Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Bilbo samurai

Fernando Morillo

nobela

Txalaparta, 2010

 

SENA ENTZUTEN

 

        Basoko adarrak gero eta trinkoagoak ziren, ez Zen erraza haien artetik ibiltzea. Bilbo Samuraik sega handi bat zeraman bizkarrean zintzilik, eta borrokamakila luze bat ezker eskuan. Hala ere, katu aditu baten abileziaz egiten zuen aurrera. Erritmoa moteldu gabe, hobeto kokatu zuen sega.

        Zuhaitzen goiko alderantz begiratu zuen Bilbok. Kopetako ilea baztertu zuen, hobeto ikusteko. Zuhaitz beltzak, hosto beltzak. Antzinako pagoak ziruditen, Hondamendi-egunaren aurrekoak. Baina zuhaitz haiek askoz ere altuagoak ziren garai batekoak baino, eta adar amaiezinak eta fin-finak zeuzkaten. Bizirik irten ziren beste guztiek egindako gauza bera egin behar izan zuten basoek ere: egokitu edo hil.

        —Nekatuta al zaude? —galdetu zuen Bilbok burua itzulita. Irudi baxuago batek jarraitzen zion. Mutikoa zirudien. Gizakumea. Ez. Ez guztiz—. Xuri? Apur batez geratzea nahi al duzu?

        —Ondo dago —erantzun zion gazteak. Ilargi betea bezain zuria zeukan aurpegia. Hortik, beharbada, Xuri izena—. Beste pixka batean segi dezaket.

        Bilbok irribarre egin zuen bere baitarako. Xuri leher eginda zegoen, baina ez zuen besterik gabe amore emango. Lurrera zerraldo erori arte segituko zukeen, hala eskatu izan balio. Bilbok Lander gogoratu zuen, gaztearen aita. Antz handia zuten aita-semeek. Hobeto elkar ezagutzerik izan balute!

        —Lo egiteko leku bat bilatuko dugu —erabaki zuen Bilbok.

        —Ondo nago. Benetan.

        —Ordu asko daramatzagu martxan. Atseden hartu behar dugu.

        Bilbok pausoa lasaitu zuen, baina gelditu gabe. Gaztea hurbildu egin zitzaion.

        —Bilbo.

        —Esan.

        —Beti esaten didazu kasu egin behar zaiola barruko ahotsak dioenari.

        —Zer dio zure ahotsak?

        Xuri une batez isildu zen, hitzen bila edo.

        —Ez zait gustatu —azaldu zuen, azkenean.

        Bilbok aurrera jarraitu zuen, arduraz, ingurua ahalik eta ondoen arakatzen. Zenbait adar baztertu zituen eskuan zeraman makila luzearekin.

        —Zer ez zaizu gustatu? —galdetu zuen gizonak—. Itxaron, Xuri. Etorri hemendik. Nire atzetik. —Ehiztaria. Ez zait gustatu ehiztaria.

        —Hortxe aurrean geratuko gara. Leku ona dirudi —gizonak segundo pare bat hartu zuen gaztearen aurpegi zurbila aztertzeko. Kezka irakurri zuen Xuriren begietan—. Ibaiaren ertzean zegoena?

        —Egun osoan ikusi dugun pertsona bakarra da eta! Nor, bestela? —ihardetsi zion Xurik, Bilbo adarra jotzen ari ote zitzaion ezin asmaturik—. Ez zait gustatu haren begirada.

        —Zergatik?

        Gaztea isilik geratu zen puska batean, hausnarrean bezala.

        —Ez dakit —esan zuen gero—. Edo, hobeto esanda, badakidala uste dut, baina ezingo nuke azaldu zergatik. Ez egin barre, Bilbo. Ez egin barre. Serio ari naiz.

        —Ez dut barrerik egin. Inoiz ez nizuke barrerik egingo. Entzun? Inoiz ez. Sartu hori ondo buruan, Xuri. Irri egin dut. Ez da gauza bera. Eta ahotsari dagokionez... Hitz egin dugu horretaz. Azal dezakezun baino gehiago jakitea. Sena. Zurea bikaina da. Aintzat hartu. Askotan asmatzen du.

        —Zuk ere ikusi al duzu? —galdetu zuen gazteak.

        —Zer?

        —Haren begiradak zeukan distira.

        —Zer zioen haren begiradak?

        —Kalkulatu egiten zuen. Harrapakinaren zain dagoen otso baten begirada zuen.

        —Harrapakina izatearen beldur zara? —galdetu zion Bilbok.

        —Ez.

        —Ez?

        —Beno, pixka bat. Zurekin gutxiago.

        —Beldur izatea ez da txarra. Erne egon behar duzula oroitarazten dizu beldurrak. Prestatzen jarraitu behar duzula.

        —Prestatzen.

        —Beldurrik gabe, erraza da bizirik zaudela ahaztea. Beldurrik gabe, litekeena da merezi duen guztia ere ahaztea. Izan ere, esango nuke zibilizazioak, neurri batean, beldurra galdua zuela. Bizirik zela ahaztu zuen. Eta benetan zerk merezi zuen ere bai.

        —Horregatik hondoratu zen?

        —Beharbada. Auskalo.

        —Orduan, beldurra izan behar dut —esan zuen Xurik.

        —Pixka bat izan dezakezu. Baina ez ahaztu zure alboan nagoela.

        —Eta ni zurean —esan zion gazteak berehala.

        —Ikusten? Beldur gutxiago dut orain.

        Xurik barre egin zuen:

        —Txotxoloa.

        Bilbok aurreko muino bat seinalatu zion.

        —Hortxe kanpatuko dugu, tontortxo horren azpian. Goazen.