Enekoitz Esnaola
biografia
Uztarria, 2001
EVEREST ESTREINAKOTZ IKUSTEAREN EMOZIOA
Otsailaren 24an eta 29an eta martxoaren 3an Katmandutik Luklara —2.804 metro— hegazkin txiki baten ordubeteko bidaia egin ostean —Takolok otsailaren 29an—, txandaka hasi ziren beheko kanpamendurainoko —5.450 metro— gerturatze bide luzea egiten, astebete pasatxokoa oro har. Astuna zen bidea. Takolori bost axola. Gainera, martxoaren 6an, sherpen herri nagusi Namche Bazar-era iritsi zenean —3.440 metro— Joxek bizian aurreneko aldiz bere begiekin Everest ikusi zuen. Ez zuen une hura sekula ahaztu. «Emozionatu egin ninduen Everesteko arista ikusteak. Lehen aldia nuen, eta ez dut hitzik une hura nota sentitu nuen azaltzeko. Laino artean zegoen Everest. Ederra ikuskizuna! Eta hura mendi puska! Nik imajinatutakoa baino askoz handiagoa».
Everest. Edo 1921 etik Txomolungma tibetarrentzat —euskaraz, Ama Jainkosa—. Edo 1955etik Sagarmata nepaldarrentzat —Burua zeruan duena—. Baditu beste izen batzuk. 1856tik Everest du izen ofiziala; Georges Everest, 1830tik 1843ra bitartean Indiako Topografia Zerbitzuko zuzendaria izan zenaren abizena hain justu. Izenak izen, mendi mitikoa. Alde hartan esaten dutenez, beste mendiak bukatzen diren tokian hasten da Himalaya mendikatea, han baitaude munduko hamalau zortzi milako metroko tontorrak. Guztien artean handiena, Everest, «txoriek hegan egiten ez duten mendia», edo 1921eko igoera saioan George Leigh Mallory ingelesak —1924ko saioan hil egin zen— esan zuen bezala, «Munduko matelezurretik ateratzen den hortz zuri ikusgarria». Eta Joxe haren altzoan 1980an. Ametsa egia bihurtua.
Takolok hamabi urte zituenean igo ziren lehendabiziko aldiz mendizale batzuk Everesteko tontorrera; 1953ko maiatzaren 29an, goizeko hamaika eta erdietan, Edmund Hillary zeelandarra eta Tentsing Norgary sherpa hain zuzen, biak Erresuma Batuko espedizioko kideak. Eskola handiko injeniaria zen Hillary, eskolarik gabeko gizagajo bat Norgary; biak munduaren gailurrean. Handik bi urtera —1955eko azaroaren 25ean—, Lagun Onak Mendi Bazkunak, Erresuma Batuko enbaxadarekin harremanetan egon ostean, bere lehendabiziko proiekzio emanaldia eskaini zuen Azpeitian, Soreasu antzokian: Everesten konkista. Hamalau urte zituen Joxek emanaldia izan zenean. Orduan hasi zen Everest gerturatzen Takolorengana, edo alderantziz.
1980an egin zuten topo. Eta Joxek «Hitzik ez» zuen unea deskribatzeko. Gogoa bai gehiago hurbiltzeko eta mendia bera musukatzeko. Igotzeko ere bai? «Gehiegi» litzateke, baina Joxek badaezpada motxilan ondo gordeta zeraman amak propio egin zion ikurrina txikia.
JULIAN «TOALLE»REKIN AKORDATU ZENEKOA
Martxoak 7. Gerturatze bideko seigarren eguna, Takolok lehen lesioa izan zuen eguna. «Akabo!...» pentsatu zuen. Izan ere, Namche Bazarretik irten eta berehala, Poliziaren egoitzara erregistratzera zihoala, aldapan baten irristatu eta erori egin zen, ezkerreko besoan min hartuz. «Munduko gizonik zoritxarrenekoena sentitu nintzen eroritakoan, uste bainuen besoa hautsi nuela eta espediziotik erretiratu beharra izango nuela. Zorionez, ordea, besoa pixka bat aztertzen hasi eta ez neukan hautsita, aterata baizik».
Julian Lapeira Toalle azpeitiarrarekin akordatu zen Takolo besoa atera zitzaionean. Toallek behin baino gehiagotan azaldua zidan bost bat urte lehenago Benasquen besoa atera zitzaiola eta medikuak nola sartu zion. Neuri atera zitzaidanean, Toallek azaldu zidana ekarri nuen gogora, eta, zorabiatuta eta bakarrik banengoen ere, besoa sartzea lortu nuen. Harrezkero makina bat esan izan diot Toalleri: «Eskerrak hiri behin besoak irten zian».
