Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Patxi Altuna

Josune Etxeberria

biografia

Uztarria, 2003

 

AITA PATXI

 

        Patxiren egiteko nagusia Donostian, irakasle lanetan aritzea bazen ere, ezin ahaztu daiteke jesulaguna dela Patxi. Gainera, 1964ko abuztuaren 15ean azken botoak —pobre izatea, esaneko izatea, kastitatea eta Aita Santuari esaneko izatea—, ikasketak por maior egin dituen bati dagokion bezala egin zituenetik, Lagundiari guztiz loturiko jesulaguna.

Jesulagun askok eta askok bezala, Patxik ere irakasle egin du lan, San Inazioren irakatsiek dioten moduan lan hori Jainkoaren aintzarako eginez. Baina apaiz jesulagun moduan dagozkion egitekoak ere bazituen: meza eman egunero etxeko kaperan, igandeetan meza eman, jendea ezkondu, haurtxoak bataiatu...

Meza emateari, irakaskuntzari baino denbora gutxiago eskaintzen bazion ere, poz eta burukomin handiak sorrarazi zituen Patxik igandeetan, Garibai kaleko jesulagunen elizan, ematen zuen mezak.

 

 

AITA PATXIREN SERMOI SONATUAK

 

        Donostian Garibai kaleko Residencia de los Padres Jesuitas delakoan, hamabostean behin hasieran eta igandero gero, 10:30etako meza ematen zuen Patxik euskaraz. Hasieran jende gutxi biltzen zuen, baina pixkanaka izena hartzen joan ziren elizkizun horiek, eta azkenerako eliza lepo eginda egoten zen.

        Hiru ordu laurden-edo irauten zuen elizkizunean, la ordu erdikoa izaten zen sermoia. Eta sermoi horiengatik egin zen Patxi, hain zuzen ere, ezagun. Sermolari «aparta» zen, Inazio Mari Olartek, inoiz meza haietan izandako azpeitiarrak kontatzen duenez: «Patxi oso sermolari ona zen, soseguz eta argi esaten zituen gauzak. Ebanjelioa-eta irakurtzen zituenean, Jesusi berari edo apostoluei entzuten ari zinela ematen zuen, hain baitzen egokia bere irakurtzeko modua».

        Koldo Mitxelenak ere hala aitortzen zion artikulu batean: «Aita Altuna, besteak beste, sermoigile garaia dela eta izan dela Euskal Herrian. Ez diot deus kenduko bere hitz-etorri eta hitz-jarioaren orrazketari, antzinakoen segizioko baita arlo horretan, inor baldin bada; hots, Axular, Larramendi eta gure arteko beste hainbesteren segizioko; eta gidari ere bai». (Patxi Altunari erantzunez; Euskera, 1981 (2)).

        Sermoiak egiten apartekoa izateaz gain, hizpide zituen gaiak ere halakoak ziren. Francoren diktadurapeko garai haietan, adierazpen askatasuna, eta askatasuna oro har, hain murriztua zegoen garai haietan, jendaurrean gai jakin batzuez hitz egin eta salatzeko ausarta izan behar zen gero!

        Patxik, besteak beste, diktadura garaian Euskal Herria jasaten ari zen bidegabekeriak izaten zituen hizpide bere sermoietan. Ebanjeliotik abiatuz, garai hartako hainbat gertaera aipatu eta gogor salatzen zituen.

        Hori dela-eta Poliziak hainbat isun ipintzeaz gain, Patxiri zaindu beharreko pertsona iritzi zion. Igandeko elizkizun haietara, Polizia, ezkutuan noski, Patxiren eta honen entzule zirenak zelatatzera joaten zen. Eta hala jakinarazi zion behin Patxiren mezetara joaten zen polizia baten emazteak: «Kontuz ibil zaitez aita Patxi, zaindua zaude eta!».

        Garai hartan igandero Patxiren mezetara joaten zen Miren Azkarate, eta honela oroitzen ditu meza haiek: «Patxiren mezak guretzako kontsolamendua ziren. Sermoietan, zeuk pentsatzen zenuena eta beste inon entzuteko aukerarik ez zenuena, eta, gainera, pulpitutik esanda, entzuteko aukera genuen. Oso gustura sentitzen ginen mezan, eta horregatik egoten zen gainezka eliza».

        Hain sonatuak izatera iritsi ziren mezen oihartzuna Azpeitiraino eta Patxiren amarenganaino ere iritsi ziren. Eta amak beldurrez esaten zion Patxiri: «Patxiko Mari, ez hadi gehiegi mintzatu».

