Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Angel Otaegi

Iban Arregi

biografia

Uztarria, 2001

 

PIKUANEKO SUSTOA

 

        Beraz, Angel-eta langileen artean hasi ziren ETAren aldeko aurreneko lanak egiten. Garai hartan, 1972aren bueltan, batzar asko egiten ziren tailerretan, grebak-eta antolatzeko. «Tailerretan jendeak komiteak edota batzordeak sortzen zituen —dio Xabier Iturriak—, eta batzorde horiek oso garrantzitsuak izan ziren urte haietan. Han, ETA VI.ekoak, komunistak, ELAkoak, gu... biltzen ginen, ikuspuntu desberdineko jendea. Joera desberdinak biltzen ziren batzar bakar batean, eta deialdi edota mobilizazio guztiak asanblada bidez egiten ziren. Bestetik, gu orduan ETAkoak ginen, eta klandestinitatea disimulatzeko ere erabiltzen genituen asanbladak, nahiz eta hitz egiten zuena askotan nabarmen geratzen zen...».

        Asanbladak; propaganda egin eta banatu; multikopistak lortu, ezkutatu, batetik bestera eraman... Halako lanetan hasi zen hasiera batean Angel Otaegi, langileen frontean. Angel eta Kortatxo arduratzen ziren, batik bat, propaganda arloaz. Eta ez zen lan erraza. «Papera lortzea ere zaila izaten zen —dio Kortatxok—, Guardia Zibilak ondo zaintzen zuelako paper asko erosten zuen jendea. Horregatik, askotan institutuetan-eta sartu eta papera lapurtu beharra egoten zen».

        «Bilerak ahal zen tokian egiten zituzten langileen fronteko kideek. Askotan, mendian. Urraki aldera joaten ziren, autoak bide bazterren batean utzi, oinez txabolaren batera joan, eta behin baino gehiagotan ilunpetan egin zituzten bilerak. Txabola zahar batean, kobazulo batean... Edozein leku aprobetxatzen genuen biltzeko», dio Xabier Iturriak.

        Beste batzuetan, elizaren lokaletan biltzen ziren, Oargirenean... Baina, ahalik eta leku seguruenaren bila ibiltzen ziren, eta Oargi ez zen segurua, Kortatxoren arabera: «Oargiren lokala nahikoa erreta zegoen. Izan ere, haren behean Iñigo taberna zegoen, eta han egoten zen Posadas [Gregorio Posadas Zurron guardia zibila, gerora ETAk Azpeitian Juan XXIII.a auzoan tiroz hil zuena], dena zaintzen. Hark oso ondo zekien zein joaten zen Oargira».

        Horregatik, bilera dezente tabernatan egiten zituzten; Pastorkuaneko taberna zaharrean asko. Arauntza Elkartean ere bai, baina gehien-gehienak Pastorkuanekoan egiten zituzten. Lehengo Pastorkua zaharra Hartzubia kalean zegoen —errotaren parean, justu ibaiaren kontra—. Sartu eta eskuinetara barra luze bat zeukan, ezkerretara mahaiak eta atzealdean sukaldea. Ibai aldera jantoki txiki bat zeukan tabernak, eta bilera gehienak han egiten zituzten Angelek-eta. Pastorkua tabernako jendea ondo ezagutzen zuten, bazekiten zein ibiltzen zen han egunero, eta, batik bat, hori komeni zitzaien.

        Tarteka, Pikua tabernan ere egin izan zuten bilerarik. Gaur egungo toki berean zegoen orduan ere Pikua taberna, Errebalean. Eta bertakoei ezer esan gabe egiten zituzten bilerak, tabernaren atzealdean bi eskailera igota zegoen jantokian. Orduan Pikuan oso jende gutxi ibiltzen zen, Kortatxok gogoratzen duenez: «Errebaleko agure batzuk bakarrik ibiltzen ziren orduan Pikuan. Luziano jabea eta haren seme Fernando egoten ziren lanean. Guk haiei ez genuen sekula esan bilerak egiten genituela. Geure ustez, ezkutu samarrean jarduten genuen. Pikuan, bileraren bat egin behar genuenean, edateko zerbait eskatzen genuen, barruko jantokira pasatu, eta han jarduten genuen».

        Haien ustez, ezkutu samarrean, bai, baina hain ezkutuan ere ez zuten jarduten. Izan ere, behin «susto ederra» pasatu zuten, Kortatxok kontatzen duenez: «Arratsalde bat zen, eta han ari ginen, hizketan, paperak magalean hartuta, gure ustez disimulu guztiarekin. Halako batean, Fernandok keinu bat egin zigun barraren atzetik, eta begiratu bat bota genuenean bizpahiru guardia zibil ikusi genituen, taberna barruan. Azkar asko ezkutatu genituen paperak! Laguntzarik eskatu gabe laguntzen zuen orduan jendeak».

