Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Imanol Elias, herria maitatzeko era asko daudelako

Mailo Oiartzabal

biografia

Uztarria, 2002

 

GERRAREN URTEAN JAIOTAKOA

 

        Imanol Elias 1936. urteko Urte Berri egunean jaio zen. Azpeitian (Gipuzkoa), Eliz kalean sortu zen mundura, sei hilabete beranduago piztu zen Espainiako Gerra Zibil latzaren bezperatan. Frantzisko Elias Unanue Pako Barbero eta Manuela Josefa Odriozola Letamendia gurasoen hirugarren semea zen Imanoi, baina bizirik jaio zen bigarrena. Era berean, Imanolek ez zuen izan Juan anaia zaharragoa ezagutzeko beta handirik, Imanolek berak lehenengo urtea bete eta berehala hil baitzen Juan, bost urte egin aurretik.

        Aipatutako gerra piztu zenean, Pako Elias frontera joan zen borrokara, altxamendu nazionala-ren kontra zeuden euskal gudari abertzaleekin batera. Gerra Zibilari anaia arteko guda esan izan zaio askotan, eta Imanoi Eliasen aitaren familian gertatutakoa kontuan hartuz gero, benetako zentzua hartzen dute hitz horiek: Imanolen aita eta Joxe Mari Konpare anaia abertzaleen aldean borrokatu ziren bitartean, Saturnino eta Manuel Pottin, beste bi anaiak, erreketeekin batera aritu ziren. Pottin ez zen etxera itzuli, 1937ko ekainaren 3an hil egin baitzen, Lemoako (Bizkaia) frontean.

        Azpeitian kalean jaio arren, Imanoi Eliasen lehen oroitzapenak Azpeitian Loiolako bailaran Oņatzen magalean dagoen Telleria baserriari lotutakoak dira. Senarra gerrara joanda, beste askoren antzera egoera latzean aurkitu zen Manuela Josefa Odriozola, bi seme txikirekin eta sostengurik gabe. Juan eta Imanoi, Telleria bere baserrira eramatea erabaki zuen orduan, han zaindu zitzaten, bera Eliz Kaleko Takolo-Txiki tabernan neskame lanetan hasteko. Tellerianean Juan Frantzisko eta Josefa Inazia aiton-amonekin eta Joxe eta Pantxike osaba-izebekin bizi izan ziren bi anaiatxoak. Juan bertan hil zen, amaren baserrian, 1937ko otsailaren 19an.

        Imanol, besoetako haur bat besterik ez zela, bere bizitzako lehen urteak erabat baldintzatu zituzten gertaerak garatu ziren, beraz, inguruan. Garai zailetan jaioa zen, eta aurrerago ere nabarmendu behar izan zituen gerrak eta honek utzitako ondorioek jende gehienaren bizimodura ekarritako ajeak.

 

 

HAUR BATEN OROITZAPENAK

 

        Telleria baserrian aiton-amonekin eta osaba-izebekin eman zituen lehen urte haietako oroitzapenak gazi-gozo eta bakanduta datozkio burura Imanoli.

        Amaren igandeetako bisitaldiak ditu gozoenen artean. «Gure amak, aste osoan zehar ematerik ez zuen maitasuna agertu nahi izaten zidan egun horretan, baina, zoritxarrez, une labur batzuk besterik ezin ditut gogoratu», dio berak.

        Aita ere bazuen, bai, Imanolek, baina ez zuen oraindik ezagutzen. Pako Eliasek berak ere ezin jakin gerrara joan zenean etxean utzi zuen zazpi hilabeteko umea zer itxura hartzen joan zen. 1939an, guda amaitu zenean, galtzaileen arteko beste askok bezala kartzela ezagutu behar izan zuen Pako Barberok. Bilbon kartzelaratu zuten, heriotza zigorrarekin. Eta Bilboraino joan zen behin Manuela Josefa egoera latz horretan, Imanol txikia berekin hartuta, senarra ikusteko asmoarekin. Baina bere asmoa bete gabe itzuli behar izan zuen Azpeitira. Beste kartzela batzuk ere ezagutu zituen Imanolen aitak, bueltarik gabeko zigorra noiz beteko. Zigorra bertan behera utzi eta etxera itzuli ere itzuli zen, baina denbora gutxirako, la berehala berriro kartzelaratua izan baitzen, herritar baten salaketa bat medio.

        Azkenean iritsi zen, ordea, semeak aita lehen aldiz ikusteko eguna. Imanolek ondo gogoratzen du Tellerianean aita ezagutu zueneko hura, gertaerak ezustean harrapatu zuelako, Azpeitia. Gaztaroko kronikak bere liburuan kontatzen duen bezala:

 

        «Gris erako kolorea zuen txakur handi bat arduratzen zen igandero bere [amaren] etorreraren albistea ematen. Nire ama hurbilean zela adieraziz bezala zaunka batzuk egin ondoren, bidean behera abiatzen zen korrika bere buztana astinduz, topo egitean ohiko agurra eskaini eta etxeraino laguntzen ziola ondoren. Denbora igaro zen eta egun batez, txakur handi hark albistea eman zuen nire ama hurbilean zela adieraziz. Ez zen igandea eta ezinezkoa zen... Nire amonak bere besoetan hartu ninduen eta etxeratzen zen bidearen azken zatia ikusten zen sukaldeko leihora altxatu ninduen. Han agertu zen bera, baina oraingoan, gizonezko bat zen berarekin. Ulertu ez nion zerbait esan zidan amonak belarrira, baina benetan aurpegi alaia zuela konturatu nintzen. Atarira irtetzearekin batera eta begietatik malkoak jaulkitzen zitzaizkiola, amonak esan zidan, nire ama zerbait atzean utzirik gureganatzen zen gizonezko hura seinalatuz: 'Zure aita dator...'. Hitz horietako bakarren bat, amari entzuna nion aurrez. Ezaguna egin zitzaidan... Amonari begiratu nion, hitz bera behin eta berriz errepikatzen zuenez, aita... Unean sentitu nuen nire amaren eskuak baino indartsuagoek heltzen zidatela eta amonarenetatik askatzen nindutela. Ezagutzen ez nuen gizonezko hark, bere eskuetan ninduen eta bularraren kontra harturik bere aurpegia nirearekin bat eginik zuen. Bere malkoak, gozoki irristatu ziren nire masailean. Beldurtu egin nintzen nonbait eta ezagutzen nituen esku gozoagoek askatu ninduten, seguraski benetan maite ninduen gizonezko haren eskuetatik...».