Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Clitemnestraren itzulera

Alaitz Olaizola

antzerkia

Kutxa, 2004

 

1. AGERRALDIA

 

        Argiak piztean, gaur egungo etxe bateko egongela bat ikusiko da. Atzean, kalera ematen duen leiho bat egongo da. Aldamenean, armairu bat eta mahaitxo bat, gainean haririk gabeko telefono bat dagoela. Aurrealdean, sofa luze bat eta egurrezko mahaitxo txiki bat, harizko mantal batez estalia. Kalera ematen duen atearen aurrean, aterkiontzia egongo da aterkiz betea. Egongela txukuna ikusiko da, jasoa).

        (Berta ageri da eszenategian. Haririk gabeko telefonoa dauka belarriari itsatsia, eskuak bere poltsan eguneroko trasteak gordetzeko erabiltzen ari da. Egongelaren alde batetik bestera mugituz dabil, presaka).

 

BERTA (Serio ari da, haserretu gabe baina serio).

        Eneko, beti ezin ibiliko gaituk kontu berdinarekin bueltaka...

        (Isiltasuna).

        Bai, baina hori argitu genian. Aitaren testamentuan argi adierazita zegoan.

        (Isiltasuna).

        Bai hi, ni ere bolada txar bat pasatzen ari nauk baina ez nauk besteei errua botatzen ari. Heurea heuk konpondu beharko duk.

        (Isiltasuna).

        Bueno hi, nahikoa diagu. Lanera joan behar diat eta berandu nauk. Ahaztua bahengoen ere, batzuk lanera joaten gaituk. Ez Eneko, utzi iezadak bakean... ez idak belarria berotu eguna hasi orduko. Bueno hi, hitz egingo diagu. Orain agur!

        (Eta telefonoa bere tokian utziko du eta kaleko aterantz abiatuko da, baina zerbait ahaztu izan balu bezala, berriro eszenatokian agertuko da. Etxe barrurantz oihuka hasiko da).

        Pablo! Pablo!

 

PABLO (Entzun egingo zaio baina ikusi ez).

        Bai Berta?

 

BERTA

        Zatoz mesedez, banoa eta!

 

PABLO (Korrika batean agertuko da, eskuan silikona ontzi bat duela).

        Bazoaz orduan?

 

BERTA

        Komunekoa amaitzen duzunean, mahaitxo honen hankatxoa konpondu ezazu, kulunkan dago eta. Ea behingoz beheko gizonak bakean uzten nauen. Mahaiaren kulunka entzuten duela esan ez zidan ba lehengo egunean!

 

PABLO

        Ba, komunekoari behin-behineko konponbidea baino ez diogu emango. Silikonak dutxako ura geldiaraziko du baina tutu sistema zeharo zahartua dago eta ez da harritzekoa izango ura beheraino...

 

BERTA (Moztu egingo dio).

        Bale Pablo, baina hilabete batzuetarako bakea ziurtatzen al didazu? (Mahai gaineko kafesne kikarari zurrut eginez).

 

PABLO (Batere presarik gabe).

        Baietz esango nuke nik.

 

BERTA

        Amaitzen duzunean, giltzatu atea eta eman iezazkiozu giltzak atezainari.

 

PABLO

        Nire kontu Berta, zuk segi lasai.

 

BERTA

        Lasai ez, banoa korrika batean. Edozer izanda ere, (Bere poltsatik papera eta boligrafoa aterako ditu eta zerbait idatziko du) deitu telefono honetara. (Paper zatia luzatuko dio). Emakumezko bat aterako zaizu eta esan 1412arekin jartzeko. Ados?

 

PABLO (Jaramon handiegirik egin gabe).

        Ala, zoaz.

        (Bertak alde egin bezain pronto, Pablok, atzealdean dagoen armairua ireki eta...)

 

PABLO

        Ez dakit ondo ote dagoen egiten ari naizena baina, ze demontre! Ez nau inork ikusten eta goseak amorratzen nago. Hemen ardo goxoa... hemen kakahueteak... (Dena besoetan hartu eta sofan eseriko da, lasai, oinetako zikinak mantoi zuriaren gainera luzatuz). Berta itzultzen denerako, dena eginda! Baita gosalduta ere!

        (Bat-batean argiak itzaliko dira, erabateko iluntasuna egingo da. Tximistaren moduko argi zuri bat ikusiko da eta trumoi zarata izugarria entzungo da, eztanda handia. Jarraian, argia egongo da berriro ere).

 

PABLO (Sekulako sustoa hartuko du eta eskuetan dituen kakahueteak, egongela guztian zehar zabalduak geratuko dira).

        Ai ama! Ze izan da hori! (Korrika batean, sofaren atzean ezkutatuko da).

        (Isiltasuna egingo da une batez. Gero, etxe barrualdetik, Clitemnestra agertuko da, oinutsik dator. Ez daki non dagoen, txundituta dago, apur bat zorabiatua, toki guztietara begira).