        Ia ezusteko ederra izan zuten orduan Pikuanekoan, baina ez zen ezer gertatu. Guardia zibilek igoal zerbait usainduko zuten, zerbait prestatzen ariko zirela-edo pentsatuko zuten igoal. Ekintzak ere egiten zituztelako Otaegik-eta. «Angel oso ekintza zalea zen —gogoratzen du Xabier Iturriak—, geldirik ezin zuen egon».

 

 

IKURRINA JARTZEN SAIATU ZIREN GAUA

 

        Ekintzaren bat egin behar zenean, Angel beti lehenengo puntan ibiltzen zen. Eta inoiz lantxoren bat bera gabe egiten bazuten, asko haserretzen zen. «Behin —dio Xabier Iturriak—, kalean propaganda botatzeko hitzordua egin genuen, Amuko zubiaren azpian. Gaizki ulerturen batengatik-edo, Angel bera ez zen azaldu, eta hura gabe banatu genuen propaganda. Gero, ikusi zuenean bera gabe egin genuela propaganda lan hura, asko haserretu zen. Pentsatu zuen baztertu egin genuela, nahita gainera, eta horrek egundoko mina egin zion». Baina ez zuten baztertu, gerora ere propaganda ugari banatu zutelako elkarrekin.

        Propaganda banatzeko modu asko zituzten, batzuk bitxi samarrak. Askotan, gauean auto azpietan-eta ipintzen zituzten papertxoak; gero, goizean autoa martxan jartzen zenean, propaganda bere kasa banatzen zen herritik. «Oso metodo ona zen», dio Kortatxok.

        Bestalde, garai hartan ikurrinaren aldeko kanpaina jarri zuen martxan ETAk. Ikurrina legez kanpo zegoen orduan —1975ean frankismoa bukatu eta gerora arte, 1977a arte, hala egon zen—, eta ikurrina erakustea gogor zigortuta zegoen.

        Hala, ETAko langileen fronteko azpeitiarrek ere ikurrinaren aldeko kanpaina egitea erabaki zuten. Aspalditik zeukaten asmoa, baina sekula ez zuten egin. Gau batean, 1972 bukaera aldera, Angelek eta Kortatxok ikurrina kable batetik zintzilikatzea erabaki zuten. Baina ez zen hain erraza, Kortatxok gogoan duenez: «Eskuztako harrobi inguruko argindarraren tentsio handiko kable bat aukeratu genuen horretarako. Eskuzta aldetik Arauntza mendiaren aldera egundoko kablea zegoen orduan [orain ere han dago], eta herriaren sarrera-sarreran zegoenez, leku ezin hobean, ikurrina handik zintzilikatzea erabaki genuen. Ordurako ikasita genuen ikurrina nola jarri: kateorratz tankerako gako bat jarri genion ikurrinari, eta gako bera nylonezko lokarri bati lotu genion; ondoren, lokarria kablearen gainetik bota genuen. Helburua zera zen: lokarriari tiraka, gakoa kableari lotzea. Behin hori lortuz gero, ikurrina handik kentzea oso zaila zen». Horrela, Kortatxo zutabera igo zen, Angel behean geratu zen, eta han hasi ziren, ikurrina kablean jarri nahian. «Behin lokarria kablearen gainetik pasatu genuenean, biok lokarriari tiraka hasi ginen. Haizeak gogor jotzen zuen, eta ez dakit zer gertatu zen, baina tentsio handiko kableak egundoko danbatekoa atera zuen, eta txispak botatzen hasi zen. Lokarria eta dena erre zen». Ilunpetan zeuden, eta haizeak ikurrina norabaitera eraman zuenez, ikurrina haren bila ibili ziren Angel eta Kortatxo, «froga guztiak ezabatzeko», baina ez zuten aurkitu. Denbora gutxira, badaezpada, alde egin zuten, ikurrinik gabe, eta bakoitzak bere aldetik; Angelek motoan, Derbian, alde batetik, eta Kortatxok oinez, beste aldetik.

 

 

MULTIKOPISTA HERRITIK KANPORA

 

        Angelek autoa gidatzeko baimenik ez zeukan. Jardun zuen gida-baimena atera nahian, Urola autoeskolan, baina atera aurretik atxilotu egin zuten. Eta langileen fronteko lagunek ere hasieran ez zeukaten autorik, Angel baino dezentez gazteagoak zirelako Kortatxo-eta. Baina, propaganda banatzeko, multikopista leku batetik bestera mugitzeko... autoa behar izaten zuten. Eta askotan Angelek lortzen zuen autoa, koadrilako lagunen bati eskatuta. Koadrilako lagunek bazekiten Angelek ez zeukala gidatzeko baimenik eta autoa beretzako ez zuela, baina, hala ere, lortzen zuen autoa, handik edo hemendik. Multikopista bat Azpeititik kanpora eraman behar izan zuten egun hartan bezala.

