Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Zure arimaren truke

Fernando Morillo

nobela

Txalaparta, 2008

 

EGUNEROKO EGIA

 

        Kaosaren zientziak erakusten duen moduan, aldaketa txikienak ere sekulako ondorioak ekartzen ditu zenbait sistematan. Askotan entzungo zenuen, irakurle: litekeena da Brasilen dabilen tximeleta baten hegalditxoak urakan bat abiatzea Miamin. Edo Bilbon. Edo norberaren baitan. Gure bizitza ere, ez gutxitan, halako lege kaotikoek zuzentzen dutela ematen du. Horrela, gertaera ņimiņo batetik (esate baterako, aintzat hartzen ez dugun esaldi garrantzigabe batetik) ezin konta ahala hari askatzen dira. Eta hari horietariko asko amildegirantz doaz. Eta gu ere bagaramatzate.

        —Buruko minez nago, Bernat —esan zidan Irurik.

        Bernat ni naiz, noski. Eta Iruri neska-laguna, pisukidea eta aitortu ezineko ametsa nuen. Sarritan, liskarrez liskar ibiltzen baginen ere.

        —Ez nau harritzen —aurpegiratu nion, haserre-puntu batez—. Ezetz esaten ez ausartzeagatik izango da.

        Hitza omen da bidea. Konponbidea. Ez beti. Batzuetan nahasteko baino ez baitu balio, nork bere erara ulertzeko erabiltzen duenean, batik bat. Nondik datorkigu etengabe elkarren aurka jokatu beharra? Bizikidetzaren ezinbestea? Eguneroko platerari falta zaion halabeharrezko gatza, asperraldiak jo ez gaitzan?

        Hitzak, hitzak, hitzak.

        Orain, duela urtebeteko egun madarikatu hura gogoratzen dudan bakoitzean, saminak zeharkatzen nau erraien barrenetik buruko azken ile-puntaraino. Baina orduan ez nekien zer etorriko zen gero, eta orain bai. Orain badakit nolako urakan basatia eratu zen hegaldi txiki hartatik.

        —Lanean ilundu arte geratzen naizen azkeneko aldia izango da —ziurtatu nahi izan zidan Irurik—. Benetan.

        —Hori esan zenuen aurreko hilean. Eta baita azkenaurrekoan ere.

        Iruri abokatu zebilen, bulego ospetsu batean. Ospearen ordaina lana zen. Lana erruz. Lana goizez, arratsaldez eta maiz iluntzez. Gauren bat edo beste erori izan zen inoizka, egun hartan bezala.

        —Zor diet. Badakizu —justifikatu zen.

        Nik Iruri ezagutu aurretik, bolada ekonomiko txar samarra igaro zuen neskak. Bulegoko nagusiek mailegu salbatzaile bat egin omen zioten, eta harrezkero zorretan sentitu zen haiekin. Baina ez diru zorretan (guztia itzuli zien), sentimentalean baizik, mesedeagatik. Aise uler nezakeen hori. Baina nekez, ordea, zor hura kitatzeko etengabeko ordainean ibili behar izatea. Ez zen bidezkoa.

        —Mesedez, Bernat —tematu zen Iruri—. Uler ezazu.

        —Ba ez dakizu ba azkenean onartuko dudala —esan nion—. Beti onartzen dizut eta.

        Tonuak laņoa izan nahi zuen, baina ez nuen inondik inora ondo kalkulatu. Izan ere, oparitzat hartuko zuela uste izan nuen, nire maitasunaren erakusgarri edo. Txapa-behera, ordea. Beste hainbestetan bezala. Bai irristakorra sentimenduaren gramatika...

        —Ezin dut —jaurti zidan Irurik, bat-batean sutsu—. Horrela hasten zarenean, ezin dut irentsi. Ezin dut jasan. Ez. Orain ez hasi santua bazina bezala! Nik ere pairatu behar dizut-eta zureak. Eta ez gutxitan!

        —Ei, ei, Iruri, lasai gaitezen. Trankil. Ez dakit zer demontre, baina ohi baino urduriago ikusten zaitut. Benetan diotsut, ez naiz adarra jotzen ari. Egia esaten badizut, pixka bat kezkatuta naukazu. Benetan. Zergatik ez duzu lasaigarriren bat hartzen? Inoiz baino lan handiagoa egiten ari zara azken hilabeteotan. Horrek estutu egiten zaitu, eta inoiz baino ozpinago za... gabiltza —zuzendu nuen, azken segundoan—. Biok gabiltza.

        —Hara bestea —egotzi zidan—. Inoiz baino lan handiagoa diozu. Eta zuk? Ikerkuntza amaigabe horretan sartuta egun batean eta hurrengoan...

        —Ez da gauza bera.

        —Aaaa, jakina, seņorito hori. Ez nuen gogoratzen. Zurea beti desberdina da.

        —Nik ordu dezente sartzen ditut lanean, baina nik erabakitako jarduna da. Nik erabakitako ikerkuntza. Zu gogoz kontra ari zara azkenaldian, batere gustatzen ez zaizkizun kasuak eta ardurak hartzen. Nik, gutxi edo asko, gozatu egiten dut. Zu indarrik gabe gelditzen ari zara. Entzudazu: une honetan atsedena behar duzu, arnastea baino are gehiago.

        —Ba al dakizu zer? Ez zait zure hitzen doinua gustatzen. Ezta batere. Baina nazkatuta nago eztabaidatzeaz. Kito. Zergatik ez dugu uzten?

        —Ados. Guztiz.

        Isilik geratu ginen apurtxo batez. Irurik begiak itxi eta esku bat eraman zuen kopetara.

        —Mina —esan nuen, begi-bistakoa zena ahoskatuz—. Mina duzu. Egun batzuk daramatzazu horrela.

        —Bai. Egun batzuk. Lehen ez dizut esan, ordua eskatu dut medikuan —azaldu zidan Irurik—. Bihar joan behar dut.

        —Hara. Ba, oso ondo iruditzen zait. Lasaitzeko zerbait emango dizu, ikusiko duzu. Ea, orain joan zaitez ohera eta etzan pixka batez. Afaria prestatuko dut. Abisatuko dizut mahaia jarrita dagoenean.

        —Egingo al zenuke?

        —Horixe esan dut.

        Iruriri behingoan samurtu zitzaion begirada.

        —Banekien —jarraitu zuen—. Ez zara adierazi nahi izaten duzun bezain gogorra. Zergatik amaitu behar dugu beti horrelako ika-mika tontoak izanez?

        —Geneetan idatzita daukagulako? —txantxetako tonua jarri nuen—: Piperra baino piperragoa zarelako?

        —Baboa halakoa.

        —Erabat. Ea, segi ohera. Gero deituko dizut.

        —Mila esker.

        —Segi. Segi!