Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Zereko zera zertzen delako zereko zerarekin

Alaitz Olaizola

antzerkia

Euskaltzaindia-BBK, 2002

 

1. AGERRALDIA

 

        Metro geltokian gaude. Telefono kabina bat, zakarrontziren bat, eserlekua, kartelen bat eta metrora jaisteko eskailera eta pasabidea ikusiko ditugu.

        Argiak piztean, eserlekuan manta bat ikusiko da, tolestu gabea, eta poltsa batzuk beronen ondoan.

        Eugenio lur-zorutik bere txokora dator. Bere eserlekurantz oinez ikusiko dugu. Poltsikoak hustutzen hasiko da, ozen hitz egiten duen bitartean.

 

EUGENIO

        Ņo, gustura hartzen duk, ba, etxearen beroa. Ardorik ez nialako, bestela gaur ez ninduan aterako.

        (Poltsikoetatik, lortu duen janari apurra atereaz).

        Rosak emandako sagar helduegi eta okinaren lizundutako opil honengatik, hemengo epelean geratu izan baninduan, askoz hobe. Beharra nagusi ona duk ordea... Gabon izpiritua galdua zegok jada, eta ez diat ulertzen. Garai batean beharra zianak ez zian faltarik izaten... Denbora beti aritzen duk ordea egur egiten...

        (Ardoa zorrotik aterako du).

        Ardoa badiat behintzat.

 

        Metrozaina agertuko da, metrorako pasabidea erabiltzeko moduan dagoen ikustera. Itzuleran Eugeniori begiratuko dio.

 

METROZAINA

        Ze Eugenio, zenbatgarrena diagu?

 

EUGENIO

        Zenbatgarrena? (Ardo botilari begiratuz). Oraintxe erosi berria diat eta!

 

METROZAINA

        Ez zaidak axola hik edaten duan ardoa. Hik esango hukeen moduan, ardoak salatzen, nor nor den. Gabonengatik ari ninduan, ea zenbatgarrena duan hemen...

 

EUGENIO

        Aurtengoan ere hemen ba, motel, azken zazpi urteetan bezalaxe. Oporretara joateko gogo gehiegirik ere ez eta...

 

METROZAINA

        Ez, baina dendako ardorik garestiena edateko moduan bahaiz, ez? (Ironiaz). Ardoaren mozkorra baino urarena txarrago, ezta?

 

EUGENIO

        Barka idak, baina ohea egiteko zeukeat eta oztopoa baino ez didak egiten.

 

 

        Metrozainak mespretxuzko keinu bat egingo dio eta desagertu egingo da.

Eugenio bere manta tolestatzen geratuko da. Manta izkin batekin hortzak garbitzen dituen bitartean.

 

 

2. AGERRALDIA

 

        Eugenio metro pasabidera hurbilduko da, eta ikuslegoak ikusteko moduan, pasabidea blokeatuko du, edo egurtxoren batekin edo txartel batekin... Horretan ari dela, Drag-Queen-a sartuko da eszenategian, ibilera sentsualaz baina arin, eta pasabideraino hurbilduko da. Eugenio bere presentziaz jabetuko da eta begira geratuko zaio, bere mugimendu guztiak adi behatuko ditu.

 

DRAG (Behera begiratuko du)

        Ez nuen uste horrenbeste itxaron beharko nuenik. Dena dela, orain jaisten banaiz, lasaiago ibiliko naiz gero. (Pasatzen saiatuko da eta ezinezkoa dela jabetuko da).

 

EUGENIO

        Ez dabil, eder hori.

 

DRAG

        Ez al da, ba, berria guzti hau?

 

EUGENIO

        Zortzi urte berria bada...

 

DRAG

        Ene! Oraintxe bai galduko dudala!

 

EUGENIO

        Lotsa?

 

DRAG

        Aizu guapo, bronka bila?

 

EUGENIO

        Batek ez badu nahi, bi haserretzen ez. Ez laztana, emakume eder baten aurrean liluratuta baino ez.

 

        Eugenio pixkanaka bere eserlekurantz hurbilduko da eta besteak atzetik jarraituko dio.

 

DRAG

        Benetan uste duzu emakume ederra naizela?

 

EUGENIO

        Itxura guztietara... Baina ez dut ulertzen zer egiten duen halako emakume puskak goizeko zortzi terdietan metro zulo honetan.

 

DRAG

        Etxera bueltan noa eta berandu gainera. (Bere ondoan eseriko da, manta tolestu gabearen gainean. Gorputza zapuztuko du). Hain nekatuta nago...

 

EUGENIO

        Ez da atsedenik, ez bada nekerik.

 

DRAG

        Ai, bai... (Kasu gehiegi egin gabe). Aizu, nork konponduko du atea? Laster helduko da metroa...

 

EUGENIO

        Ezpain ederrak dituzu...

 

DRAG (Eugeniori zuzen begira)

        Ligatu nahian, ala?

 

EUGENIO

        Egia esaten. Agure buru zuri, oilanda zale.

 

DRAG

        Baduzu ispilurik? (Ezpainetako margoa atereaz).

 

EUGENIO

        Ezpainak bere horretan ondo dituzu. Zure begiak dira urrunera begira ikusten ditudanak. Tapatzekotan, begi azpian dituzun poltsak tapatu beharko zenituzke.

 

DRAG (Guztiz asaldatuta, zutik eta urduri)

        Zer diozu? Ireki dezala norbaitek ate hori! Etxera noa berehala, han ez da eta itxura. Ene, ene...

 

EUGENIO

        Zer ote du gauak, egunak emango ez dizuna?

 

DRAG

        Gutxi ateratzen zara hemendik, ezta? Ai... gazte eta eder izan nahi duen zaharra nauzu.

 

EUGENIO

        Ederra bazara, ez ezazula dudarik egin!

 

DRAG

        Ederrena izan nahi dut, baina gizon zahar bakarti bat baino ez naiz. Gauez naiz ni gazte, eder eta lagun artekoa.

 

EUGENIO

        Hara! Larrosak, den politenak, azkenean ipurdian hatz! Oporrak hartu beharrean nago. Zer diozu? Gizonezkoa zarela?

 

DRAG

        Probatu bestela... (Parteetara keinua eginez).

 

EUGENIO

        Ez, ez, ez ... Hau duk hau goiza hasteko modu bitxia! Nire begiak inoiz ikusi diaten emakume ederrena hintzelakoan eta gizona izan! Behiaren bosgarren txahalaren moduan geratu nauk.

 

DRAG

        Ze aldatzen du horrek?

 

EUGENIO

        Ezer ez, horixe besterik. Emakume itxurako gizona baino ez haizela.

 

DRAG (Pasabideko ateari tiraka)

        Orain emakumea nauzu, ordu erdi barru, banketxe bateko langile bat, gaur lanera berandu helduko den langile bat, besterik ez.

 

EUGENIO

        Ea ulertzen dudan. Gizona bahaiz, itxura hori...

 

DRAG

        Ez al da ba ederra emakumea?

 

EUGENIO

        Ah, bai, bai, ederregia.

 

DRAG (Sentsualki, keinuak eginez)

        Ba horixe nahi dut nik ere niretzat, ederra izan, denetan ederrena, erreginaaa.

 

EUGENIO

        Satorraren pare bizi nauk azken hamar urtean eta lurzoruan gertatzen ari denaren erdiarekin enteratu ez naizela susmatzen hasita negok.[...]

 

        [...]