Arruek lagunduta, Tyangboche-ko monasterio ospetsura joan zen Takolo, espediziokide guztiak han baitzeuden, 3.876 metrora. Javier Garaioa medikuak begiratu zion mindutako besoa, eta hiru astez besoa lotuta eduki beharko zuela esan zion, «horrenbeste egun beharko direlako, Joxe, zauria orbaintzeko, eta, beraz, orduan jada ez zaizu berriro besoa aterako». Baina Takolok hirugarren egunerako Garaioari: «Zenbat astez egon beharko dudala, hiru?! Ez dut minik-eta!».
Joxek ez zeukan gogorik denbora eder hura alferrikaltzeko, eta, besoa lotuta eduki arren, astebeterako hasi zen inguruko tontor batzuk igotzen, Rosen oroitzen den bezala: «Periche herrira iritsi —4.243 metro— eta ondoko mendi batzuk igotzen hasi ginen, gorputza altuerara egokitzen joan zedin. Hernando, Lorente, Olazagoitia eta Garaioa Island Peak-era joan ziren —6.189 metro—. Arrue, beste bat eta neu, berriz, tontor txikiago batera, Awira, eta Joxe Takolo ere gurekin etorri zen. Besoa lotuta, sofritzen, baina etorri».
Pako Lertxundik arrazoi: mendian Joxek osasunaren aurretik jarri izan du helburua. Eta Joxeren helburua Everesten lana egitea zuen. Martxoaren 15erako beheko kanpamendua dezente muntatua zuten, eta Joxek han atseden pixka bat hartu ostean eta besoa pittin bat zaindu ostean, martxoaren bukaeran goizeko hiruretan jaiki eta Izotz Jauzian lanean hasia zen, horrek esan nahi zuen ahaleginarekin, oso zaila delako 88 metroko desnibela daukan eremu hura. Izan ere, egunetik egunera pare bat metro mugitzen da, eta euskal herritarrak joan aurretik bi hilabete lehenago poloniarrak ibili baziren ere toki hartan, euskal mendizaleek berriro jarri behar izan zituzten zubiak eta sokak, Izotz Jauziak beste itxura bat zuelako eta poloniarren lanak ez zielako balio. Reinhold Messner tiroldarrak berak esana du Izotz Jauzia dela berak inoiz aurkitu duen tokirik zailena. Ez da edozeinen iritzia, Messner izan baitzen munduko hamalau zortzimilakoak igotzen lehena, baita Everest oxigeno artifizialik gabe igotzen aurrena ere. Mina eduki arren, ordea, Takolo jo eta ke aritu zen lanean, eta Uriarterekin, Lorenterekin eta Olazagoitiarekin martxoaren 26an Izotz Jauziaren azkeneko zatia ireki zuen.
Aurretik beheko kanpamenduan ere lan asko egin zuen, «Inork baino gehiago», orduko espediziokideek aitortzen dutenez. Lorenteren esaldi honek laburbiltzen du nolakoa zen Joxeren izaera: «Han goian zaudela beti saiatzen zara nola edo hola motxilan ahalik eta gauza gutxien sartzen, edo beheko kanpamenduan ahalik eta lan gutxien egiten. Gerora begirako mugimenduak dira zureak. Joxerenak ez, hari ez zielako axola motxila goraino betetzea, edo beheko kanpamenduan lan asko egitea. Nik uste dut hasierako etapa horretan galtzen zuela indar gehien Joxek, besteok nolabait indarrak gordetzen geunden bitartean».
Guztiak zeuden gustura azpeitiarrarekin, «Ez tontotzat hartzen genuelako, ez zelako batere tontoa; oso gizon maitagarria zelako geunden harekin pozik», dio Rosenek. Errok badu beste definizio bat: «Taldekiderik onena zen».
7.360 METRORA IRITSI ZEN GEHIENEZ
Takolo gehienez hirugarren kanpamendura iritsi zen, 7.360 metrora, maiatzaren 4an. Apirilaren 21ean tontorrerako erasoaren plangintza egin zuten beheko kanpamenduan, eta lehen erasoko multzoko partaideak Garaioa, Rosen, Hernando, Gallardo eta sherpa batzuk izango zirela erabaki zen. Haiek hutseginez gero, erasoa beste multzo batek joko zuela erabaki zen, goialdera haiek baino egun bat beranduago abiatuko zena, eta talde hartan zen Takolo, Errorekin, Olazagoitiarekin, Lorenterekin eta sirdarrarekin batera. Badaezpada hirugarren talde bat ere osatu zen, egun batzuk beranduago aterako zena, eta Zabaletak, Uriartek eta bi sherpek osatu zuten ekipoa.
