Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Autobusaren zain

Alaitz Olaizola

haur eta gazte literatura

Erein, 2005

 

1. AGERRALDIA (ETA BAKARRA)

 

        Autobus geltokia hutsik dago. (Talde arduradunak, posible izanez gero, musika entzuteko tresna erabiliz, auto zaratak, kaleko jendearen soinuak... jar ditzake, eta gero, ekaitzaren eta euri zaparradaren hotsak).

        Berehala, AMONA sartu eta eserlekuan eseriko da. Esertzean, buruan daraman lastozko kapela kendu, eta eserlekuan, bere ondoan, utziko du.

 

AMONA

        Jesus, Maria eta Jose! Hau beroa egiten duena! Ekaitza datorrela dirudi. Eskerrak, autobus geltoki honek baduen tapakia. (Gorantz begira. Guk ipini ez badugu ere, benetako markesina bat balego bezala)

        Isilune txiki baten ostean, amonak jarraituko du.

 

AMONA (Pentsakor)

        Bada zerbait hondartzan ahaztu dudana, baina, ez naiz gogoratzen! Ha, ha!! A zer burua nirea. Galanta bai lepo gainean emateko, baina barrua hutsa!! (Bere buruari barrez)

        Musika entzuten ari den gaztea agertuko da. Zutik geratuko da, amonarengandik urrun. Gazteak ez dio hitzik ere egin amonari. Bere munduan dago, musikaz gozatzen. Amona, begira dauka

 

AMONA

        Tssss, tssss... (Deika ari zaio) Aizu gazte! (Gazteak jaramonik ez) AIZU GAZTE!! (Oihuka ari zaio, baina gazteak ez dio entzuten. Amonak, kapela hartu, jaiki eta gaztearengana hurbildu eta gero, bere lastozko kapelaz buruan joko du).

 

GAZTEA (Sekulako sustoa hartuko du. Entzungailuak kenduko ditu haserre)

        E, aizu! Zertan ari zara?

 

AMONA

        Zer ordutan da hurrengo autobusa?

 

GAZTEA

        Joe! (Nazkatuta) Ordu laurden barru, amona.

 

AMONA

        Aaaa. Aizu, eta hurrengoa?

 

GAZTEA

        Hurrengorik ez dago, gaurkoz azkena da eta! (Entzungailuak jarriko ditu berriro ere).

(Amonak berriro ere gazteari bizkarrean ukitu, eta hark, gogo txarrez, berriro ere entzungailuak kenduko ditu)

 

AMONA

        Hondartzatik al zatoz zu ere?

 

GAZTEA (Nazka aurpegiaz)

        EZ! (Entzungailuak jartzen saiatuko da berriro)

 

AMONA

        Hemen inguruan bizi zara orduan...

 

GAZTEA

        Ezetz ba!! (Haserre).

 

AMONA

        Aaaa. Ederki, ederki...

 

GAZTEA

        Beno, zer, entzun al dezaket musika?

 

AMONA

        Bai horixe! (Grazia handiarekin) Nik esan al dizut ba ez entzuteko?

        (Gazteak musika entzuten jarraituko du eta amona eseri egingo da, kapela bere ondoan utziz. Gaztea entzuten ari dena abesten hasiko da. Ingelesez ari da. Amonak abestia ezagutzen ez duen arren, gaztearen antzera hasiko da abesten, oso modu traketsean eta ozen; eta eserita dagoela, dantzan hasiko da. Ingelesez ez dakienez, hitzak asmatuko ditu)

 

AMONA

        Goodafay.. babri, leon yu can hole... la, la... (Egunkari saltzailea sartuko da, egunkari mordo batekin eskuetan. Amonaren kapelaren ondoan eseriko da)

 

AMONA

        Aizu, barkatu, ez duzu izango biharko egunkaririk, ezta?

 

SALTZAILEA

        Biharkoa? (Harrituta). Gaurkoa esan nahiko duzu...

 

AMONA

        Ez, biharkoa esan nahi nuen.

 

SALTZAILEA

        Ba ez. Biharkoa bihar aterako da.

 

AMONA

        Aizu, ba hor ondoko kioskora joango naiz ea biharkorik baduten galdetzera. (Zutitu egingo da). Zainduko al didazu poltsa, guapo?

        (Egunkari saltzaileak ez dio ezer erantzungo)

 

AMONA

        Goseak bazaude, badago poltsa barruan urdaiazpiko ogitarteko ederra... (Egunari saltzaileak moztu egingo dio)

 

SALTZAILEA (Hasperenka)

        Joan zaitez, bai. Joan zaitez. (Amona joan egingo da eta bere egunkari guztiak lurrera botako ditu). Hauxe eguna gaurkoa... Bi egunkari baino ez ditut saldu!

        (Amonak, alde egitean, bere kapela utziko du eserita zegoen tokian)

        (Gazteak musika entzuten jarraitzen du, eta baita kantuan ere. Saltzailea horretaz jabetuko da, eta une baten entzuten egon ondoren, bera ere kantuan hasiko da. Modu traketsean ez ezik, haserre, bortizki)

 

SALTZAILEA

        Can ai, can yu, van ai, can yu, bro, bro.... (Gero eta ozenago eta haserretuago, egunkariei ostiko erritmikoak emanez).

        (Trumoi hotsa entzungo da, eta jarraian, euriarena. Gaztea markesina azpira sartuko da eta saltzailearen ondoan eseriko da. Azkeneko aulkian, amonaren kapela egongo da)

        (Lapurra sartuko da korrika batean. Maleta dakar esku batean, eta beste eskuarekin burua estaltzeko ahalegina egiten du, euri zaparrada ederra hasi du eta. Ahal izanez gero, euriaren zarata jarri. Korrika batean markesina azpian sartuko da, eta gaztearen ondoan eseriko da)

 

LAPURRA

        A zer zaparrada! Juxtu-juxtu iritsi naiz.

 

SALTZAILEA

        Udako ekaitza, badakizu...

 

LAPURRA

        Zureak al dira egunkari horiek?

 

SALTZAILEA

        Bai.

 

LAPURRA

        Autobusa datorren bitartean, utziko al didazu bat irakurtzen?

 

SALTZAILEA

        Aizu... Saltzeko dira...

 

LAPURRA

        Ia... Ez daukat ordea dirurik...

 

SALTZAILEA (Pentsakor)

        Horrela bada, hartu nahi duzuna.