Azpeitiko Idazleak azpeitiarrak dira

Western Basque festival

Miel Anjel Elustondo

kronika

Susa, 2007

 

1

 

        Nor azalduko zain izan naiz. Zain, ezkaratzean. Txirrina jo eta neskameak ireki dit atea. Itziarren galdera egin dut. Itziar Uriarte. Oraintxe, esan dit, eta ezkutatu da atzerritarra. Jo batera, jo bestera ibili da neska. Ez nik nahi bezain arin, handik pixka batera bistaratu zait Itziar Uriarte, Castorren alaba, 1959ko Renoko jaialdi haren lekuko bakarra Euskal Herrian. Aitatxu —hala esango du berak Castorri buruz ari dela— hil zitzaionetik ez dugu beste inor.

        Bi urte eman ditut Itziarren peskizan hona eta hara. Lehenago, Castorrek berak itsutu ninduen.

        1959an Renon egin zen jaialdia ez zen baitezpadakoa izan. Harrezkero egin diren azterketa eta interpretazio burutsuen arabera, hantxe ernatu zen euskal amerikar nortasuna. Ez alferrik sinatu zuen William A. Douglassek artikulu fundazionala «Inventing an Identity: The First Basque Festival». Mundua bildu zen festa hartan, 5.000 lagun, euskaldun, izan omen ziren bertan. 5.000, ordukoak, esan ohi denez. Egun, Boisen bost urterik behin egiteko ohitura duten Jaialdi jai erraldoian hogeitaka mila izaten dira. 5.000, beraz, baina ordukoak.

        Jendetza haren artean era guztietako gonbidatuak. Goren, Espainiako eta Frantziako enbaxadoreak Washingtonen, eta Euskal Herrikoa: Castor Uriarte, Euskaltzaindiaren izenean. Sasoi hartan, Jose Maria Areilza ari zen Espainiako enbaxadore AEBetan. Bilbon hitzaldi gozoa egin izanaren saria, beharbada. Seme-alabak harturik joan zen Areilza Renoko festara. Andrea, gaixorik ei zuen. Frantsesa, emaztea besotik zekarrela azaldu zen. Castorrek, alaba eraman zuen.

        Lehen jaialdi handi hura, «The First Western Basque Festival», 1959an egin zen Sparksen, Renotik bereizten ez den herrian, ekainaren 6 eta 7an. Berrogei urte eta gero, festaren lekuko izan zen emakumea nuen aurrean —Itziar Uriarte, ezkon aurreko izenez—, lekuko bakar Euskal Herrian.

        Haren aztarna bila bi urte eman ondoren, Euskaltzaindian bertan atera nuen emakumearen iturria. Aurrez aurre nuen azkenean, atea zabalik:

        —Sartu, sartu barrura.

 

 

2

 

        —Erdaraz, mesedez —esan dit Itziarrek. Hiruzpalau aldiz hitz eginak gara telefonoz, euskaraz eta gaztelaniaz nahas-mahas beti, baina euskaraz ireki dit atea eta halaxe segitu dugu, harik eta sofan jarri eta grabagailua piztu dudan arte. Erdaraz, mesedez.

        Garbi hitz egiten du euskaraz, baina herdoildua duela usteko du, bizia Bilbon egin duen gernikarraren ajea, beharbada. Gaztelaniaz egin dugu, gozo.

        —Historiako atal haren lekuko bakarra zara. Zure aita hil zenetik Euskal Herrian ez dago beste inor egun haietako berri eman lezakeenik.

        Txantxa egin du esan diodanean, egiatan esan diodan arren:

        —Orduan, zer edo zer inportantea gara, ezta?

        —Dudarik gabe. Zure berri izan nuen orduko ekin nion arrasto bila, ez nekien bizirik ote zintezkeen ere. Renoko bidaia hartatik bueltan, alaba itzultzaile harturik abiatu zela besterik ez dio Castorrek Inazio Maria Etxaideri idatzitako eskutitzean. Euskera aldizkarian dago jasorik.

        —Itxura denez, Euskaltzaindiak ez zuen dirurik. Renoko jaialdira ordezkaria bidali nahi, baina nahiko diru ez. Sasoi hartan, berriz, gure aitak bazuen. Gainera, akademiarekin bat eginda zebilen, euskal gaiak aztertzen beti —biblioteka zoragarria zuen—, berari galdetu zioten, ea joateko modurik zuen. Ni, berriz, Cambridgen egona nintzen ingeles ikasten eta laguntzaile harturik eraman ninduen. Izan ere, gure aitak ez zekien ingelesez, frantsesez bai, baina. Horregatik joan ginen biok. Gogoan dut, behin, halako batean, gure aitak esan zidala:

        «Itziar, zurekin hitz egin behar dut».

        «Zer dugu?».