        1972-1973 inguruan izan zen. Multikopista bat zeukaten herrian, eta herritik kanpoko leku batera eramateko agindua jaso zuten. Beraz, Angelek autoa lortu zuen, eta multikopista horren lekualdatzea prestatzen hasi ziren. Angeli asko gustatzen zitzaizkion halako ekintzak, eta prestaketa lanetan ardura handia hartzen zuen beregan. Josu Iturriak —errezildarra; gaur egun Hendaian bizi da, eta hasieratik langileen frontean sartu zen Angelekin-eta— gogoan dauka multikopistarena: «Angelek bere Derbia hartu zuen, eta aurretik joan zen, badaezpada, Guardia Zibilaren kontrolak saihesteko; eta gu atzetik, autoan. Walkie-talkie horietako batzuk lortu zituen, elkarrekin harremanetan egoteko. Baina walkie haiek ez zuten oso ondo funtzionatzen, ez zen ia ezer entzuten, eta, bat-batean, Angel han ikusi genuen, Itziar gainean, bide bazterrean geratuta. Motoaren bujiak aldatzen ari balitz bezala egiten zuen, eta bitartean walkie-a hartuta frogak egiten ari zen. Gu haren parera heldu ginenean, 'Ostia, ez duk ezer aditzen!', esan zuen, marmarka. Eta guk adarra jo genion, aparailu txarrak ekarri zituela esaten genion, erdi barrezka». Berriro bideari ekin zioten, Itziarko gainetik aurrera, eta multikopista eraman behar zuten lekura eraman zuten. Dena ondo joan zen. «Angelek benetan bizitzen zituen halako esperientziak. Eta oso diziplinatua zen, txukuna lanean. Handik Arauntza Elkartera joan ginen, afaltzera, Angelek derrigortuta».

        Arauntzan erronkan jardun zuten, ekintza zuzen egin zutelako. «Hi, zer aparailu eskas ekarri dituk?», galdetu zioten, txantxetan, lagunek. Eta Angelek: «Beno, baina egin beharrekoa ondo egin diagu, ezta? Ez al dugu ondo egin? Ba orduan egon isilik!». Angelek bazekien egin beharrekoa ondo egin zutela. Une hartan horixe bakarrik inporta zitzaion. Horixe, eta hurrengo ekintzaren bat prestatzea.

 

 

MULTIKOPISTA BAT, ARTABERARA

 

Beste behin, Azpeitiko lokal bateko multikopista bat nonbaiten ezkutatu behar zuten. «Herriko lokal batean geneukan, baina lokal hura ez zen oso segurua, eta handik eraman beharra zegoen», dio Kortatxok. Nora eraman, hori zen arazoa. Baina Angelek azkar aurkitu zion konponbidea arazoari: «Guk badiagu Nuarben etxe huts bat», esan zuen. Izan ere, ordurako Artabera etxean —Angelen jaiotetxean— ez zen inor bizi, Maria gizon batekin ezkondu eta alboko etxe batean jarri zelako bizitzen, eta beste senideak ere handik atereak zirelako. Horregatik, Angelen plana horixe bera zen: multikopista Artaberara eramatea.

Multikopistarena ez zen txantxetako kontua orduan, Guardia Zibilak norbait harrapatuz gero, hura zuzen-zuzenean kartzelara zihoalako. Baina Angelek dena ondo pentsatua zeukan. Josu Iturriak furgoneta bat bazuen orduan —elektrizista moduan lan egiten zuen; gaur egun ere horretan dihardu—, eta furgoneta hartan sartu zuten multikopista, eta Artabera etxeko ateraino eraman. Guztien artean gora eraman zuten, eta zakuekin-eta ondo estali. Baina halako batean, gutxien espero zutenean, Angelen ama Maria azaldu zitzaien builaka. «Jada etxetik irtetera gindoazela, Maria builaka etorri zen, Largaos de aquí, desgraciados esanez —gogoratzen du Kortatxok—. Ez dakit zeren usaina hartu zion, ez dakit lapurrak ginela edo zer pentsatu zuen, baina handik azkar alde egin genuen, inor esnatu baino lehenago». Artaberatik Azpeitia aldera joateko zubi estu batetik pasatu beharra dago, eta zubitik pasatzerakoan bazterra joaz joan zen Josu Iturria furgonetan, Josuk berak gogoratzen duenez. Angel bera, berriz, ama lasaitu nahian geratu zen, ez zela ezer gertatzen esanez.

