eu | es
Kasu ugarietako bat
ARRIETA ZUBIMENDI, MARIA

      Mariak 25 urte zituen 1937ko uztailaren 7an Azpeitiko Guardia Zibilak Maximina ahizparekin batera atxilotu zuenean. Haien aurkako salaketa Azpeitiko «Margarita» Rosario Echevarria Altamira, Ignacia Bereciartua Azpiazu eta Pilar Aguirre Perezek jarri zuten. Salatzaileen arabera, Arrieta Zubimendi ahizpak «ekintzako nazionalistak ziren, azken hauteskundeetan propaganda egin zuten, hau da, herri horretan gorri separatisten agintaldian milizianoei jaten eman zieten, Espainiaren eta Margariten Elkartearen aurkako oihu iraultzaileak egin zituzten, eta salatzaileak atxilotzean ere parte hartu zuten». Salaketa horiek berretsiz, Azpeitiko alkateak (Roque Astigarraga), Azpeitiko Junta Carlistako ordezkariak (Julian Orbegozo Embil), eta haren anaiak (Casto Orbegozo), txosten bat egin zuten uztailaren 13an, eta bertan, Maria «nazionalista asaldatua eta aktibista propagandista» zela zioten.

Maria Arrieta Zubimendik epaileari bidalitako gutuna.
(AIRMN).

     Ondarretako espetxera eraman zuten. Uztailaren 22an Mariak epaile militar instruktorearen aurrean berretsi zuen Azpeitiko komandantzian atxilotu zuten egunean bertan egindako aitorpena. Bertan, Emakume Abertzale Batzan afiliatuta zegoela onartzen zuen, eta gerra hasitakoan milizianoentzako jangeletan zerbitzua eman zuela. Aldiz, ukatu egiten zuen hauteskunde-prozesuetan propaganda nazionalistarik egin zuenik, esaterako, Espainiaren aurkako «oihu iraultzailerik» egin zuenik. Era berean, salatzaileen atxiloketetan ez zuela parte hartu esan zuen. Salaketa horiei erantzuna emateaz gain, 1936ko irailaren 19an tropa faxistak berehala sartuko zirela eta Azpeititik ihes egin izanaren inguruan galdekatu zuten, eta Bilbon, Gernikan, Algortan eta azkenik Balmasedan zer egin zuen, han ere kuarteletako milizianoek zerbitzuak eman baitzituzten Bizkaiko frontea erori eta Azpeitira itzuli ziren arte.

      Salaketen larritasuna zela eta, Donostiako epaitegi militarrak Azpeitiko epaitegiari eskatu zion bigarren aldiz aitorpena hartzeko salatzaileei. Urrian haiek salaketa berretsi zuten, Rosario Echevarriak izan ezik, hark atzera egin zuen. Hala ere, Pilarrek eta Ignaciak gertakarien azalpena aldatu egin zuten, eta oraingoan, atxiloketan salatuak izandako inplikazioari zegokionez, ez zuten esan ziurtasunik zutenik haren inplikazioaz, baizik eta parte hartu zuela uste zutela «susmoagatik, jendeak aipatzen zuelako».

      Era berean, eta salatzaileak ziotenaren aurka, Azpeitiko bi bizilagunek, Vicente Arrue Arzuagak eta Julian Elorza Aizpuruk, prozesatutako bi ahizpen alde deklaratu zuten. Haien testigantzetan esan zuten Maria «aurrekari moral nahiz erlijioso oneko neska» zela, eta propagandista nazionalista izan zenik ez zekitela. Edonola ere, 1938ko maiatzaren 21ean, baldintzapeko askatasuna eman eta hilabetera, Maria delitu-ekintza guztietatik absolbitu zuten. Epaile militar instruktoreak egindako idatzian zehazten zuenez, «oinarri gutxikoak ziren salaketak», eta «nahikoa zigor jaso zuen» prebentziozko espetxean emandako denborarekin Emakumeko afiliatua izateagatik eta Fronte Popularraren alde sukaldean zerbitzuak emateagatik(*).


[Auzitegi militar frankistek epaitutako azpeitiarrak — Kasu gehiago irakurri]
Lekukotza bat

Aitak alde egin zuenean bere karta bat jaso genuen ondo zegoela esanaz, baina ez genuen ezer gehiago jakin berataz.

Aitak alde egin zuenez guk ere joan beharra geneukala iritzi zuten.

Eskolan, gu, gorriok, aingeru txarrak ginela esaten ziguten, jainkoaren aurka altxatu ginelako.

 

[Kontxi Azpiazu Gomez — Lekukotza osorik irakurri]
[Beste lekukotzak]