Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Sexu egunsentiak

Fernando Morillo

haur eta gazte literatura

Elkarlanean, 2000

 

1

 

        Jaio, jaio, behin bakarrik egiten omen da. Eta noski, ez da egia.

        Bigarren jaiotza... bigarren jaiotza lehendabizikoa baino lazgarriagoa izaten da askoz.

        Horrela izan zen niretzat, bederen. Izan ere, bigarren jaiotza, ni, neu nintzela ohartu nintzeneko unearekin hasi zen. Izateari abiada eman nion lipar bitxian, soilean, bakarrean. Hortxe hasiko litzateke nire historia propioa. Nire istorioa, nahiago bada. Ni neu. Ez, ez zen samurra izan.

        Hamar, hamabi? Bai, hamaika urte inguru izango nituen orduan. Hamarretik hamabira bitarteko amildegian jaio nintzen mundura bigarrengoz, eta nola ez, nahasmen eskukada pairatuz jaio ere. Orain hamabost dauzkat eta oraindik ez dut ezer askorik ulertzen. Baina saiatzen naiz, dena dela. Saiatzen naiz zerbait ulertzen. Ahal dudan guztia egiten dut.

        Adin horretan ohartu nintzen, bada, bizirik nengoela. Eta hor hasi zen nahasmena. Benetako nahasmena. Lehen hain garbiak ziruditen gauzetan, ordura arte ezkutuan zirauten itzalak hasi ziren agertzen. Orduan, denborarekin igaroko zitzaidala sinestarazi nahi nion neure buruari eta hazteko gura neurgaitz batek hartu ninduen, heldua izateko irrika amaigabeak. Horrek nire arazo guztiak, edo handienak gutxienez, konponduko zituela sinetsita nengoen. Oker nengoen, noski. Eta nola, gainera. Gehiegi aurreratzen ari naiz ordea. Gauza bakoitza, bere garaian.

        Gorputzari dagokionez, ez nintzen ezer berezia. Arruntegia, apika. Ez nintzen lodia, ez argala, ez altua, ez baxua ere. Estatistikoki neutroa, horixe nintzen ni. Zein itxura txarra duen horrela esateak!

        Ez, ez nintzen gorputzarengatik nabarmentzen. Nire ezaugarria, nire mundua, barnean zen. Hamaika irudiren katramilan barrena, ametsek salbatzen ninduten sakanetik. Eta irautea lortzen nuen. Eta hau denau jasangarri bihurtzea lor nezakeen orduan. Arrasa hartzeaz gogoratzen nintzen horietan, eta ez nintzen hiltzen. Bizitzari barre egin ziezadan utz niezaiokeen.

        —Asier, jaikiko al zara!

        Hori, nire arreba gazteena zen. Zuriņe. Asier, noski, ni nintzen. Eta jaikitzeko ordua nuen.

        —Gaur ere berandu iritsiko zara klasera, Asier. Zu ez zara inoiz aldatuko, e?

        Ama-konplexua zuen Zuriņek. Benetakoa lanean zegoenez, haren faltan, berak hartzen zuen amaren rola. Eta nahikoa aspergarri jartzen zen horietan.

        Jaiki nintzen azkenean eta egin beharrekoak egiten hasi. Presarik gabe, haatik.

        —Nik joan egin behar dut. Asier, bost gutxi dira, mugi zaitez!

        —Zuk segi lasai. Berehala noa eta —erantzuten nion nik.

        —Gero nik entzun beharko ditut nireak eta bi, ondo zaintzen ez zaitudalako. Aaaaaa! —egiten zuen oihu— Jasanezina zara. Hor konpon. Banoa, bestela ni ere berandu iritsiko naiz eta —esan bai, esaten zuen bazihoala. Baina niri begira gelditzen zen, azkarrago mugi nendin.

        —Segitzeko lasai —esaten nion. Eta irten egiten zen, azkenean. Orduantxe hasten nintzen mugitzen. Pare bat minutu baino ez nuen behar izaten dena prest izateko, eta orduan irteten nintzen etxetik. Arin joaten banintzen, ikusteko aukera izango nuen. Nagore ikusteko aukera.

        Zuriņek ez zukeen ulertuko, eta horregatik ez nion ezer esango. Berak uste zuen, eta bazuen horretarako sobera arrazoi, egia esan, alferkeria edo zabarkeriagatik ibiltzen nintzela goizetan horren makal, horren berandu. Eta ez. Nagore zen arrazoia. Arrazoi nagusia, bederen. Hamasei urte zituen. Nik baino urte bat gehiago. Hirurehun bat egun gehiago. Ez gutxi ere. Adin honetan, hori amildegi nabaria izan bailiteke. Eta zer, hala ere? Niri behintzat, bost axola. Oso gustukoa nuen neska, eta ez nuen jardun nahi justifikaziorik behar ez lukeena justifikatzen, adina bezalako memelokeriarengatik. Filosofoentzat alferreko buruhausteak. Guzti-guztiak. Nahikoa nuen nik neureekin, horrelakoekin hasteko.

        Nagore ozta-ozta iristen zen beti eskolara, sartzeko txirrinarekin batera. Eta ni, aldi berean ailegatzen ahalegintzen nintzen. Nik bera ikusteko, bistan da, baina baita berak ni ikus nintzan ere. Ni existitzen nintzela ohar zedin egiten nuen amets. Banekien ezinezkoa zela. Banekien, ni, bere emakume ikuspegirako, ume puta bat baino ez nintzela izango, eskolaurrekoen pare-parekoa. Hala ere... hala ere gustatu egiten zitzaidan. Asko. Eta izan zitezkeen logika guztiak apurtzen zituen horrek.

        Inoiz nire arreba —Zuriņerekin batera hurbiltzen ikusi izan banindu Nagorek, areagotu egingo zen haren aurrean nire umegorri itxura. Eskolara joateko, amaren laguntzarekin egin behar izango banu bezala. Hori ezingo nuen jasan. Horregatik ez nuen Zuriņerekin hurbildu nahi. Nire burujabetasuna, nire independentzia azpimarratu behar nuen, Nagorerekin zerbait lortuko banuen. Alabaina, ez nuen, antza, askorik aurreratzen.

        Eta gutxi balitz, Zuriņeren laguna zen Nagore. Beno, laguna baino gehiago gelako ezaguna. Baina berdin zion. Horrek dena nahasten zuen, kontu handiz ibili beharko bainuen. Oharkabetasun txikienean, akabo. Zuriņek susmo txikiena hartuko balu, bere eskuetan izango ninduke. Eta ez litzateke samurra izango, ezta gutxiagorik ere.