        «Senarrak uzten badizu, Estatu Batuetara joango gara. Akademiak ordezkari izendatu nau eta Amerikara noa. Eta nola nik ingelesez ez dakidan, lagundu egin behar didazu. Hitz egin Javierrekin, ea zer dioen».

        —Senarrak ontzat eman zidan eta, harrezkero, bidaia prestatu genuen. Handik hogei egunera abiatu ginen Renora. Madrilera lehenengo, gure amarekin eta Javierrekin, eta gure aita eta biok, gero. Oso bidaia luzea izan zen. Hain luzea egin gabea nintzen. Aita bai, zaildua zegoen, munduari itzulia emana zion eta. Bidaiaren luzea! Gainera, hegazkinak ez ohi zebiltzan gaur egun bezain arin. New Yorken ere hainbat denbora egin genuen zain, ekaitz beldurgarria jo zuen eta hegazkinak ezin irtenik egon ziren. New York-Denver egin genuen, eta handik Renora zuzen. Peter Echeverriak hartu gintuen han, euskaraz. Euskaraz egiten zuten denek. Aitaren poza! Kezkatan zihoan, ingelesez egin beharko zuelakoan, baina ez zuen batere hitz egin beharrik izan. Hara bitartean neuk lagundu nion ingelesez, baina hara heldu orduko, ez zuen interprete beharrik, euskaraz egiten zuten denek!

 

 

3

 

        «Well, and what a hell means to be Basque?».

        1959ko urte hasiera zen eta jaialdia egiteko eratu zen batzordeko kideek elkarri begiratu zioten. Irakasleak eskolan galdera zaila egiten duenean ikasleak egin ohi duen bezala. Batera begiratu, bestera, nork erantzungo ote duen zain. Bestek erantzun zain betiere. Esperantzatan.

        Batzorde hartan denek zuten hurkoak erantzungo ote zuen ustea. Ustela, beste behin. Erantzunik ez baitzuen inork ekarri. Mutu iraun zuten Sparkseko Nugget kasinoan bildu ziren zazpi lagunek. Mutu Peter Echeverria, mutu Robert eta John Laxalt anaiak, mutu Peter Supera, John Micheo, Martin Esain eta John Ascuaga... Galdera bai, «So, what a hell means to be Basque?», erantzunik ez.

        Bikaina hasiera.

        Dick eta Flora Graves ziren Sparkseko Nugget kasinoko nagusi. Idahotik Nevadara etorriak, han jokoa galarazi zutenean. Idahon bertan zituen sustraiak Dickek, eta arbasoak Gipuzkoan, berriz, Florak. Flora Agirre zen, ezkondu aurretik. Emaztea euskaldun, eta euskalduna Dicken giroa Idahon, eurrez baitziren haiek Boise bueltan. Kasinoko janari arduraduna bera ere euskalduna zuten, John Ascuaga, eta festa antolatzeko batzordeko izendatu zuten. Hala ere, Peter Echeverria eta Robert Laxalten deiari erantzunez bildu ziren Nugget kasinoan zazpi lagunak. Zazpi lagunetan, John Ascuagak ez zuen bide handirik egin beharrik izan: eskaileretan gora eta behera ibiltzeari laga eta bilera-aretora. Janari arduradun Ascuagak bertatik bertara egin zuen.

        John Ascuagak artean ezin zezakeen jakin, edo bai —haren tenplea ezaguturik—, egunen batean Nugget inperio ekonomiko handi egingo zuena. Eta kasino haren harriaren gainean bi dorre gora eraikiko zituena, eta euskaltasuna ere ikur erabiliko zuena, euskal artzainari monumentua jasoz, eta Restaurant Orozko jatetxea irekiko zuena artzainaren irudiaren kontra-kontra. Eta, bide batez, Rancho San Rafaelen hamar urte lehenago ezarri zuten Nestor Basterretxearen Bakardadea monumentuari ere kontra eginez.

        John Ascuagaren terrajea.

        Dick Gravesek bestelakoak zituen ardura. Ibiltari porrokatua, Euskal Herrian ere izana zen Flora emaztearekin, honen ama-lurra ikusten. Andre-gizonen arteko konbertsazio horietako batean asmatuko zuten, beharbada, loak hartu baino lehen.

        —Jai handiren bat asmatu beharko genuke, jendea gurera biltzeko. Sparks hau hutsaren hurrena da. Ezer ez eta festa da hemen! —eman dezagun, Dickek.

        —Euskaldun asko da hemen inguruan. Zergatik ez euskal festa handi bat? —eman dezagun, Florak.

        —Handia izatekotan, orain arte egin ez den bezalakoa beharko luke. Laguntza beharko genuke.

        —Laguntzailerik onenak izango ditugu. Batzordea osatuko dugu. Peter Echeverriari hots egingo diogu. Ez alferrik da Nevadako senatari! Karrera politiko handia egiteko itxura du abokatuak. Eta, gainera, hiztun ona da ingelesez eta euskaraz.

