Alaitz Olaizola
haur eta gazte literatura
Erein, 2006
AGERRALDI BAKARRA
(Aitona Pello sartuko da agertokira. Bastoitxoa eskuetan dakar, oinak arrastaka. Keinu tristea dauka. Poliki-poliki, agertokian dagoen aulkitxora hurbilduko da, eta ahal duen moduan, eseri egingo da, hasperenka).
PELLO
Auui! Hango eta hemengo mina jasan behar! Marka da gero... Nik neukan sasoia eta, begira orain! (Lander eta Aitor sartuko dira korrika batean pozik. Landerrek baloi bat dakar eskuetan).
LANDER
Kaixo aitona! Zertan ari zara?
PELLO (Umore txarrez).
Ez al duzue ikusten? Ezertan ez, eserita egoten nahikoa lan!
AITOR
Nahi al duzu elkarrekin jolastea? Baloia ekarri dugu.
PELLO
Baloia? Ez al duzue ikusten ezin dudala, edo zer?
LANDER
Ezingo duzu baloiaren atzetik korrika batean ibili, baina... (Moztu egingo dio).
PELLO
Utz nazazue bakean. Nekatuta nago. (Umore txarrez eta buru makur).
(Leire eta Ane sartuko dira jarraian. Hauek ere pozik datoz).
LEIRE
Kaixo. Zer mutilak, aitonarekin jolasean?
AITOR
Ez du nahi baina!
ANE
Aitona, kontaiguzu zure gazte garaiko abenturaren bat. Aspaldi da ez diguzula ezer kontatzen.
PELLO
Ez daukat ezer kontatzeko gogorik. Zaharregia naiz.
LEIRE
Aitona, ez zaude zaharregia zure bilobei ipuinak kontatzeko.
PELLO
Baietz esan dut, eta kito!
(Lau haurrak, agertokiaren aurrera etorriko dira. Beraien artean hitz egiten hasiko dira, aitonak ez entzuteko moduan).
LANDER
Nik ez dakit zer gertatzen zaion.
ANE
Egia ote da zaharregia dela?
LEIRE
Ane, ez esan tontakeriarik! Jakina zaharra dela, baina zaharra izanda ere, ez dauka arrazoirik haserre egoteko.
ANE
Arrazoia daukazu, Leire. Pena ematen dit. Zerbait egin beharko genuke...
AITOR
Zer ordea? Ez du jolastu nahi, ez du hitz egin nahi.
LEIRE
Eta hitz egiten badu, errietarako baino ez da. Ez dakit ba zer esan...
(Laurak pentsakor geratuko dira).
ANE
Baserriko txakurra ekartzen badiogu? Bere gustukoena huraxe izan da beti.
AITOR
Ez, Ane (Buruarekin ezezkoa eginez). Ostikoz joko luke. Zerbait bereziagoa egin behar dugu.
PELLO
Zertan ari zarete zuek hor marmarrean?
LEIRE
Gure kontuetan gabiltza, aitona.
PELLO
Zuen kontuetan? Ba, zahar honi, zuen kontuek ez diote batere graziarik egiten, entzun?
ANE (Isilpean)
Ai ama! Zerbait egin behar dugu azkar, erabat haserretu baino lehen!
LANDER
Guk ez diogu graziarik egiten... Baina, beste batzuek, egingo al liokete?
(Ane, Aitor eta Leire, berari begira harrituta).
LEIRE
Zer esan nahi duzu?
LANDER
Hara, lagunduidazue. Badakit zer egingo dugun. Horretarako, erreminta batzuk behar ditugu ordea. Goazen, goazen azkar!
AITOR
Nora, ordea, Lander? (Harrituta).
LANDER
Goazen! Bidean azalduko dizuet!! (Korrika abiatuko dira).
PELLO (Haurrak joan direla jabetuta)
Hauek bai zorionekoak! Gazte eta osasuntsuak. Garai haiek bai ederrak izan zirela... Orduan, orduan ez da pentsatu ere egiten, bat, noizbait zahartuko denik. Zahartzaroa... Hauxe bai gurutzea!! (Eskuak burura eramanda).