Josu eta Kortatxo nahikoa larrituta joan ziren; baina Angel ez, Angel lasai geratu zen. Hala uste du behintzat Josuk. Izan ere, handik hamabosten bat egunera Josuri berari deitu zion, eta bere etxera joateko eskatu, etxeko transformadorea aldatu beharra zeukalako. «Beldurrez, baina joan egin nintzen; 'Ez ote naik ezagutuko Mariak!', pentsatzen nuen nere artean». Joan zen Mariaren eta Angelen etxera, eta han esaten ez dio ba Angelek amari: «Zer, ama, ez al duzu ezagutzen mutil hau?». Josu nora begiratu ez zekiela geratu zen. «Nik ez nekien nora begiratu. Ez nuen bere etxera joan nahi, baina joan egin nintzen. Eta gero, gainera, Angel adarra jotzen...». Mariak ez zuen ezagutu Josu; Angelek bazekien ez zuela ezagutuko. «Nire ama ez duk halakoetan gehiegi enteratzen...», esan zion Angelek, barrez. Josu, berriz, transformadorea aldatu eta etxera joan zen, isil-isilik.

 

 

ANGEL, FRONTE MILITARRERA

 

Angel ez zen oso eroso sentitzen tailerrean langileen fronterako lanak egiten. Aurretik, itsasoan arrantzan ibili zenean, han langileen frontea osatzen jardun zuen, gogo handiarekin gainera. Baina, gerora Glual tailerrean hasi zen lanean, eta asanbladetan-eta ez zen erosoegi ibiltzen. Izan ere, tailerreko arduradunak adinez bere parekoak ziren, eta bat baino gehiago lagunak. Horregatik, langileen frontean egin beharreko lan asko eta asko ez zituen nahi bezain lasai egiten, ez bere lantokian behintzat. «Tailerrean lan grisa egiten ez zen oso eroso ibiltzen —dio Xabier Iturriak—. Tailer bakoitzean jendea erakarri nahian ibiltzen ginen, eta Glualen Angeli berari zegokion geureganatze lan hori egitea. Baina tailerreko arduradunen aurrean-eta ez zen oso eroso sentitzen».

Garai hartan eztabaida eta tentsio handiak gertatu ziren ETAko langileen frontearen eta fronte militarraren artean. «Miliak ekintzak egin eta egin hasi ziren —esaten du Xabierrek—, eta horrek gero errepresio handia eragiten zuen. Hala, herrietan ez genuen egoera orekaturik lortzen, eta horrela oso-oso zaila zen azpiegitura osatzen joatea». Xabier eta «borroka armatuak borroka politikoaren eskuetan» egon behar zuela aldarrikatzen hasi ziren orduan. «Gure borrokaren fruituak beste taldeek jasotzen zituztela ikusten genuen, haiek gu baino errotuago zeudelako. Eta horregatik, pentsatzen genuen borroka armatuaren dinamikak ezin zuela beste fronteen herri-txertaketa eragotzi. Eta horretarako, fronteak ezin ziren nahastu, bakoitzak paraleloki jokatu behar zuen, betiere estrategia orokor baten baitan. Borroka armatuak ezinbestekoa du klandestinitate itxia; eta beste fronteetan ez zen hori gertatzen, beste fronteetan aurpegia eman beharra zegoen herriaren aurrean, borrokaren fruituak jasotzeko».

Fronte militarrak bazuen jendea Urola inguruan, baina Azpeiti-Azkoitia inguruan ez. Eta ETAren Zuzendaritza militarrak azpiegitura behar zuen Azpeitia aldean. Horretarako, norbaitek, azpeitiarren batek, fronte militarrean lan egin behar zuen, ekintza militarrak egiteko azpiegitura-eta prestatuko zuen norbait beharrezkoa zelako. Eta beharrezko norbait hori bazegoen herrian: Angel Otaegi. Esan bezala, tailerrean-eta ez zebilen oso eroso. ETAren zuzendaritza militarrak Azpeitia inguruko bat eskatu zuenean, Angel jarri zuten haiekin harremanetan, Angelek berak hala nahi izan zuelako. «Nik uste dut fronte militarrerako egokiagoa zela, oso ekintzazalea zelako. Angel ETAko militante klasikoa zela esango nuke nik: diziplinatua, beti aurrera egiteko prest zegoena, langilea...», dio Xabier Iturriak, orduan langileen frontean ibilitakoak.

Fronte militarrera pasatu zen, beraz, Angel Otaegi, eta berehala hasi zen lanean, ETAko ekintzaileentzako azpiegitura-eta prestatzen.