anaia preso hartu zituzten, ezta hala?

Bai. Anaia zaharrena, Roke Azpiazu Gomez, ertzain sartu zena, segituan harrapatu zuten Bilbon. Lehenengo Zornotzako penalean, ondoren Burgosekoan eta gero Madrilekoan egon zen. Madriletik hona itzuli zen.

      Beste anaia, Eleuterio Azpiazu Gomez, Santanderren harrapatu zuten . Ez zuen denbora asko egin preso, soldaduskara joan beharra suertatu baitzitzaion eta Elizondora joan zen soldadu.

      Eta bestea, Pepe, Portugal inguruan harrapatu zuten. Langile Batailoi batean egon zen Huescan, eta libratu zenean Madrilera joan zen. Han osaba baten garajean jardun zuen lanean. Astigarragak, Azpeitiko alkate frankistak, aurretik nire aitaren laguna izanagatik ere informe txarrak bidali zituen Peperentzako, CNT-koa zelako.

Zure ahizpa Carmenek ere ondorioak jasan zituen

Bai. Behin ilea mozten saiatu ziren. Fusil bat ipini omen zioten aurrean eta ilea mozten hasi omen zitzaizkion. Baina orduan kapitaina sartu omen zen, ilea moztea galarazi eta etxera ekarri zuen.

Fusilatzen al zuten inor kalean?

«Enparangain» baserriko «Kukubiltxo» Amoko zubi inguruan, Corrugados inguruan, hil zutela gogoratzen naiz. Baita hilerri aldean bonbaren bat bota zutela ere.

Eta horren harira, oroitzen zara bonbardaketez?

Oroitzen naiz, bai. Lasterka hasten ginenean soldaduek barre egin eta zera esaten ziguten: «Nondik igotzen da teilatura? Askoz hobeto egongo zinatekete teilatuan hemen baino, etxea eroriko zaizue gainera eta!». Bat alemana zen, oso azkarra.

Gerra amaitu eta Frankoren diktadura ezarri zen. Nolakoa izan zen gerra ostea?

Oso gogorra izan zen, gose handia pasa genuen. Ogia egunero jaten genuen, baina haragia astean behin.

      Eskolara Esklabetara joaten ginen, eta aingeru onak eta txarrak zeudela esaten ziguten, eta gu, gorriok, aingeru txarrak ginela, jainkoaren aurka altxatu zirenak.