 

 

ATXILOTU ETA MADRILERA

 

        Amak beldurrez ohartarazi bazuen ere, badirudi ordurako nahikoa mintzatu zela Patxi. 1974ko abenduaren 8an, Ama Birjinaren egunean, igandero ohi bezala meza eman zuen. Ama Birjinaren egun hartan, Donostian Poliziak ETAko kideak zirela egotziz aste hartan bertan atxilotutako hogei gazteren inguruan hitz egin zuen Patxik, eta egoera hura salatu. Eta egun horretan egin ohi den bezala, sermoia Hortikan zaude Euskal Herriko seme gaixo... abestiarekin amaitu zuen.

        Elizkizuna amaituta, Azpeitira etorri zen etxekoekin bazkaltzera, eta arratsaldeko funtziora joan ondoren, Donostiara itzuli zen. Etxera, EUTGra iritsi zenean, erretoreak esan zion Polizia bere bila joan zela.

        Hurrengo egunean, Patxi komisarian aurkeztu zen, eta atxilotu eta arratsaldean Madrilera, Espainiako Auzitegi Gorenera eraman zuten. Bertan ziegan sartu, eta lotaratu baino lehen tirabira izan zuen Patxik hango funtzionarioekin: «Egunero egin ohi nuen bezala, meza eman nahi nuen eta hala adierazi nion hango funtzionario bati: Quiero decir misa. Funtzionarioak: ¡Qué dice usted!, Aquí no hay capilla. Nik orduan: Ah, no sé, yo quiero decir misa. Este es un centro católico, ¿no? Pues, yo quiero decir misa, dígaselo al jefe. Nik uste dut hori dela-eta hasi zirela diligentziak egiten ni handik lehenbailehen bidaltzeko. Hala ere, ez nuen lortu meza ematea», oroitzen du Patxik.

        Tirabira horren ondoren, gaua lo egin ezinda eman zuen atxiloketaren zergatia zein izan zitekeen asmatu nahian, ez baitzioten inongo azalpenik eman. Goizaldera esnarazi eta epailearen aurrera eraman zuten. Epaileak: Usted ha hecho una apología de los presos de ETA. Patxik: ¿Yo, de los presos?, Patxi ez baitzen konturatzen zergatik zioen hori epaileak. Halako batean akordatu zen zein izan zitekeen bere apologia, eta epaileari: ¿Sabe usted cuál ha sido la apología? He terminado el sermón recitando unos versos de un canto a la Virgen que es conocido en todo el País Vasco, y si decir Euskal herriko seme gaixoak es hacer apología.... Egun hartan bertan, 400.000 pezetako isuna edo 90 eguneko kartzela zigorra ezarri zioten. Patxik zigorra ordaintzeko adina diru ez zuela eta, kartzelara joatea erabaki zuen.

 

 

CARABANCHELGO EGONALDIA

 

        1974ko abenduaren 10ean, 47 urte zituela, kartzelaratu zuten Patxi Carabanchelen (Espainia). Egun gutxira, Donostiako jesuita etxeko erretoreak isuna ordaintzeko gogoa adierazi bazion ere, nahiago izan zuen kartzelan geratu, diru asko baitzen garai hartan 400.000 pezeta; urte guztian unibertsitatean eskolak ematen irabazten zuena baino gehiago.

        «Carabanchelen, apaiz gehiago zegoen ziegara sartu zuten. Apaizek, kartzelan bestelako tratua zuten, gutxi nahasten ziren gainerako presoekin, patiora ateratzen zirenean baino ez. Jan ere, beraien ziegan egiten zuten. Eta nola jan! Etxekoek eta lagunek bidalitako urdai ederra eta Gabon gauerako Donostiako Aurrera tabernako nagusiek txangurroa bidali ziguten. Ondoegi jaten genuen, zaindu egin behar ez gizentzeko! Kartzelan egotea ez zitzaidan gogor egin, ziega kideekin konfiantza hartu ondoren eramangarria zen eta eskolak ematen nituen hilabeteetan egin ezinda nituen lanak egiteko aprobetxatu nuen», kontatzen du Patxik.

        Carabanchelen bai, han izan zuen Auzitegi Gorenean ukatu zioten meza emateko aukera, eta hala egiten zuen egunero ilunabarretan.

        Bisitak ere ugari izan zituen: jesulagunak, lagunak, etxekoak... jende asko, hogei lagunetik gora, izan zen Carabanchelen Patxi bisitatzen. Mari Pilar Larrañaga koinata: «Ni joan nintzenean, Patxiren amak eskuz idatzitako paper bat eraman nuen, itxaropena, pazientzia izan zezala esaten zuena. Patxiri paper hori kristal lodi-lodiaren bestaldetik erakutsi nionean malko-erreka batean urtu zen».