 

CLITEMNESTRA

        Danao? Danao? Non zaude Danao? Zeusengatik!! Zer gertatu zaio gure oikía-ri?

 

PABLO (Jaiki egingo da emakumearen ahotsa entzutean).

        Dana? Oraintxe hasi naiz eta! Laster amaituko dut baina denbora eman beharko didazue, ez? (Kakahuete hondarrak arropatik astinduz). Konforme, lanean egon behar nuen baina gosetu egin naiz eta ze demontre! Ezingo ote nuen ba zerbait jan? Beti besteak lanean ikusteko konforme eta zeu ze, e? (Pixkanaka berotuz).

        (Clitemnestrak, Pablo ikustean, sekulako garrasia egingo du eta erabat izututa, zorabiatu egingo da, luze-luze lurrera eroriz. Clitemnestraren garrasiak Pablo izutuko du eta beronek ere garrasi batez erantzungo dio).

 

PABLO (Bere burua lasaitzen ahaleginduko da).

        Jesus emakumea! A ze ustekabekoa eman didazuna!

        (Emakumea lurrean ikusten duen arren, ez da batere izutuko).

        Esan ez dizut ba oraintxe hasiko naizela lanean? Zirkorik ez niri, e? Eta gainera, nor zara zu, horrela, bat-batean hemen agertzeko? Bertak ez dit esan inor geratzen zenik etxean. Ez zara ba Bertak bidalitako ikuskatzaileren bat izango, e? A ze konfidantza falta! (Haserre). Ederra kontua!

        (Clitemnestra mugitzen ez dela ikustean, hurbildu egingo zaio).

        Aizu andrea, entzuten al didazu? Nahikoa da, e?

        (Zorabiatu egin dela konturatuko da).

        Ai ama, seko geratu ez duk ba! Baina jakin al daiteke zerk eman dion halako sustoa emakume honi? Bertari esaten diodanean... Eta bitartean hiltzen bada? Hiltzailetzat hartuko naute! «Hombre para todo asesina mujer en casa ajena...» Ostra!

        (Bertak emandako paper zatia aterako du lan jantziko patrikatik eta telefonoz deltuko du. Urduri dago, benetan uste du Clitemnestra hila egon daitekeela).

        Berta!!! A, ez...1202, ez itxoin!... Ze zenbaki esan ote dit? 1612. Hori ere ez? Aizu, Berta Iparragirreri esan iezaiozu jartzeko! Horrenbeste zenbaki eta misterio ...Zenbakia behar duzula? Aizu, ez niri adarrik jo. Presa daukat, presa handia.

        (Telefonoa besapean hartuta, Clitemnestrari zuzenduko zaio).

        Ez zaitez hil, mesedez. Zin egiten dizut, zera, zer...hiltzen ez bazara, doan egingo dizkiodala hemendik aurrera lan guztiak Bertari! Horixe! Zer diozu? Zure lagun Bertak sekulako poza hartuko du! Dena, nahi duen guztia egingo dut, den-dena muxutruk. Bueno, baina kakahueteena ez diozula esango zin egin behar didazu, e?

        (Berriro telefonoarekin).

        Berta? Pablo naiz, bai. Etorriko al zinateke une batez? Arazotxo bat... Berta! Berta!

        (Bertak telefonoa eseki diola konturatuko da).

        Jolin, Berta.

        (Ateko txirrina entzungo da).

        Joe!

        (Urduri, egongelan atzera eta aurrera mugitzen hasiko da. Berriro txirrina).

        Kitto, nahikoa da! Zerria izango naiz baina beldurtia ez.

        (Clitemnestra sofaraino arrastaka eramango du. Atea irekitzera joango da eta ireki bezain pronto, etxeko txabusina itsusi bat jantzia daukan gizon argal bat sartuko da egongelan. Oso haserre dator).

 

ESTEBAN

        Non dago Berta!

 

PABLO

        Bertan ez behintzat.

 

ESTEBAN

        Adarra jotzen? Etxe honetakoa jasan ezina da. Gau eta egun zaratak, oihuak... normala irudituko zaizu...

 

PABLO

        Barkatu, zu ez zara ba beheko bizilaguna izango?

 

ESTEBAN

        Lo egin ezinda dabilena hain zuzen ere! Eta zu, zu nor demontre zara?

 

PABLO

        «Hombre para todo», lo egin ezinda dabilen jaun agurgarri hori. (Erreberentzia bat egingo dio).

        (Adarra jo nahi diola ikusita, Estebanek kolpe egin nahiko dio buruan Pablori eta ahalegln honetan ari dela, Clitemnestra ikusiko du sofan luze-luze etzanda).

 

ESTEBAN

        Banekien, banekien bai nik etxe honetakoa ez zela normala!

        (Bihotzeko bat izateko puntuan dago).

        Esaten nion emazteari, etxe honetan joan-etorri arraroak bazirela. Emagaldua eta zerri zikina bertan topatu behar... Hori ez nuen sekula pentsatuko!

 

        [...]