Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Dorretxe zaharreko misterioa

Fernando Morillo

haur eta gazte literatura

Ibaizabal, 2002

 

1

 

        Ezin genuen sinetsi. Ezin genuen sinetsi eta ezin zen egia izan.

        Baina beldurrak blai geunden.

        Gaua zen. Abandonaturiko dorretxe zahar hartan genbiltzan denok, txoko batean uzkurtuta. Ezkutatu nahian. Eta ilunpetan. Edo ia. Gelak zirrikituak zituen alboko leihoan, eta kanpoko izpiren batek aurrera egitea lortzen zuen. Baina ez dakit zer zen okerrago, izpi txikiak itzalak sortzen baitzituen, eta itzalek mehatxagarriagoa egiten zuten giroa. Beste lauren siluetak sumatzen nituen. Guztion urduritasuna sumatzen nuen neurri berean.

        Beldurra.

        Eta berriro zarata hura. Arnasots indartsu, indartsuegi baten modukoa.

        ZURRUN, ZURRUN.

        Leihotik sartzen zen izpiari begira gelditu nintzen une batez. Izpi zurixka zen. Isila eta barea. Ilargiarena izango zen, agian. Ez al zegoen ilargi betea? Litekeena zen. Baina ez nekien. Jadanik ez nekien ezer. Ilargi izpia, agian. Izpi zurbil eta zuzena.

        Burua xelebrea da. Zer gertatzen zen —eta are gehiago, zer gerta zitekeen— kontuan hartuta, zer demontre egiten nuen nik izpi hari begira? Ez dakit. Agian nire bizitzako azken izpia izan zitekeela pentsatu nuelako izango zen.

        Nire bizitzako azken gaua.

        Berriro entzun nuen arnasots indartsu hura. ZURRUN, ZURRUN. Ez zen gutako inorena, hori garbi zegoen. Eta han ez luke egon behar gu beste inor.

        Azken begiratua eman nion argi izpiari. Listua irentsi nuen.

        —Mamua? —esan zuen norbaitek. Ez zion inork erantzun.