(Berriro, lau haurrak sartuko dira. Aurrez prestatuta izango duten kartoiz edo oihalez egindako zilindro moduko tramankulu eta iratzargailu bat ekarriko dituzte. Zilindroa, luzea izan dadila, eta pertsona bat kabitzeko modukoa).
PELLO (Tramankulua ikusita)
Baina... Jakin al daiteke zer ekarri duzuen?
AITOR
Ikusiko duzu zein ondo pasatuko dugun, aitona!
LEIRE
Poz-pozik jarriko zara.
ANE
Presta dezagun, ba.
PELLO
Esan al dizuet nik pozik jarri nahi dudanik? Ondo nago nagoen bezala. Zoazte atarira jolasera! Atseden hartu nahiko nuke.
(Haurrek, aitonari jaramonik egin gabe, tramankuluaren mutur bat aitonari begira jarriko dute, eta beste muturra agertokiaren atzera eramango dute. Erlojua, aitonaren ondoan dagoen muturraren ondoan jarriko dute).
(Lau haurrak, aitonarengandik urrundu, eta ahopean, berriketan hasiko dira).
LANDER
Tramankulua prest dago. Ea, nori deituko diogu?
ANE
Ai!!! Hainbeste pertsonaia ezagutu nahiko nituzke...
LEIRE
Zuk, seguru. (Ironiaz). Baina kontua da, aitonarentzako prestatu dugula Tramankulua, beraz, aitonaren gustukoak bilatu beharko genituzke.
ANE
Bai. Pena...
AITOR
Gauza bat egin dezakegu. Bakoitzak, eska dezala nahi duena, beti ere aitonarekin pentsatuta.
HIRURAK
Ondo, konforme.
(Berriro aitonarengana hurbilduko dira).
ANE
Galdetu egingo diot badaezpada ere. Aitona Pello, ba al dago norbait, ezagutu nahiko zenukeenik?
PELLO
Ezagutu? Ezagutu beharreko guztiak ezagutu ditut nik! Hemendik aurrera, jan eta lo, eta kito!
LANDER
Alferrik da. Hasi zeu, Leire.
(Leire erlojura makurtuko da, eta kordari helduko dio).
AITOR
Beste kontu bat. Saia gaitezen orden kronologiko bat erabiltzen.
ANE
Zer? (Ulertu gabe).
LANDER
Pertsonaia bat hamabosgarren mendekoa bada, hurrengoa ez izatea lehenagokoa, eta jarraian datorrena beranduagokoa. Alegia, denboraren arabera ordenatuak egon daitezela.
LEIRE (Orain bai, kordari eragiten).
Listo!! Kristo aurreko bat.
ANE
Nor? Nor eskatu duzu? (Urduri eta jakin-minez).
LEIRE
Aaaa???
(Musika aparatua erabiliz, soinu berezi bat entzungo da, segundo gutxitakoa, haizea bortitzaren soinua esate baterako. Denbora honetan, pertsonaiak zilindroan sartu beharko du, eta agertokiraino etorri. Soinu bereziaren ostean, burrunba moduko bat entzun dadila, eta une horretan, pertsonaia zilindrotik aterako da: KLEOPATRA. Dotore jantzita eta aurpegia dotore makilatuta agertuko da. Ez ipini zilindroa ikuslegoari begira, datorrena ikus ez dezaten. Aitonari begira ipini muturra).
PELLO
Jesus, Maria eta Jose! (Ikaratuta).
(Aitor, Lander eta Ane, aho zabalik geratuko dira).
PELLO
Zer, inauteri festaren bat egiteko asmotan, edo zer?
KLEOPATRA
Festa? Festarako nago ba ni. Nahikoa lan badaukat ihesean. (Kezkatuta, baina tentetasuna galdu gabe).
ANE (Leireri).
Baina, jakin al daiteke nor den emakume dotore hau, Leire?
LEIRE
Kleopatra, Ane, Kleopatra.
PELLO (Barrez lehertzen)*
Ja! Ja! Ja! Kleopatra! Ja! Ja! Ja! Mundiala haiz Leire.
LEIRE
Aitona, benetako Kleopatra da.
PELLO
Hori ezinezkoa da ordea! Ja! Ja! Ja!