        1975ko martxoaren 10ean atera zen kartzelatik, 90 eguneko kartzela zigorra oso-osorik bete ondoren. «Patxik kartzelatik atera behar zuen egunean, Javier semea eta biok joan ginen hura jasotzera. Javier txistua jotzen ikasten ari zen eta Patxi kartzelatik ateratzen zenean txistuarekin Agur Jaunak jo nahi zion, baina hango mobida ikusita pasatuta gelditu zen eta ez zen txistua jotzen saiatu ere egin», kontatzen du Patxiren anaia Manuelek.

        Kartzelara eraman zuten meza sonatu haiez gain, gauza lasaiagoak ere egin zituen bere apaiz egitekoan; esaterako, makina bat bikote ezkondu. Gehienak etxekoak, lagunak, lankideak, ikasleak... gertuko jendea ezkondu zuen. Mari Carmen Garmendia lagunak dioenez, «Patxik jende asko ezagutu du, lagunarte zabaleko pertsona izan da;, horregatik, berak ere ez du jakingo zenbat jende ezkondu duen».

        Donostiara joan berritan, 1965eko abuztuan bere anaia gaztea Manuel eta Maria Pilar ezkondu zituzten berak eta anaia Sebastianek Azpeitiko parrokian. Egun berezia izan zen Kanpaxkoan, etxeko txikia eta ezkontzekoa zen seme bakarra ezkondu baitzen. Egun berezi horretarako, Patxik bertso batzuk atondu zituen eta bazkalondoan ezkonberriei kantatu. Gerora, lehengusuak eta ilobak ere ezkondu ditu.

        Etxekoez gain, hainbat lagun, lankide, ikasle ere ezkondu du, eta hauen artean gaur egun ezagunak diren hainbat pertsona ere bai: Iñaki Gabilondo irrati esataria, Antton Valverde abeslaria, Iñaki Esnaola politikaria eta abokatua...

        Horretaz guztiaz gain, irratitik ere aritu zen predikatzen 1963-1973 bitartean. Loiola Irratian, Jose Mari Iriondok larunbat gauetan aurkezten zuen Beti jai saioaren amaiera aldera, Patxik igandeko ebanjelioa komentatzen zuen hamar bat minututan. «Dinamita ziren hitzaldi haiek; izan ere, erregimen guztiaren kontra joaten zen. Eta Donostiako sermoietan material bera erabiltzen zuenez, guretzat promozio ezin hobea zen. Horrez gain, euskara freskoa baina oso landua erabiltzen zuen, eta irratiz oso komunikatzaile ona zen», kontatzen du Jose Mari Iriondok.

        Arestian esan den bezala, jende askok Donostian jesuiten elizan ematen zituen meza haiengatik ezagutzen badu ere, ezagunagoa da egun Patxi irakaslea edo Patxi euskaltzaina.

 

 

PATXI IRAKASLEA

 

        Donostiako EUTG unibertsitatea, jesulagunek 1956an eratu zuten, eta pixkanaka-pixk~naka hazten zihoan. Irakasleak aurkitzea ez zen lan samurra izan eta horren guztiaren ardatz izan zen aita Ignacio Errandoneak, jesulagunen artean bifatu behar izan zuen irakasle asko eta asko. Eta hauen artean bat, Perficit urtean Loiolan ikasle izan zuena: Patxi Altuna. Beraz, Patxi EUTG lehen urratsak ematen ari zeta iritsi zen Donostiara. Egun Mundaiz auzoan duten eraikina ere, oraindik egiten ari zirela. Horregatik, jesuitek Ategorrietan zuten —eta egun San Ignacio de Loiola ikastetxea dagoen hartan duten— egoitzan bizi eta ematen zituzten eskolak. Eta halaxe jarraitu zuten 1965ean, Mundaizko eraikina amaitu eta hara joan ziren arte.

        Unibertsitate berri horretan Patxiren egiteko nagusia, sortzekoa zen Hizkuntza Eskolan Euskal Hizkuntzako ikasketetaz arduratzea zen. Baina beste egiteko bat ere suertatu zitzaion: Filosofia eta Letren fakultatean, Latin irakasgaiko irakasle laguntzaile lanetan aritu beharra.

        Ordura arte galdera zorrotzak egiten zituen ikaslea izan zen; handik aurrera, berriz, beste ikasleren baten galdera zorrotzei erantzun beharko zien irakaslea.