        —Gaztelaniaz ere badaki. Baina Idahon jaioa da, eta Nevada ondo ezagutzen duen baten bat ere beharko genuke.

        —Jo dezagun iltzea buruan! Zein da euskal komunitateak Nevadan duen izenik gorena?

        —...

        —Best seller hura idatzi zuena. Sweet Promised Land. Robert Laxalt. Pete Echeverriari eta Robert Laxalti agindu beharko genieke. Jaialdia antola dezaten.

        —Ezin esango du inork jende kamutsa denik —ameto emanez, Dickek.

 

 

4

 

        Lehen Western Basque jaialdia antolatzeko eskatu zieten Gravestarrek Peter Echeverria eta Robert Laxalti. Euskaldun ilustre ziren biak ere.

        Peter Echeverria Nevadako senatari zen. Sona handiko abokatua Renon, Idahoko Shoshone txikian jaioa arren. Karrera politikoa abiarazia zuen gazteari arrakastaren usaina aditu zioten Dickek eta Florak.

        Robert Laxalt ere ur gaineko bitsetan zen. Nevadako idazlerik ezaguna izateko bidean zen ordurako. Bi urte ere ez ziren Sweet Promised Land nobela 1957an argitaratu zuenetik. Liburuak, ordea, erabateko arrakasta izan zuen. Best seller-a, alegia. Literatur kritikariek, euskaldunek, gutxiengo etnikoetako irakurleek... denek ere gogotik onetsi zioten Laxalti bere aita Dominiqueren historia idatzi izana: «Aita artzaina zen eta mendia zuen bere etxea». Ez zen fikzioaren mendrenik ere hitz lau horietan. Laxaltek beti esango zuen horixe idatzi eta «eureka!» hots egin zuela. Hasi eta bukatu zuela nobela. Liginaga-Astueko Galantenia etxeko Dominiqueren historia. Bizia Kalifornia eta Nevadako mendi eta arrantxoetan artzain eman ondoren Zuberoara itzuli eta erroak Amerikan galdu dituela jabetzen den emigrantearen historia.

 

        «Badira ibilera bat eta aurpegikera bat, zabaldiak hesi gabe eta Mendebaleko kaleak lurrezkoak zireneko Amerikaren garai haietan bizi ziren gizonei zegozkienak; Renoko rodeo handietara etorri ohi diren antigoalekoengan, nahiz eta urtean-urtean urrituz doazen: oraindik ere zelai batean baleude bezain tente ibiltzen dira, luzaroan bakarrik egoteak ematen dien duintasun eta bakardade isila aurpegian dutela; antzinako indiar buruzagien aurpegien antzeko samarrak izaten dituzte.

        Hauek ziren larru eta brontzezko gizonak, baroiak bezain aberatsak izanak behinola eta porrot egin eta soldatapeko lanetan jardunak hurrena, zaldi handi eta indartsuen gainean ibiliak eta basamortu bakartian topo egin eta hitz bakanka mintzatzen arituak, artemisi suaren eta kafeontzi belztuaren gainean pikotxean jarrita, eta nahiz eta bizitzarengatik borrokan ibiliak izan, ikasi zuten hori onartzen, aurrena beren buruak neguko bisutsen eta eremuko eguzkiaren aurrean makurtzen ikasia baitzuten. Eta nire aita haietarikoa zen».

 

        Sweet Promised Land-ek lau haizetara zabaldu zuen euskaldunen berri ona Amerikako Estatu Batuetan. Euskaldunen artean ez ezik, anglosaxoniarretan ere bai. Izan ere, hauek ziren editore eta argitaletxearen arduradunak; ez euskaldunak. Nevadan, Kalifornian, Idahon, Wyomingen, Washingtonen... ordu arte black Basque izanak, zuriaren parralera igo zitezkeen, lotsa galtzen hasi, katakonba ezkututik irten eta etnien katakonbetara bere burua azaldu. Batzuk beste batzuk baino harroago, beti ere.

        Eta Echeverria eta Laxalt, nor baino nor buru-argiago, jaialdia antolatzen. Lehenik eta behin, lan egingo zuen batzordearen oinarriak ezarri zituzten. Mendebaldeko lau bazterretako euskaldunei egin zieten leku lantaldean: eta Micheo, Esain, Gascue, Parragirre, Supera... Frantzia aldeko Euskal Herrian zuten jatorria batzuek. Espainia partekoan bestetzuek. Bazen zerbaiten premia, estatuan estatuko euskaldunak Sparkseraino garraiatuko bazituzten. Horixe baitzen Echeverriaren eta Laxalten guraria. Lehen ere ugari ziren batean eta bestean euskaldunak biltzen zituzten herri-afari eta dantzaldiak. Besterik egiteko garaia zen. Besterik egiteko hots egin zieten beraiei. Eta erroetara jo nahi izan zuten:

        —OK! So, seriously, what a hell means to be Basque?