Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Txiukue

Alaitz Olaizola

haur eta gazte literatura

Erein, 2005

 

1. AGERRALDIA

 

Alkatearen etxean

 

        (Alkatearen etxeko egongelan, Alkatea eta bere emaztea egongo dira mahai inguruan eserita, berriketan. Zerbitzaririk baldin badago, izkina batean egon dadila, geldi-geldi).

 

ALKATEA

        Iritsi da ordua. Herri honetako alkatea naiz. Gizon ezaguna eta errespetatua. (Mahaian kolpe eginez).

 

EMAZTEA

        Bai, badakit. Baina gure alaba Txiukuek, ez dauka bere aita alkate izatearen errurik.

 

ALKATEA

        Errua? Alkatea naizelako bizi da hain ongi!

 

EMAZTEA

        Hogei urte baino ez ditu eta utziozu bakean, gizona!

 

ALKATEA

        Herri guztiak galdera bera egiten dit.

 

EMAZTEA (Iseka eginez)

        Zergatik zaren hain inozoa?

 

ALKATEA (Oso serio)

        Ez. Ea noiz ezkonduko den gure alaba bakarra.

        (Atea joko dute).

 

ALKATEA

        Datorrena datorrela, sar dadila! (Zerbitzaririk badago, berak ireki dezala atea. Bestela, besterik gabe sar dadila).

        (Ding Jun sartuko da. Alkatearengana hurbildu eta txinatar erako erreberentzia egingo dio).

 

DING JUN

        Alkate jauna, udaletxerako eskatu dituzun altzari berriak ekarri ditut.

 

ALKATEA

        Eta zer? (Oso serio).

 

DING JUN

        Gurdi gainean daude eta ea ba non uztea nahi duzun... (Gozo gozo, buru makur)

 

ALKATEA

        Non utzi? Non utzi? Udaletxerako badira, han utzi beharko dituzu ba!(Jenio biziz).

 

DING JUN

        Ondo da. (Erreberentzia egin, eta korrika batean desagertuko da).

 

EMAZTEA (Senarrari)

        Nor zen hori?

 

ALKATEA

        Ding Jun. Txinako altzarigilerik ospetsuena.

 

EMAZTEA

        Zertarako behar dituzu udaletxean altzari berriak?

 

ALKATEA

        Jakingo duzu bere garaian. (Atea joko dute).

 

ALKATEA

        Datorrena datorrela, sar dadila! (Zerbitzariak irekiko du).

        (Yutan sartuko da. Alkatearengana hurbildu eta erreberentzia egingo dio).

 

YUTAN

        Alkate jauna. Zuk eskatutako lore berriak hor... (Alkateak moztu egingo dio).

 

ALKATEA (Umore txarrean)

        Gurdi gainean dituzula, baietz?

 

YUTAN

        Ez jauna, astoaren alde banatako otarretan.

        (Emaztea barrez hasiko da).

 

ALKATEA

        Astoa? Asto bakarra hemen zu! (Zutik jarrita, haserre, asmatu ez duelako). Zer nahi duzu?

 

YUTAN

        Non utziko ditut loreak? (Burumakur).

 

ALKATEA

        Norako behar nituela esan nizun?

 

YUTAN

        Udaletxerako. Hara eramango ditut orduan...

 

ALKATEA

        Ea ba!

        (Yutanek erreberentzia egingo du, eta korrika batean desagertuko da).

 

EMAZTEA

        Nor zen hori?

 

ALKATEA (Berriro eseriz)

        Yutan, Txinako lorezainik honena.

 

EMAZTEA

        Loreak erosi al dizkidazu? (Pozik).

 

ALKATEA

        Ez dira zuretzako.

 

EMAZTEA

        Norentzako dira ba?

 

ALKATEA

        Ez al zara begiluze xamarra?

 

EMAZTEA

        Eta zu, arraro xamarra?

 

ALKATEA

        Bere garaian jakingo duzu! (Jaiki eta desagertu egingo da)

 

EMAZTEA

        Tuntuna naizela pentsatuko du. Badakit alabaren ezkontza prestatzen dabilela. (Aulkiak txukun jarri, eta desagertu egingo da).