Takolo-eta hirugarren kanpamendura iritsi ziren egunean Garaioa eta Nin Temba tontorretik 88 metrora gelditu ziren, Hego Tontorrean —8.760 metro—. Beraz, bigarren ekipoaren unea heldu zen, Takoloren taldearena. Joxe ez zen gora abiatu, baina. «Ekaitz handia sartu zuen —dio Errok— eta Lorentek hirugarren kanpamenduan eguraldi hobearen zain itxarotea erabaki zuen. Ni goialdera abiatu nintzen sherpekin, baina Joxek izugarrizko laguna zuen Lorente, eta Olazagoitia behera jaitsia zenez, Lorente kanpin dendan bakarrik ez uzteagatik, harekin gelditu zen». Bigarren arrazoi bat ere bazegoen, eta huraxe zen larriena: hankako min batekin aguantatu, aguantatu eta aguantatu egon ondoren, azkenerako Lorenteri esan zion min zeukala. Lorentek —medikua da— zer zeukan aztertu eta berehala bidali zuen Joxe behealdera, hankako zain baten tromboflebitia izateko arriskua zuelako.
Maiatzaren 11tik beheko kanpamenduan egon zen mendizale azpeitiarra. Martin Zabaletak eta Pasang Tembak maiatzaren 14an egin zuten Everesteko tontorra, arratsaldeko hiru eta erdietan, eta Joxe hantxe harrapatu zuen. Beheko kanpamenduan zeuden, era berean, Arrue, Gallardo, Hernando, De Pablo, Rosen eta Olazagoitia. Bigarren kanpamenduan Garaioa zegoen, hirugarrenean Erro eta Uriarte, eta laugarrenean Lorente.
Guztien arrakasta izan zen, bai baitzekiten oihartzun handiko lorpena zela. Everestera igotzen munduko 104. mendizalea zen Zabaleta, eta lehen euskal herritarra. Joxe Takoloren espediziokidea. Hobeto esanda: Joxeren lagun handia, Everestera joan aurretik eskaladako saioetan ezagutzeaz gain, espedizio osoan zehar Joxek gehienbat Zabaletarekin berarekin, Arruerekin eta Errorekin tratatu zuelako, azpeitiarrarekin batera hiru haiek baitziren euskaraz zekiten bakarrak.
OMENALDI HUNKIGARRIA AZPEITIAN
Nepal aldera abiatu eta justu lau hilabetera itzuli ziren Euskal Herrira espediziokideak: ekainaren 12an, Sondikako aireportura, arratsaldeko bostak eta hamarrean, De Pablo, Erro eta Garaioa izan ezik, artean Nepalen zirelako materialaren trasladoa tramitatzen. Sondikan bertan hasieran eta Bilboko Kirol Pabilioian gero harrera beroa jaso ondoren —pabilioian lau mila lagun zituzten zain—, irrikaz etorri zen Azpeitira Joxe Takolo. Lagunekin eta senideekin egon nahi zuen, baina mendira ere joan nahi zuen, Juan Mari Olaizolak dioenez: «Everestetik etorri eta hurrengo egunean, ostiralero afaltzen dugun garajean lagun ugarik afaria egin genuen, Joxeren amak propio arkumea prestatuta. Halako baten, Joxek niri galdetu zidan ea hurrengo goizean Erlotik buelta egingo al genuen. Han joan ginen. Beherakoan, Urreta baserriko Prontxio osaba zaharra bisitatzera joan zen». Takolok Everestera joaterako elkarrizketa baten esana zuen handik etorri eta Izarraitzera joango zela, «Hemengo mendi txikiei ere garrantzi handia ematen diedalako». Isila zen, baina hitzekoa.
Everesteko espediziokideek omenaldi ugari jaso zuten etorritakoan: Bilbon, Pasaian, Tolosan, Hernanin... Azpeitian ere bai. Ekainaren 29an. Igandea zen. Herriak antolatu zion omenaldia (Udalak, lagunek, Lagun Onak Mendi Bazkunak...).Lagunek hilaren 12an Sondikako aireportuan bertan Azpeitira gonbidatu zituzten Everesteko kideak. Guztien artetik Errok baino ez zuen huts egin, familiako kontu bat baitzeukan 29an. Omenaldia bide batez Arruerentzat ere bazen, jaiotzez azpeitiarra delako.
