Joantxo hartzakumea bere makilarekin
Joantxo hartzakumeak beldurra ezagutu nahi zuen. Beti borrokan zebilen eskolako lagunekin, eta ihes egiten zioten denek: beldurra bertzeri eman eta berak hartu ez.
«Beldurra ezagutu nahi dut!» erraten zion amari, eta maisuari ere «Beldurra ezagutu nahi dut!» erraten zion.
Eta halako batez, ikusirik Joantxo ez zela liburu arterako sortua, honela erran zion maisuak:
Tori makila hauxe, Joantxo, munduan barrena lasai ibiltzeko.
Makila ona zen, gorosti adar gogor batekin egina.
Baina adaxka bat balitz bezala hautsi zuen Joantxok.
Burdinazko makila behar dut nik!
Eta burdinazko makila egiteko eskatu zion maisuak errementariari.
Maisuak burdinazko makila oparitu zionean, adaxka balitz bezala hautsi zuen Joantxok.
Makila honek ere ez du balio munduan ibiltzeko!
Eta hura ikusita, maisuak honela erran zion:
Zoaz errementariarengana, eska iezaiozu zure gustuko makila egiteko. Neuk ordainduko dut.
Errementariaren sutegira joan eta lurrean zeuden burdinazko txirbilak biltzen hasi zen Joantxo. Meta handi bat egin zuen, eta hura urtzeko agindu zion errementariari.
Eta horrelaxe eskuratu zuen Joantxok makila egokia, ehun arroa pisatzen zuen bastoi burdinazkoa.
Adio erran zion amari, adio erran zion maisuari, adio erran zion errementariari.
Eta eskolako lagunek, bazihoala ikusirik, denek batera:
Hartzakumea! Hartzakumea!
Basoan sartu zen Joantxo. Gizon bat ikusi zuen pagoa mozten.
Zertarako behar duzu zuhaitz hori?
Amak eskatu dit egur pixko bat eramateko erantzun zion aizkolariak. Eta azken kolpea emanik, bizkarrean hartu zuen zuhaitza, lur jo baino lehen. Eta etxera eraman zuen bizkarrean.
Joantxo harriturik utzi zuen gizon haren indarrak.
«Mundua ni bezalakoz betea dago!», pentsatu zuen.
Eta zuhaitza amaren etxean utzitakoan, munduan aitzina joan ziren Joantxo eta bere lagun berria.
Testua: Koldo Izagirre
Ahotsa: Ramon Agirre