Goizeko zazpi eta erdietarako hasi zen jardunaldia, txistularien eta txalapartarien dianarekin. Ondoren Xoxotera ibilaldia, eta goizeko hamar eta erdietan herri-meza, San Agustineko elizan. Gero Lagun Onak Mendi Bazkunak espediziokideei harrera egin zien bere egoitzan, eta eguerdian Soreasu antzokian, mahai-inguruaren ostean, opari ematea izan zen. Gainezka zegoen Soreasu. Dantzariak izan ziren, kantariak... Une berezia izan zen Joxe Takolorentzat: «La ostra izan zen egun hura! Jendea Soreasun!... Lagunek Everesteko taila bat oparitu zidaten, Everest eta Lhotse intxaur-egurrean tailatuta azaltzen zirela, bidea markatuta. Ikusgarria! Dotorea!». Ia Joxe Aizpitarte Irujo geratu zen, ordea, taila harekin. «Lagunek erabaki genuen —dio Olaizolak— garajean afaltzen biltzen ginenon artetik zaharrenak emango ziola guztion izenean oparia Takolori; Irujok, beraz. Baina igo zen oholtzara eskuan oparia zuela, agurtu zuen Joxe Takolo, bizkarretik heldu zion, eta Irujo han hasi zen jaisten atzera opariarekin; urduritasunarekin, ematea ahaztu...». Azkenean eman zion, eta Takolok beti maitasun handiz gorde izan du taila hura. Lagun Onakek urrezko plaka txiki bat oparitu zion, eta Azpeitiko Udalak mendizaleei harri handi bana plaka batekin.
Zoratzen joan zen Joxe Kirurira bazkaltzera, baina pena pixka batez ere bai, Lorente lagun minak beraiei Gasteizko Udalak «Arratsalde onik ere ez» zielako eman esan ziolako. «Joxe, zuri egin dizuten hau apreziatzekoa da», esan zidan. Lorenteri oraindik ez zaio ahaztu omenaldien garai hura: «Orduan Jose Angel Cuerda zen gure hiriko alkatea, eta 'intelektual bat' zenez, kirola jende arruntarena zela iruditzen zitzaion. Etorri ginenean ez zigun kasurik egin. Gerora ere ez. Ni orduan mediku oftalmologoa nintzen Gasteizen, ospitale probintzialean, eta uztailaren 25ean, Santiago egunez, agintari politikoek ospitala bisitatu zutenean, Everesteko espedizioa batik bat Gasteiztik antolatu zen arren —hangoak ginelako asko—, Cuerdak zer moduz nengoen ere ez zidan galdetu. Azpeitiko omenaldiez-eta gogoratu nintzen orduan».
Omenaldiaren egun hura «izugarria» izan zen Takoloren ustez, «eta esan daiteke herriko jendea espedizio haren eraginez hasi zela mendiari dagokionez erabat aldatzen. Jada ez gintuzten gizaki arrarotzat hartzen».
BERRIRO ITZULTZEKO GOGOZ
1980an Evestera abiatu aurretik, Antxon Iturriza kazetariak elkarrizketa bat egin zion, eta munduko mendi altuenaz zer sentitzen zuen galdetu ostean, amets baten deskribapena egin zion Takolok:
«Egunero joaten naiz Izarraitz aldera, prestaketa fisikoa egitera, Erlo aldera askotan, eta azkeneko aldapan harri artean nagoela, begiak itxi eta Everesteko tontorrera iristen ari naizela amesten dut».
Joan aurretik ametsa zuen Everest. Etorri ondoren mendi faboritoa. Eta betirako. Izan ere, bazuen motiborik: euskal espedizio historikoan parte hartu izana, Katmandurekin txundituta eta harrituta geratu izana, sherpa «sotilak» lagunak egin izana, Everest lehendabiziko aldiz ikustearen emozioa, Azpeitiko omenaldia... «Nik orain berriz ere nonbaitera joateko aukera eduki eta nik Everest aukeratuko nikek. Niri loteria tokatu eta haraxe. Everest ez dela polita? Izango ez duk ba!», esan ohi zion Benantxio Irureta mendizale lagunari. «Everest zen Joxeren mendia», diote haren lagunek.
Eta hori jota, egurra hartuta etorri zeta Everestetik, argal-argal. «Lehen aldia nuen Himalayara joan nintzena, eta nik beti esan izan dut espedizio hark oso gogorra irten zidala, hogei kilo barrena galdu nituelako. Etxera etorri nintzenean, nahiz eta menditik jaitsi eta egun batzuk pasatu baldintza onetan, artean 58 kilo nintzen, pisu normala baino hamalau kilo gutxiago», zioen Joxek. Eztarriko minak kalte handia egin zion, ahotik odola botatzeraino iritsi zelako. Arazo bat zeukan, izan ere, Joxek: sudurra itxi egiten zitzaion haragi faltsuak zituelako eta arnasa ahotik hartu beharra izaten zuen. Antxon Bandres, gaur egungo Euskal Mendi Federazioko presidentea, ezkon-bidaian Katmandura joan zen orduan eta oraindik gogoan du zer-nola aurkitu zuen Takolo: «Ahotsik gabe, ezin hitz eginda. Hura itxura zeukana!».
Kontuak kontu, Himalayarako bidea ere, beraz, irekia zegoen azpeitiarrentzat; Joxe Takolok irekia, hain zuzen.